Ander Kerejeta beasaindarrak irabazi du Urretxuko Santa Anastasia jaietako egitarauko azala aukeratzeko lehiaketa, Xirimiri lanarekin. Kerejeta Edurne Gabilondo urretxuarraren biloba da. Amonak kartela egiten lagundu dio. Bertako elementu nagusia Iparragirreren gitarra da. Okertuta ageri da, Urretxuko aldapa irudikatzeko. Eta gitarraren gainean jaiekin eta herriarekin lotutako hainbat elementu ageri dira: Iparragirreren eta Anjelaren erraldoiak, Irimoko gurutzea, karroza bat, dantzariak, soinu txikia, dultzaina…
Kerejeta Diseinua ikasten ari da eta aurten hasi da lehiaketetan parte hartzen. Ordiziako jaietako egitarauko azala aukeratzeko lehiaketa ere berak irabazi du. Bere beste amona Ordiziakoa da. Orain aitonen herrietako jaietako egitarauetako azalak egitea tokatzen zaio… Bata Beasaingoa du eta bestea Arabako Errioxako Iekora herrikoa.

