Gipuzkoako adinekoen egoitzetako eta eguneko zentroetako langileak greba egiten ari dira. 100%eko lan kontratuak eskatzen dituzte, besteak beste. Atzo Zumarragako adinekoen egoitzako langileak udaletxean itxialdia egiten saiatu ziren, baina udal gobernuak ez zien utzi. Udal gobernuak idatzi bat bidali dut komunikabideetara. Bertan, debekuaren arrazoiak azaltzen ditu. “Argixaoko langileak ez ziren udal gobernuarekin harremanetan jarri mobilizazioaren asmoa aldez aurretik jakinarazteko. Gobernuaren ustez, ezinbesteko urratsa da hori, benetan erakundeen babesa bilatu nahi bada horrelako ekimenak abian jartzeko orduan. Beste udal batzuekin egin zen, Ordiziakoarekin adibidez. Han badakigu zuzeneko elkarrizketa egon zela eta aldez aurreko urratsak eman zirela. Gobernu taldearen ustez, hemen ez da bilatu beste leku batzuetan lortu nahi izan den babesa. Emakumezko langileen aldarrikapenei buruz dugun jarrera alde batera utzita -guztiz errespetagarriak eta legitimoak direla uste baitugu-, entzierroa egiteko osoko bilkuren aretora sartzea ustekabeko emanaldia izan zen. Egoera horren aurrean, udalak segurtasun eta ordena publikoko irizpideei jarraituz jardun zuen. Ezin da libreki gaua igaro, ezta udaletxean modu iraunkorrean instalatu ere. Hori dela eta, langileei esan zitzaien ezin zirela bertan geratu eta eraikinetik alde egin behar zutela, egin zuten bezala. Azkenik, langileen kolektiboari eta haien ordezkariei udalarekin ohiko bideetatik biltzeko gonbidapena egiten diegu, elkarrizketarako eta konponbideak bilatzeko borondate osoarekin”.
