Asteburu honetan geltokietako jaiak ospatuko dituzte Urretxun eta Zumarragan. Bihar, etzi eta igandean makina bat ekitaldi izango dira, festak antolatzen dituzten gazteen eskutik. Herritarrek estimu handian dituzte geltokietako jaiak, tradizio luzea baitute. Gainera, bi geltokietako auzoa bi herriek partekatzen duten auzo bakarra da.
Jaiak bihar arratsaldean hasiko dira, ur pistola gudarekin. Pagoetako bidegurutzean egingo dute, 17:30ean. Ordu berean txokolatada egingo dute, Akelarre elkartearen parean.
Ondoren, 18:00etan, dultzaineroak, buruhandiak eta erraldoiak aterako dira. 18:30ean, berriz, partxis txapelketa jokatuko dute Txindokiko plazan. 19:00etan karropoteoa egingo dute auzoko kaleetan. Ondoren, herri afaria egingo dute Pagoeta gune soziokulturalean. Ekitaldian Manex Astigarraga eta Asier K bakarrizketariek parte hartuko dute.
Oilar Beltzak
Afariaren ostean, 23:00etan, Iñaki Larrañaga urretxuarraren Oilar Beltzak musika taldeak joko du Txindokiko plazan. Oilar Beltzak taldeak rantxerak jotzen ditu, euskaraz. Agiñako Oleta elkartearen urteurrenean eta Santa Lutzi egunean emanaldi gogoangarriak egin zituzten eta oraingoan ere hala izango da.
Oilar Beltzak taldearen kontzertuaren ondoren, 01:00etatik aurrera, Joselontxos txarangak auzoko kaleetan joko du. Ostiraleko ekitaldiekin bukatzeko, 03:30etik aurrera DJ Zazarekin dantza egingo dute Txindokiko plazan.
Larunbaterako ere makina bat ekitaldi antolatu dute. 12:00etan herri kirol saioa egingo dute Domingo Mendiaraz plazan. 14:30ean, toki berean, paella dastaketa izango da. Urteroko moduan, jende asko elkartuko da.
Bazkalostean, 16:00etan, mus txapelketa jokatuko dute Urretxu-Zumarraga ikastolan. Han bertan eman behar da izena, 15:00etatik aurrera. Ordu berean bingoan jokatuko dute Domingo Mendiaraz plazan. 19:00etatik aurrera Lasko txarangak joko du.
22:45etik aurrera kontzertuak izango dira Txindokiko plazan. Encanto del Loco taldeak eta Emaion erromeria taldeak joko dute. Encanto del Loco taldeak El Canto del Loco taldearen kantak jotzen ditu. Kontzertuen ondoren, DJ Murirekin dantza egingo dute.
Iganderako ere hainbat ekitaldi antolatu dituzte. 10:30ean txistulariek auzoko kaleetan joko dute. 12:00etan toka txapelketa jokatuko dute Domingo Mendiaraz plazan. 13:00etan patata tortilla lehiaketa egingo dute Txindokiko plazan. Sariak 14:00etan banatuko dituzte, toki berean.
Barrika lasterketa
Arratsalderako bi ekitaldi antolatu dituzte. 17:30ean barrika lasterketa egingo dute, bikoteka. Parte hartu nahi dutenek egunean bertan eman beharko dute izena: 17:00etan, Berrikin. Festak Ordiziako Laguntasuna errondailaren emanaldiarekin amaituko dira. Emanaldia 19:00etan hasiko da.
Barrika lasterketa iaz antolatu zuten lehenengoz, duela urte batzuk antolatzeari utzi zitzaion asto lasterketaren ordez. Asto lasterketak arrakasta itzela izaten zuen, baina barrika lasterketa ordezko duina da. Izan ere, herritarrek harrera bikaina egin zioten. Iazko jaietako igande arratsaldean euria egin zuen arren, jende asko hurbildu zen lasterketa ikustera. Parte hartzaileak ere asko izan ziren, sari bikainak hauspotuta. Aurten ere irabazleek 500 euroko saria jasoko dute. Sorpresak ere izango dira.
