

Zuzendaria: Jim Jarmusch.
Gidoilaria: Jim Jarmusch.
Antzezleak: Tilda Swinton, Tom Hiddleston, Mia Wasikowska, John Hurt, Anton Yelchin, Jeffrey Wright.
Musika: Jozef Van Wissem.
Herrialdea: Erresuma Batua.
Urtea: 2013
Iraupena: 100 min.
Banpirismoa hainbat filmen gai nagusia izan den arren, oso gutxik lortu dute beldurrezko zinemaren ohiko arauak apurtzea. Adibide adierazgarrienak El Ansia (Tony Scott, 1983), The Addiction (Abel Ferrara, 1995) edo Trouble Every Day (Claire Denis, 2001) lirateke. Egun, Jarmusch-en Solo los amantes sobreviven gehitu beharko diogu zerrenda horri. Dagoeneko bere 12. filma den honetan, Jarmusch-ek bere denbora eta narratiba kontzepzio berezia edozein kontakizun motara moldatzeko gai dela erakusten du. Kasu honetan banpiroen arteko eta kutsu gotikoko maitasun istorio bat bada ere, Jarmusch-en hausnarketa filosofiko orokorrak dira nagusitzen direnak. Tom Hiddleston eta Tilda Swinton-en interpretazio bikainetan eta larru beltzeko estetika liluragarri batean oinarrituta, Jarmusch-ek gizakiek artearekiko dugun harremana, eta fetitxismoaren bitartez hilkortasunarekin eratzen den erlazioa erakusten ditu. Jarmusch-en banpiroak mende asko daramatzate gure artean. Ezkutuan, arte eta literaturan eman diren hainbat obra handien eragile eta askoetan sortzaile moduan. Baina beste pertsona batzuk dira obra horiei izena ematen dietenak. Hilezkortasunaren prezioa da. Etengabe errepikatzera zigortuta daudela dirudi, baina… Los Limites del Control-en erakutsi zuen bezela, Jarmusch geroz eta film handiago eta ospetsuagoak egiteari uko egin dio eta bere bururako, bere gozamen eta dibertsiorako soilik egiten ditu filmak orain. Beraz, baliteke Solo los amantes sobreviven bere pelikula egiazkoena eta azken batean onena izatea.