Otamotz

Goierriko Hitza Goiberri

Albisteak

Josu Zubia: «Urolaren proiektua azaldu zidatenean, baiezkoa eman nien»

Josu Zubia: «Urolaren proiektua azaldu zidatenean, baiezkoa eman nien»
uztaila 24
09:56 2018

Josu Zubia (Aretxabaleta, 1975) Urolaren gizonezkoen lehen taldeko entrenatzaile berria da. Bere helburua taldea Ohorezko Erregional Mailara igo eta egonkortzea da.

Zein ibilbide osatu zenuen futbolari bezala?

Ez nuen asko jokatu futbolean. Jaioterriko Aretxabaleta taldean jokatu nuen, baina gazte mailara arte bakarrik. 17 urte bakarrik nituen entrenatzaile lanean hasi nintzenean. Aurtengoa 27. denboraldia dut entrenatzaile bezala.

Nondik nora ibili zara?

Lehen urteetan Aretxabaleta taldearen harrobiko taldeak entrenatu nituen. Handik, Arrasatera joan nintzen. Zortzi urte eman nituen bertan. Ondoren, Bergara eta Aloña Mendi taldeetan egon nintzen. Tartean, urtebete utzi nuen. Donostiara joan nintzen bizitzera eta inguru hartako talde batzuk ere entrenatu ditut: Trintxerpe eta Mundarro. Aurreko denboraldian Astigarragako gazte taldea entrenatu nuen, baina aurreko hiru urteetan Arrasaten egon nintzen. Mailaz igotzea lortu genuen.

Beti Gipuzkoako taldeak entrenatu dituzu. Hirugarren Mailatik beherakoak.

Hala da, baina Arrasateko eta Aretxabaletako harrobiko taldeak ere entrenatu ditut eta egun Astigarragako futbol eskolaren arduraduna ere banaiz.

 

“Gipuzkoako futbola asko gustatzen zait eta gertutik jarraitzen dut”

“Gehien erakarri nauena Urolak etxeko jendearekin jokatzen duela da”

 

Urolak eskaini dizun erronka ez da gauza berria zuretzat.

Bai. Gipuzkoako futbola asko gustatzen zait eta gertutik jarraitzen dut. Horrenbeste urte eta gero beste taldeak ondo ezagutzen ditut. Gainera, maila hau ondo ezagutzen dut. Arrasatetik azkeneko aldiz deitu zidatenean, helburua berbera zen: Gorengoen Mailatik Ohorezkoen Erregional Mailara igotzea. Gabonetan iritsi nintzen eta taldea sailkapenaren erdialdean zegoen. Denboraldi horretan ez ginen igo, gutxigatik, baina hurrengoan igotzea lortu genuen.

Urola taldea ondo ezagutzen zenuen, beraz.

Hala da. Urolaren aurka jokatu dut eta mailaz igo ginenean Urola gure atzetik gelditu zen.

Zergatik erabaki duzu Urolara etortzea?

Gehien erakarri nauena etxeko jendearekin jokatzen duela da. Ni ere filosofia horren aldekoa naiz. Arrasaten eta Astigarragan beti harrobiko jendearekin jokatu dugu. Nire ustez, hori da herrietako taldeen indargunea: etxeko jendea. Herriko jendeak beti plus bat ematen du, beraien herriko taldea defendatzen ari baitira.

Urolaren deia jasotzea espero al zenuen?

Ez nuen entrenatzeko asmorik, duela bi hilabete aita izan bainaiz. Donostiako bi taldek deitu zidaten, baina beraien eskaintzak ez ziren Urolarenak bezain erakargarriak. Batez ere filosofiagatik. Donostian kanpotar askorekin jokatzen dute. Talde batetik bestera ibiltzen diren jokalari askorekin. Iñaki Aranzadi Urolako zuzendaritzako kidearen deia jaso nuen. Elkarrekin atera genuen entrenatzaile titulua eta ordutik ezagutzen nuen. Deia harriduraz jaso nuen, baina proiektuaren berri eman zidatenean baiezkoa eman nien.

Zer espero dute zugandik?

Nire onena ematen eta jokalarien onena ateratzen saiatuko naiz. Aurten Urola mailaz jaitsi da eta lehenbailehen igo nahi dugu, baina ez da erraza izango. Taldea ahalik eta hobekien prestatuko dugu eta ahalik eta goien ibiltzen saiatuko gara. Azkeneko urteetan Urola gora eta behera ibili da eta Ohorezko Erregional Mailan egonkortzea lortu behar dugu. Urola harrobiarekin lan ona egiten ari da eta hori baliatu behar dugu. Gazte onak datoz eta horiek taldea egonkortzen lagundu behar dute.

Nolako taldeak atsegin dituzu?

Nire estiloa eta azken urteetan Urolak erabili duena ezberdinak dira, baina entrenatzaileok dugun taldearen ezaugarrietara moldatu behar dugu. Hori bai, defentsa lanean gogorrak izan behar dugu. Maila honetan, gol asko sartzen badituzu lanaren zati handi bat egina duzu. Urolak golak sartzeko zailtasunak ditu eta hori konpontzeko estiloa bilatu beharra du. Bestalde, guztion konpromisoa negoziaezina da. Jokalariek gugan sinestea lortu beharra dugu.

Fitxaketarik egin behar al duzu?

Ez. Bigarren taldean eta gazte mailako taldean jokalari onak daude. Esan bezala, etxekoekin jokatzea gustatzen zait.

27 urte daramatzazu entrenatzaile lanean. Zer ematen dizu futbolak?

Gauza asko utzi behar ditut alde batera hau egiteko, baina aldagelako giroak, lagun berriak egiteak… bete egiten nau. Urolari nitaz gogoratu izana eskertu nahi diot eta nire onena ematen saiatuko naiz.

Egileari buruz

Otamotz

Otamotz

Harremana duten artikuluak

0 iruzkin

Oraindik erantzunik gabe!

Momentuz ez dago erantzunik, zurea gehitu nahi al duzu?

Idatzi iruzkin bat

Idatzi iruzkin bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.
Derrigorrezko eremuak markatuta daude *

6 + 6 =


Iruzkin berriak

Josu Aztiria Urtaran: Kaixo Eki: Zalantzan egon naiz erantzun edo ez, anonimoekin eztabaidatzea ez zidalako gustatzen eta Otamotz.eus-eko foro [...]

Ortzi: Ez kezkatu Igor, oposizioko liberatuak argituko dizkigu zalantza guztiak [...]

Igor: Liberazioekin pasatzen ari dena udal mailan ikaragarria da. Ya ez da bakarrik Urretxu batek 4 [...]

Eki: Joder Bildu, beti liberazioen aurka (alkatearena izan ezik) eta orain Zumarragan 4 liberazioen alde!!! Polítika [...]