Urretxuarrek jaiekin ematen diote ongi etorria udari eta jaiekin agurtzen dute: ekainean San Joan ospatzen dute eta irailean Santa Anastasia. Aurreko asteburuan Lurra dantza taldearen Dantzari Txiki eguna eta San Joan 3×3 saskibaloi txapelketak egin zituzten eta San Joan jaietarako prest dira dagoeneko.
Asteartean, San Joan bezperan, ohiko ekitaldiak izango dira. 18:00etan, Iparragirre Balerdi musika tailerreko bandak kalejira egingo du. Jose Mari Lasa plazatik abiatuko dira eta Labeaga, Ipeñarrieta, Kalerrota, Barrenkale eta Iparragirre kaleetan joko dute. Kalejira Gernikako Arbola plazan amaituko da.
19:30ean hirurrena egingo dute Santa Barbaran eta ondoren San Joan arbola ipiniko dute ermitaren aurrean. Kalera itzuliz, 21:00etan Urretxuko Lizarriturri txistulari elkarteak kalejira egingo du. 22:30ean sua piztuko dute. Urteroko moduan, musika, bertsoak, dantza eta txalaparta izango dira. Suaren inguruko ekitaldien ondoren, Andoni Oruesagasti eta Ane Aierbe trikitilariek festarekin jarraituko dute plazan bertan.
Asteazkenean urretxuarrek San Joan eguna ospatuko dute Santa Barbaran. 10:00etan, udal ordezkariak Santa Barbarara abiatuko dira udaletxetik irtenda, aurretik Lizarriturri txistulari taldea eta Lurra taldeko dantzariak dituztela. Santa Barbaran Zuhaitzaren Soinuako txalapartariak zain izango dituzte: 19:45ean deia egingo dute. 11:00etan meza hasiko da. Ohiturari jarraituz, loreak bedeinkatuko dituzte. Udalak herritarrak loreak bedeinkatzera animatu ditu. Gainera, mezan Lurra taldeko kideek dantza egingo dute. Mezaren ondoren aurreskua dantzatuko diete herriko agintariei.
Toka txapelketa
Goizean zehar beste hainbat ekitaldi ere izango dira. Toka txapelketa 11:00etan hasiko da. Goizean 13:15ak arte egingo dute eta arratsaldean 16:30etik 18:00etara. Izen-ematea doan izango da. Lau maila izango dira: 7-11 urtekoak (tiraldiaren distantzia, 5,5 metro), 12-15 urtekoak (7 metro), 16 urtetik gorako emakumeak (9 metro) eta 16 urtetik gorako gizonezkoak (9 metro). Sariak 19:30ean banatuko dira. Saririk lortzen ez dutenen artean bertako produktuekin betetako saskiak zozkatuko dituzte.
12:15ean Lurra taldeko kideek dantza egingo dute eta 12:30ean Irimora igoera hasiko da. Herrikrosa.eus-en eman daiteke izena. Baita han bertan ere. 2012, 2013 eta 2014an jaiotekoek kros txikia egingo dute Irimoko magalean. Gainontzekoak Irimora igoko dira eta ondoren Santa Barbarara itzuli. Hiru maila izango dira: 2008, 2010 eta 2011n jaioak; 1987tik 2008ra bitartean jaioak eta 40 urtetik gorakoak. Lasterketako sariak 13:00etan banatuko dira. Ondoren, herri kirol saioa izango da: herriko aizkolarien ligako bigarren jardunaldia eta auzotarren erakustaldia. Herri kirol saioen tartetan bertso eskolako bertsolariak arituko dira.
Herri bazkariaren ostean ere hamaika ekitaldi izango da. 17:30ean erromeria hasiko da, Gauargi taldearekin. 19:30ean, toka txapelketako sariak banatu ondoren, irrintzi lehiaketaren 20. edizioa hasiko da. Han bertan eman behar da izena. Bi maila izango dira: 2011tik 2018ra jaioak eta 2020ean edo lehenago jaioak. Sari banaketaren ostean, 20:30ean, Santa Barbaran bildutakoak baselizaren ondoan elkartuko dira herrira jaisteko. Jaitsiera Lizarriturri txistulari elkarteak, Iratzarri dultzainero taldeak eta Aierbe Ahizpak, Uxue Kerejeta eta Andoni Oruesagasti trikitilariek girotuko dute.
