- Zuzendariak: Jean-Pierre eta Luc Dardenne.
- Gidoilariak: Jean-Pierre eta Luc Dardenne.
- Antzezleak: Marion Cotillard, Fabrizio Rongione, Pili Groyne, Simon Caudry, Catherine Salée.
- Herrialdea: Belgika.
- Iraupena: 95 min.
- Urtea: 2014
Lankide baten bitartez jasotzen duen albiste latz batek Sandra bere siestatik esnaraziko du: lanetik kaleratu dute. Lankideek gainsari bat jaso edo ez aukeratu behar izan dute, gainsaria aukeratu ezkero lankide bat kaleratuko zutela jakinda eta Sandra izan da hartutako erabakiagatik kaltetua. Hamasei lankidetatik bik bakarrik egin dute Sandraren aldeko hautua. Planteamendu laboral makiaveliko honetaz baliatuz, edozein enpresa izan litekeen bat eta gaur egungo merkatu libre, lehiakor eta globalizatuan bizirauteko hartzen dituen erabakiak, zuzendariek David eta Goliathen arteko borroka bikoitza irudikatzen dute, Sandra eta bere lantegiaren artekoa bata, Sandra eta bere buruaren artekoa bestea.
Sandra Manurekin ezkondua dago eta bi seme alaba dituzte; batera, ekinaren ekinez, apartamentu sozialetatik hiri kanpoaldeko etxebizitza batera aldatzea lortu dute. Kolpe ekonomiko hau Sandra bere depresiotik irteten hasten ari denean heltzen da. Hilabeteetan zehar bizkarrean eraman duen depresio hori, fantasma ikusezin hori, ezabatzen zaila den zauri bat da, edozein momentutan berragertu daitekeena eta ahulezia txikiena baliatzen duena berriro irekitzeko. Filmaren tituluak erakusten duen asteburu hori izango du Sandrak alde batetik bere lankideek gainsariari uko egin diezaioten konbentzitzeko berak lanpostuari eutsi ahal diezaion, baina baita bere depresioaren aurka tinko eusteko.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide