EAJk eta EH Bilduk jarri dute euskara eskakizunen aurkako oldarraldiari murrua jartzeko oinarria, baina ikusteko dago behar bezain sendoa den. Aztiriak bidea bera defendatu du, itunera iritsi izana, eta aurrera begira eman dezakeena.
Josu Aztiria Urtaran, EH Bilduren legebiltzarkidea. Argazkia: Maialen Andres / FOKU Ez da nahi luketen akordioa, baina itunik ez egitea ez zen «aukera bat». Euskal Enplegu Publikoaren Legea hizkuntza eskakizunen arloan erreformatzeko EAJren lege proposamena onesteko bidea eman du EH Bilduk, abstenituta, jeltzaleekin akordio bat eginda. Sukalde lanean aritu da Josu Aztiria EH Bilduko legebiltzarkidea (Zumarraga, Gipuzkoa, 1978).
Euskararen normalizaziorako baliagarria izango al da EAJren proposamena oinarri hartuta egingo den lege aldaketa?
Martxan jarriko dugun prozesua izango da baliagarria. Guk hasieratik esan dugu, ez dugu ezkutatu: ez dugu uste lege aldaketa honek segurtasun juridikoa emango duenik, eta aditu nagusiek ere hori esan dute prozesu legegilean. Baina nahikoa umiltasun eta ardura badaukagu pentsatzeko: «Agian, emaitzak ekarriko ditu». Orduan, itxaron egingo dugu, ea ebaluazioak zer dakarren. Ebaluaziorako jarraipen batzorde bat jarriko da martxan; kooperaziorako gune hori da ekarpenik handiena egingo diona, zeren jarraipen batzorde horrek aukera emango digu zer epai dauden aztertzeko; ikertzeko ea arlo juridikoan zer aldaketa egin ditzakegun elkarrekin; bide orri juridiko posibleak aztertzeko eta aurrera eramateko… Nahiz eta edukietan ados ez egon, ados jarri gara bide batean; mezu hori oso potentea da, goi mailako politikagintza da; politika horrela egiten denean, euskarak irabazten du, eta herri honek ere bai.
Hitzarmena balekoa delako onartu duzue, edo beste aukerak okerragoak zirelako?
Akordiorik eza ez zen aukera bat: bi lege proposamen egonda, gehiengo abertzale eta euskaltzale bat egonda, lege bakar bat ere ez ateratzea ez zen aukera bat. Gure lege proposamena bertan behera geratu zen batzordean, aldeko 27 boto eta kontrako 48 jaso genituelako; geratzen zen aukera bakarra akordio bat egitea zen, epe ertaineko begirada batekin. Akordio horri esker, azkenean, gure lege proposamena erreskatatu dugu: erabakitzen bada orain egingo den lege erreforma ez dela eraginkorra, beste lege proposamen bat jarriko da martxan.
Proposamen hori Kataluniako eta Galiziako ereduan oinarrituko litzateke. Ez da EH Bilduren proposamena aipatzen.
EH Bilduk lege proposamen bat aurkeztu zuen, eta bere proposamenaren estrategia juridikoaren eredua Kataluniakoa eta Galiziakoa zen; hau da, enplegu publikorako sarbidean bi hizkuntzak eskatzea. Dena den, gure lege proposamenak bazituen beste aldagai batzuk, ez zen Galiziako eta Kataluniako eredu bera, zeren han ez daude geroratze edo progresibotasun indizeak. Guk beste ezaugarri batzuk eta beste arkitektura juridiko bat dauzkagu, baina estrategiak izan behar luke sarbidean bi hizkuntzak berdintasunean eskatzea. Segurtasun handiagoa emango liguke: epaile bati asko kostatuko litzaioke gurearen kontra egitea, zeren Kataluniakoaren eta Galiziakoaren kontra jotzea izango litzateke.
Elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean.
