Otamotz

Goierriko Hitza Goiberri

Albisteak

Goierriko kalerik estueneko harribitxia

Goierriko kalerik estueneko harribitxia
abendua 13
09:59 2019

Goierriko kale estuena Urretxun dago. Hain da xumea, non udala ez den bizilagun ospetsu baten izena ematera ausartu. Hala, jatorrizko izena mantentzen du. Dagokiona: Kale Txiki. Kale horretara sartzen dena abisatuta dago. Bere alde estuenean metro eskaseko zabalera du eta ez dago aterkia irekitzerik. Bizilagun batekin gurutzatuz gero, zeharka jarri beharra dago. Kale Txikik altxor bat du, ordea: udazkenean kalea gorriz margotzen duen astigar palmatua (acer palmatum).

Astigar hau Asiatik dator. Japoniatik eta Hego Koreatik hain zuzen ere. Batzuk Txinakoa ere badela diote. Txikia da. Gehienak ez dira 10 metrora iristen. Apaingarri gisa erabiltzen da, udaberri eta udazkenean hostoek gorri kolorea hartzen baitute. Udazkenean ikusgarria da, hostoak distiratsu ageri baitira.

Asiakoa da, baina klima epela duten toki guztietara egokitzen da. Japonian mende asko daramatzaten zuhaitz hau landatzen. Asiatik XIX. mendean atera zen eta ordutik Europako eta Ipar Amerikako lorategi askotan landatu da.

Itzaletan, ondo

Baita Kale Txikin ere. Izan ere, itzaletan ondo moldatzen da. Eta Kale Txikin eguzkiak eguneko oso ordu gutxitan jotzen du. Gainera, lurzoru sakon, drainatu eta aberatsak nahiago dituen arren, baldintza okerragoetan bizirauteko gai ere bada.

Itzala ondo jasaten duenez, lorategi askotan zuhaitz handiagoen ondoan landatzen dute. Halako zuhaitz eder batek protagonismoa merezi du, baina txikiei halako gauzak gertatzen zaizkie… Txikiak handien menpe beti.

Urretxuko astigar palmatuak zortea izan du, ordea: New York-eko Central Park erraldoira eraman zezaketen, baina Goierriko kale estuenera ekarri zuten. Kale Txiki, zuhaitz txiki. Munduan ez da kale aproposagorik izango zuhaitz honentzat.

Hala, astigar palmatu hau primeran moldatu da. Kaleko erregea da, ez baitu itzal egingo dion inor: ez zuhaitz handiagorik, ez estatuarik, ez eraikin garrantzitsurik…

Astigarra zorionekoa da eta kalea ere bai. Izan ere, Kale Txikin argitasun, kolore eta edertasun faltan zegoen zuhaitz hau azaldu zen arte.

Kale Txiki Urretxuko alde zaharreko kale xumeena izan da beti. Inguruko kale eta plaza guztiei urretxuar ospetsuen izenak eman zizkieten eta berari ez. Sarreretako bat Iparragirre plazatik du. Iparragirre Urretxuko seme kuttuna da. Beste sarrera Nekolalde kaletik du. Nekolaldetarrak militar, itsasgizon eta elizgizon ospetsuak izan ziren. Hirugarren sarrera Jauregi Kaletik du (lehen Goiko Kale). Jauregi militar ospetsu bat izan zen. Jauregi Kale Txikiren goialdean dago eta behealdean, berriz, Iparragirre kalea (lehen Kale Nagusia).

Inguruko kaleek eta plazek urretxuar ospetsuenetako batzuen izenak daramatzate eta Kale Txiki gaixoak, ordea, jatorrizko izenarekin jarraitzen du. Gainera, oso jende gutxik erabiltzen du kale hau. Gehienek nahiago dute Iparragirre kalea erabili, zabalagoa baita eta arkupeak baititu.

Kale Txikiren erabiltzaile nagusiak Gazte Bidean lokaleko nerabeak, GOIERRIKO HITZAko bulegora doazenak eta txakur jabeak dira.

Kale Txiki hain da xumea non udaletxean apenas duten informaziorik kaleari buruz. Agiri bakarrak aurreko hamarkadan egindako zaharberritzeari buruzkoak dira. Zorua berritu zuten eta argi gehiago jarri zuten. Inbertsiorik onena astigarra landatzea izan zen, ordea. Kale Txikira ezin hobeto moldatu den zuhaitz txikia. Goierriko kale estueneko harribitxia.

Elkarbanatu

Egileari buruz

Otamotz

Otamotz

Harremana duten artikuluak

0 iruzkin

Oraindik erantzunik gabe!

Momentuz ez dago erantzunik, zurea gehitu nahi al duzu?

Idatzi iruzkin bat

Idatzi iruzkin bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.
Derrigorrezko eremuak markatuta daude *

7 + 1 =


Iruzkin berriak

lizarriturri: Benetan, nik ya ez dakit zeintzuk dian Goierriko Hitzan kriteriok. Atzo hamaika ibilgailuk elkar jo [...]

Igor: Ama aipatzen hasita, bigarren abizena agertzea ez legoke gaizki. [...]

joxemari: Euskal Telebistan egiten zaion jarraipena nahikoa ez eta Otamotzen ere Espainiako loteriaren inguruko albistea. Zergatik [...]

Sebas Iturriotz: Bihotzekoa eman dio erdarakada ("Kalko okerra") da, bihotzekoak jo du edo bihotzekoak jota hil da [...]