Xabier Ormazabal alpinista urretxuarra oso gazte hil zen, baina ingurukoen artean bere pasioa zabaltzeko astia izan zuen. Senitarteko eta lagunek lekukoa hartu zuten eta punta-puntako mendi festa antolatzen dute bere omenez. Bederatzigarren aldia asteburu honetan izan da. Eguraldi ona eta ekitaldi sorta aberatsa lagun, ehunka lagun elkartu dira Urretxuko Gernikako Arbola plazan.
Lehen ekitaldia ostiralean izan zen. Harrobi dantza bertikal taldeak Geure(r)a ikuskizuna eskaini zuen Ederrena pilotalekuan. Gainerako ekitaldiak larunbatean izan ziren, Gernikako Arbola plazan. Goizean, haurrek eta hasi berriek eskalatzeko aukera izan zuten. Gainera, jolasak eta ikastaroak izan ziren haurrentzat eta tonbola ireki zuten. Eguerdian esperientziadunek eskalatu zuten eta ondoren herri bazkari egin zuten. 200 lagun baino gehiago elkartu ziren.
Bazkalostean, haurrentzako zine emanaldia izan zen. Ondoren, Juan Vallejok (Historias) bajo cero liburua aurkeztu zuen. Aurkezpenaren ostean, Patxi Arozenak eta Patxi Usobiagak kirol eskaladari buruzko solasaldia egin zuten. Belaunaldien arteko eskalada erronka ere egin zuten.
Iluntzeko ekitaldien aurretik, afari merienda eta opari zozketa egin zituzten. Ondoren, Jon Maiak eta Gorka Hermosak kontzertua egin zuten eta Xabier Ormazabal bekaren irabazlearen izena eta bere egitasmoa ezagutzera eman zituzten. 7.000 euroko beka Ibon Mendiak irabazi du. Patagoniako Cerro Torre eta bere hiru orratzak zeharkatuko ditu eskalatzen. 2.000 euroko beka ere banatu zuten, kordada bateragarriak egitea erraztuko duen aplikazio bat sortzeko. Egitasmoa Manuela Nioto, Kento Reinoso eta Ignacio Villanuevak aurkeztu dute.
Omenaldia
Beken irabazleen berri eman ondoren, Iker Urangaren Izarren zaunka eta Silvia Vidalen Alaska: un pas mes dokumentalak eman zituzten. Bukatzeko, Doctor Deseo taldeko Francisek kontzertua egin zuen, gitarristak eta saxofonistak lagunduta.
Argazkiak: Xapirri

