PL jaunak dio (Sozialistei asko gustatzen zaie liderrak inizialez izendatzea) akordio politiko handia lortu nahi duela baskoen artean. Honekin, Lopezek, eztabaida politikoa, niri gehien gustatzen zaidan moduan egin nahi du: sinplekeriaz. Ez ez, sinpletasunez ez, sinplekeriaz. Euskaldun berriek lehenengo urratsetan ikasten dute bi atzizki horien esan nahia.
Akordioak gutxienez bi parte (gehiago ere badaude) jarri behar ditu ados. Kasu honetan, zerbait adostu beharko lukete basko-espainol sentitzen direnek basko-basko sentitzen direnekin, ezta? Oso ondo dago hori, PL. Kontua da, aldez aurretik, eztabaidaren ondorioz lortuko litzatekeen balizko akordioa edo “kontratu sozial berria” praktikara eramateko bermea izan behar dutela bi aldetakoek, bestela, iruzurra (fraude, hasierako mailakoentzat) litzateke eta. Zeren eta, ez du pentsatuko Patxi Lopezek basko-baskoen eta basko-espainolen artean eztabaida piztu ondoren, akordio-ahaleginak ezertarako ez duela balio izan esatea. Edota, ez du pentsatuko basko-espainol sentitzen direnek basko-basko sentitzen direnekin adostutakoa espainol-espainolek zepillotik pasa (nahi moduan orraztu) eta haiek soilik izango dutela azken hitza.
Argi dago, Patxi; hiru puntu behintzat errespetatu beharko dira eztabaida honek modu zibilizatuan akordioa ekarri nahi badu: bat, herritar guztion, edo sentsibilitate guztien ordezkariek, parte hartzea; bi, herri honetan adostutakoa ez duela kanpoko inork baldintzatuko, subiranotasuna, alegia; hiru, gure artean adostutakoa ere alde guztiek errespetatuko dutela. Bien bitartean, herri hau sortzen segi dezagun euskaratik eta euskaraz.
Beñi Agirre
Euskara irakaslea