Igande arratsaldeko saioan Igor Legarreta zuzendariak eta Andoni de Carlos gidoilariak parte hartuko dute
Bihar (larunbata), etzi eta astelehenean (ikuslearen eguna) Inurri itsuak euskal pelikula emango dute Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Egunero bi emanaldi izango dira, 19:30ean eta 22:00etan. Igandeko 19:30eko saioan Igor Legarreta zuzendariak eta Andoni de Carlos gidoilariak parte hartuko dute.
Inurri itsuak Ramiro Pinilla idazle bizkaitarraren Las ciegas hormigas eleberrian oinarrituta dago. Istorioa 1935ean gertatzen da. Ekaitz gogor baten ondorioz, barnean tonaka ikatz dituen itsasontzi ingeles bat hondartu egin da. Gauean, Algortako herritarrak kostaldean bildu dira urre beltza erreskatatzeko. Sabas Jauregik zorte kolpetzat jotzen du jazoera; Josefak (Sabasen emazteak), berriz, seinale txartzat. Josefaren erreguei jaramonik egin gabe, Sabasek ekaitzera eramango ditu semeak. Familiak pentsaezina egingo du negu gorritik salbatuko dituen ikatza babesteko… edo betiko kondenatzeko. Aktore nagusiak Urko Olazabal, Itziar Ituño, Josean Bengoetxea eta Miren Gaztañaga dira.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide