Kultur Aterkia taldeak espazio publikoa sortzaileen lanez bete nahi du eta, horretarako, herritarrak parte hartzera gonbidatu ditu. Horra hor komunikabideetara igorri duen oharra:
“Kultur Aterkia gara, jada gure berri izango zenuelakoan gaude baina bestela hemen gure inguruko hainbat datu. 2020 urteko iraila amaieran, herriko kultur mugimenduarekin modu batean edo bestean zerikusia izan dugun lagun talde bat elkartu ginen, pandemia bete betean, bizi genuen egoerarekin kezkatuta. Elkarrizketan hasi eta osasun krisiak eragindako murrizketa neurrien eraginez, lehendik ere motelduta zegoen kultur mugimendua oso geldituta zegoela ondorioztatu genuen. Gure ustez, Espazio publikoa harreman sozialerako eta eraikuntza kolektiborako leku gisa ulertu behar da. Guztioi eragiten diguna gertatzen den lekua da. Modu partekatuan eraikitzen dugun eta balioz hornitzen dugun leku bat. Aldaketa sozialak gertatzen diren lekua. Bertan egiten da politika letra larriz. Hor gertatzen da eraldaketa soziala. Ezin da murriztu haren definizioa igarotze-leku edo erakusleiho kontsumista batera. Leku horretan sor daitezke imajinario kolektiboak. Eta arte-hizkuntzak ezin hobeak dira horretarako.
Horregatik guztiagatik, zurekin harremanetan jartzen gara gure hurrengo ekimenaren berri emateko. Bere garaian egin zen modu berean, espazio publikoa sortzaileen lanez bete nahi dugu eta horretarako gonbita luzatu nahi dizugu. Guk emandako euskarri baten gainean, obra bat burutzea eskatzen dizugu. Nahi duzun teknikan eta nahi duzun gaiaren bueltakoa, ulertuta zeintzuk diren Kultur Aterkiaren lan ildoak eta kezkak. Lanak abuztuan zehar jasoko genituzkete (Jasotze data sortzaile bakoitzarekin adostu dezakegu…) Ekimenaren inaugurazio edo irekiera jaialdi bat burutuko dugu eta amaierako edo itxiera bat ere bai. Noski bi hauetara gonbidatuta zaude eta ziur gaude ederki pasako dugula!
Bestalde, sortzailea ez bazara edo sortzailetzat zure burua ez baduzu eta hau irakurtzen ari bazara, badugu ere gonbidapena zuretzako. KulturAterkia ez da magia, herrigintza da eta horretarako eskuak eta laguntzeko gogoak beti dira ongietorriak. Ateak zabalik dituzu!
Besterik gabe, edozein zalantza galdetu lasai. kulturaterkia.kulturaterkia@gmail.com Ondo izan”.
