Otamotz

Goierriko Hitza Goiberri

Albisteak

Euskaraldia aurkezteko ekitaldia egingo dute bihar

Euskaraldia aurkezteko ekitaldia egingo dute bihar
ekaina 12
09:36 2018

Hainbat gizarte eragile eta erakundek Euskaraldia izeneko ariketa sozio-linguistiko erraldoia antolatu dute. Euskara ulertzen duten 16 urtetik gorako herritar guztiek parte hartu ahal izango dute. Urretxun eta Zumarragan ere lanean ari dira dagoeneko eta bihar, 18:30etik 19:30era, herri mailako aurkezpena egingo dute. Eguraldi ona egiten badu Areizaga-Kalebarren plazan egingo dute eta txarra egiten badu Gernikako Arbola plazako karpan.

Manex Mantxola da Urretxuko eta Zumarragako koordinatzailea. «Helburua hamaika egunez Euskal Herri osoan euskara ahalik eta gehien erabiltzea da. Hau da, dakitenek euskaraz hitz egitea eta ulertzen dutenak beraiei euskaraz egiteko prest egotea. Bi figura egongo dira: Ahobizi eta Belarriprest. Bakoitzak txapa bat eramango du. Lehenengoek euskara ulertzen duten guztiei euskaraz egiteko konpromisoa hartuko dute. Bigarrenek beraiei euskaraz egiteko eskatuko dute, nahiz eta gero beraiek gazteleraz erantzun».

Hizkuntz ohituretan eragitea da helburua. «Orain arte, lau pertsonako talde batean batek gaztelerara jotzen badu, gaztelera nagusitzen da. Izan ere, hiztunok simetriara jotzen dugu. Elkarrizketa bat bi hizkuntzatan egitea gogorra da, estres linguistikoa sortzen da. Hori dela eta, normalean bi aldeetako batek amore ematen du. Gure herrian erderaz hitz egiten bukatzen da. Laugarren horrek Belarriprest txapa eramango balu, euskaraz hitz egingo lukete».

Parte hartzea

Erronka handia da. «Erakundeen eta herri eragileen babesa biltzen eta egitasmoa ezagutzera ematen ari gara. Hilero herri batzarrak egiten ditugu: 18:30etik 20:00etara Zelai Arizti kultur etxean. Bileretan 50 bat lagun elkartzen gara. Talde eragile bat ere eratu dugu. Hamar bat lagunek osatzen dute eta maiztasun handiagoz biltzen da».

Bihar aurkezpen nagusia egingo dute. «Ekitaldi dinamikoa izango da eta jendetsua izatea nahi dugu. Jendeak talde txikitan parte hartuko du eta ondoren herriko hamaikakoa aurkeztuko dugu. Alor ezberdinetan erreferenteak diren bizilagunek osatzen dute. Bukatzeko, taldeko argazki bat aterako dugu», azaldu du Mantxolak.

Izen-ematea irailaren 20an hasiko da. Mantxolak herritarrak biharko aurkezpenera joatera eta izena ematera gonbidatu ditu. «Proiektu polita da. Jendeak inguru egoki batean euskaraz egitea errazagoa dela ikusiko du. Euskaraldia urtero antolatu behar da eta helburua 20 urte barru Euskal Herria Belarriprest eremua izatea da».

Egileari buruz

Otamotz

Otamotz

Harremana duten artikuluak

0 iruzkin

Oraindik erantzunik gabe!

Momentuz ez dago erantzunik, zurea gehitu nahi al duzu?

Idatzi iruzkin bat

Idatzi iruzkin bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.
Derrigorrezko eremuak markatuta daude *

2 + 6 =


Iruzkin berriak

Urretxu: Interesgarria bai, baina kultura eta hizkuntza aniztasun hori non biltzen da? Aniztasuna biltzen duena gaztelania [...]

Sebas Iturriotz: Talde polita eta irekia [...]

Makenri: Kaixo Michael, Berriz Goierri zoriontzeko baliatu beharko dut mezua, nire lehen hitzak horretarako izan diren [...]

Michael Jordan: Kaixo, Makenri: Igone Campos espainiako txapeldunordea izan da. Maiza, Oroz eta besteek espainiako ligan jokatzen dute. [...]