Urretxu Erasmus+ gazte elkartrukea egiten ari da Alemaniako Wiesbaden hiriarekin eta egunotan bigarren zatia egiten ari dira: duela hilabete batzuk Urretxuko gazteak Alemaniara joan ziren eta astelehenean alemaniarrak Urretxura etorri ziren. Egonaldia uztailaren 13ra arte luzatuko da. Guztira, Urretxuko 13 nerabe eta 3 hezitzaile, eta Wiesbadeneko 11 partaide eta 3 hezitzaile ari dira parte hartzen egitasmoan.
Elkartruke hau apirilean hasi zen, Urretxuko gazteak Wiesbadenen izan zirenean. Orain, Wiesbadeneko taldearen txanda da. Egun hauetan herria, bertako kultura, hizkuntza, ohiturak eta herritarrak gertutik ezagutzeko aukera izango dute.
Gaur goizean, parte hartzaileei harrera instituzionala egin diete Urretxuko udaletxean. Bertan izan dira Jon Luqui alkatea eta Igor Zubillaga, Julen Azpeitia eta Rikardo Babarro zinegotziak. Alkateak Erasmus+ bezalako egitasmoek bidaiatzea baino gehiago eskaintzen dutela azpimarratu du. «Elkar ezagutzeko, beste errealitate batzuk ulertzeko, aurreiritziak hausteko eta adiskidetasun berriak eraikitzeko aukera dira».
Aurtengo edizioan ere elkartrukearen ardatz nagusia sormena izango da. Urretxuko Udalak azpimarratu du sormena ez dela soilik artearekin lotutako kontzeptua. Horretaz gain, sormena galderak egiteko, irudikatzeko, besteek ikusten ez dutena ikusten saiatzeko eta ideietatik ekintzetara igarotzeko gaitasuna ere bada. Ildo horretan, egonaldiak parte hartzaileen arteko harremanak sendotzea eta elkarrekin sortzea izango du helburu.
Antolatzaileek zazpi eguneko egitarau zabala osatu dute. Egonaldian zehar, gazteek Urretxu eta inguruko herriak ezagutzeko aukera izango dute. Baita hainbat ikastaro, bisita eta jardueratan parte hartzekoa ere.
Ekintzak
Gaur goizean, udaletxeko harreraren ondoren, herria ezagutzeko ginkana egin dute. Ondoren Pagoeta igerilekura joan dira. Arratsaldean, batukada ikastaroa egingo Pagoetan eta gauean Kidam magoaren ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute Labeaga aretoan.
Bihar (asteazkena) goizean zirku tailerra egingo dute Pagoetan. Arratsaldean, berriz, Lazkaoko Iztueta baserria bisitatuko dute. Ostegun goizean, berriz, Ezkioko Igartubeiti baserria eta interpretazio zentroa ezagutuko dituzte. Arratsaldean Debara joango dira. Bertako hondartzan surfean aritzeko aukera izango dute.
Ostiralean Donostiara joango dira. Bertan, Tabakalera bisitatuko dute eta bertako jardueretan parte hartuko dute. Ondoren, denbora librea izango dute hiria ezagutzeko. Larunbatean gastronomia lehiaketa egingo dute Gazte Bidean lokalean eta egunaren amaieran agur afaria eta festa izango dituzte.
Azken ekitaldiak igandean izango dira. Goizean Santa Barbarara joango dira eta bertako jarduerak egingo dituzte. Arratsaldean, berriz, igerilekuaz gozatuko dute. Egonaldia astelehenean amaituko da. Gosaldu ondoren, itzulerako autobusa hartuko dute.
Urretxuko Udalak eskerrak eman nahi dizkie elkartruke hau posible egin duten guztiei: antolatzaileei, hezitzaileei, boluntarioei eta proiektuan lanean aritu diren pertsona guztiei. Udalaren hitzetan, horrelako egitasmoek Europa «hurbilagoa eta biziagoa» bihurtzen dute eta gazteei beste herrialdeetako errealitateak ezagutzeko, harreman berriak sortzeko eta etorkizuneko loturak eraikitzeko aukera eskaintzen diete.
Wiesbaden
Elkartruke hau bereziki aberatsa da, Wiesbaden Urretxu baino askoz ere handiagoa baita eta, beraz, oso ezberdina. Alemaniako hiriak ia 300.000 biztanle ditu eta bere bainu termalengatik da ezaguna batez ere. Erromatarren garaian ezagunak ziren dagoeneko. Egun, industria kimiko eta farmazeutikoak indar handia du. Bestalde, Estatu Batuetako armadak bertan du Europako egoitza nagusia. John McEnroe tenislari ospetsua bertan jaio zen. Nico Rosberg pilotu ezaguna ere bertan jaio zen. Wiesbaden Donostiarekin senidetuta dago.
