Igandean Lurra taldearen Dantzari Txiki eguna egingo dute Urretxun. Etorkizuna (Altsasu), Aurtzaka (Beasain), Akelarre (Hendaia), Itsasi (Azpeitia), Kemen (Irun), Andra Mari (Galdakao), Irrintzi eta Lurra taldeek parte hartuko dute. 12:00etan kalejira egingo dute herriko kaleetatik eta 17:30ean dantza ekitaldia Gernikako Arbola plazan.
Ez da Lurraren ekitaldi bakarra. Larunbatean helduen taldea Gasteizera joango da, Santa Lutzi auzoko jaietara. Datorren astean, berriz, San Joan jaiak izango dira. Asteartean San Joan suaren inguruan dantza egingo dute eta asteazkenean Santa Barbaran. Zumarragako jaietan ere dantza egingo dute.
Horretaz gain, Greziara joango dira. Bertako jaialdi garrantzitsu batean parte hartuko dute, Turkia, Armenia, Frantzia, Lituania, Kroazia, Serbia, Peru, Mexiko eta Egiptoko dantza taldeekin batera. Lurra jaialdi horretan parte hartuko duen lehen euskal taldea izango da.
