Zumarragako gizarteratze eta laneratze sareko eragileek azoka egin zuten atzo plazan, eskaintzen dituzten zerbitzuak eta baliabideak ezagutzera emateko. Jardunaldian, gizarteratzeko eta laneratzeko laguntza behar duten pertsonei nola lagundu erakusten duen ikus-entzunezko bat ere aurkeztu zuten.
Atzoko topaketa bi galdera erantzuteko antolatu zen: zer baliabide daude Zumarragan lana aurkitzeko, prestakuntza jasotzeko, lan orientazioa lortzeko edo egunerokoa zailtzen duten egoera pertsonalei edota familiakoei aurre egiteko? eta nora jo dezakegu laguntza behar dugunean?
Eragile bakoitzak informazio postu bat izan zuen, bere jarduera azaltzeko, bertaratu ziren pertsonen galderei erantzuteko eta eskuragarri dauden baliabideen berri emateko. Azoka herritar guztiei zuzenduta egon zen, bai zerbitzu horietakoren bat behar izan dezaketenei, bai herrian egiten den lana hobeto ezagutu nahi zutenei.
Gizarteratze Mahaia
Atzoko ekitaldia Zumarragako Gizarteratze Mahaiak antolatu zuen. Gizarteratzen Mahaia 2022an sortu zen, eta hainbat zerbitzu publiko, gizarte erakunde eta prestakuntza zein enplegu arloko eragile biltzen ditu helburu komun batekin: gizarteratzeko eta laneratzeko laguntza behar duten pertsonei laguntzea.
Sareak oinarrizko ideia bat du abiapuntu: pertsonen beharrei ezin zaie beti arlo bakar batetik erantzun. Gizarte ongizatea, enplegua, prestakuntza eta osasuna estuki lotuta daude. Horregatik, erakunde desberdinetako profesionalen arteko lankidetzak aukera ematen du erantzun integralagoak eta egoera bakoitzera egokitutakoak eskaintzeko.
Sarea osatzen duten zerbitzuak eta eragileak honako hauek dira: Zumarragako Udaleko Ekonomia Sustapeneko arloa, Zumarragako Udaleko Gizarte Zerbitzuak, Zumarragako Lanbide, Uggasa garapen agentzia, Osakidetza (Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sarea, Zumarragako Osasun Mentaleko Zentroa eta Goierri-Urola Garaiko ESI), UGLE, Zumarraga-Urretxu-Legazpiko Helduen Hezkuntza Iraunkorra, Siderurgia Integraleko Langileen Fundazioa (prestakuntza, orientazio eta laguntza soziolaboraleko programak garatzen ditu) eta Zu Mas Zaindu gizarteratze eta laneratze enpresa.
Eragile bakoitzak eskaintzen dituen zerbitzuez harago, Gizarteratze Mahaiaren balio nagusietako bat elkarlana da. «Koordinazioari esker, ezagutzak partekatu, beharrak identifikatu eta baliabideak lotu daitezke, banaka jardunez gero beti posible ez liratekeen erantzun integralak eskainiz. Horrela, adibidez, gizarte zerbitzuen laguntza behar duen pertsona batek prestakuntza jasotzeko, bere enplegagarritasuna hobetzeko eta lan aukerak eskuratzeko baliabideak ere aurki ditzake», azaldu dute Gizarteratze Mahaiko kideek.
Ikus-entzunezkoa
Atzoko azokaren helburua elkarlan hori kalera ateratzea, ikusgarri egitea eta herritarrei modu erraz, zuzen eta hurbilean ezagutzera ematea izan zen. Hori da atzo aurkeztu zuten ikus-entzunezkoaren helburua ere. «Askotan, gure inguruko pertsonek bizi dutenaren zati txiki bat baino ez dugu ezagutzen. Itxuraz egunerokoak diren egoeren atzean, pertsona bat zaurgarritasun egoeran egotea eragin dezaketen hainbat inguruabar edota zailtasun egon daitezke. Ikus-entzunezko proposamen horren bidez, errealitate horiek ulertzearen, aurreiritziak gainditzearen eta Zumarragako Gizarteratze eta Laneratze Sarean lan egiten duten sistemen laguntzaren balioa aitortzearen garrantziaz hausnartzera gonbidatu da».

