Bihar (ostirala), 19:30ean, Javi Alonsok Zarraparraz kolektiboak antolatutako kontzertuetan ateratako argazkien erakusketa irekiko du Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. Ekitaldian Diana Jones herriko rock, blues eta soul musika taldeak joko du. Argazkiak hilaren 30a arte egongo dira ikusgai.
Alonsok urte asko daramatza argazkiak ateratzen. Musikazalea ere bada eta kontzertuak antolatzen zituen Zarraparraz kolektiboa sortu zenean, kontzertuetako argazkiak ateratzeari ekin zion. «2015ean hasi nintzen kontzertuetako argazkiak ateratzen, Zarraparraz sortu zenean. Beti musikazalea izan naiz, baina kontzertuetan ez nuen argazkirik ateratzen. Ez dakit zergatik. Beharbada, Zarraparrazen kontzertuetan izan dudan erraztasunik ez nuelako. Kontzertuetako argazkiak ateratzen hasi aurretik, kaleko argazkiak ateratzen nituen batez ere. Antzekotasuna dute, egia esan. Oso lan dinamikoak dira, jokoa ematen dute…».
Dena den, hasieran ez zitzaion erraza suertatu kontzertuetan argazkiak ateratzea. «Pixkanaka, nola lan egin asmatu nuen. Kontzertu batera joan aurretik, taldearen abestiak entzuten ditut, baina ez dut bideorik ikusten», aipatu du argazkilari zumarragarrak.
Bigarren erakusketa
Kontzertuetan ateratako argazkien lehen erakusketa 2018an egin zuen. Zarraparrazek bere jarduna eten du eta bigarren erakusketa antolatzea erabaki du. «Lehen urteetan kontzertu asko antolatu ziren. Hori dela eta, argazki asko atera nituen eta 2018an erakusketa egin nuen. Bigarren erakusketa honetan azken urteetan ateratako argazkiak erakutsiko ditut. Ez daude kontzertu guztietako argazkiak, baina egindako lana ondo islatzen du. 2018ko erakusketatik aurtengora eboluzioa dago».
Bihar irekiko duten erakusketan 40 argazki ikusi ahal izango dira. Willis Drummond taldea da bi argazki dituen bakarra. «Gehien gustatu zitzaidan kontzertua Willis Drummond taldearena izan zen. Tuk Smith ere asko gustatu zitzaidan. Nire argazki kuttunak bi talde horienak dira. Dena den, kamerarekin bazoaz, ez duzu kontzertuez behar bezainbeste gozatzen. Hori dela eta, argazkiak atera ondoren, Willis Drummond eta Tuk Smith taldeen kontzertuetara joan nintzen bigarren aldian ez nuen kamerarik eraman».
