Otamotz

Goierriko Hitza Goiberri

Albisteak

Urretxuko Plan Orokorrak 327 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du

Urretxuko Plan Orokorrak 327 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du
maiatza 29
10:03 2019

Urretxuko Udalak Plan Orokorrari hasierako onespena eman dio. EAJ, PSE-EE eta Irabazik alde bozkatu dute eta EH Bildu abstenitu egin da. Planak 327 etxebizitza eraikitzea ahalbidetzen du.

Planaren helburua egungo hirigintza egoera erregularizatzea, Arau Subsidiarioak egunean jartzea, herriari etorkizuneko egitasmo bat eskaintzea, lur gehiago ez okupatzea (horretarako dagoeneko erabiltzen direnen gainean eraikiko da), erabiltzen ez diren tokiak biziberritzea (Irimo, Kaminpe…), etxebizitza eskaintza zehaztea eta mugikortasun jasangarria bultzatzea da.

Datozen zortzi urteetan biztanle kopuruak gora egingo duela aurreikusten da, eta Planak horrek sortuko dituen beharrei erantzuna eman nahi die. Hala, 327 etxebizitza eraikitzea ahalbidetzen du: 79 Gurutzen, 65 Altamira-Santa Barbaran, 76 Gainzabalen, 20 Ipeñarrieta 28-30en, 32 Kamineroetan…

Jarduera ekonomikoei dagokienez, merkataritza eta hirugarren sektorea indartzea da helburua. Horretarako, herrigunean 1.500 metro koadro gehiago egongo dira: Altamira-Santa Barbaran, Rodriguezen, Kamineroetan… Plan Orokorrak industria ere bultzatu nahi du. Matxinporta, Sagastitxipi eta Mugitegik industria guneak izaten jarraituko dute. Baita Hego Ipeñarrietak (Irimo, Sarralde, Bengolea…), Kaminpek eta Gerrak ere.

Gune libreei dagokienez, Urretxuk 40.2270 metro koadro izan behar dituela zehazten du legeak. Plan Orokorrak 109.960 metro koadro aurreikusten ditu. Ekipamendu berrietarako lursailak Gerran, Altamira-Santa Barbaran, Pagoeta hotelean eta Aparizion egongo dira. Elgean eta Kamineroetan eraikin berriak egingo dira eta udalak kamineroen etxea eta hainbat lokal eskuratuko ditu.

Mugikortasuna

Plan Orokorrak mugikortasuna eta irisgarritasuna ere kontuan hartzen ditu. Igogailu gehiago egingo dira herrigunea eta goiko auzoak lotzeko: Gainzabal-Pagoetan eta Altamira-Santa Barbaran. Gainera, Urzelain, Nekolalden, Kamineroetan eta Santa Barbaran garajeak egingo dira bertan bizi direnentzat. Azken bi tokietan txandakako aparkalekuak ere egongo dira. Azkenik, errepide berri batek Gainzabal eta Pagoeta lotuko ditu. Helburua Lilibasoko bizilagunei beste irteera bat ematea da.

Alderdi guztiak gustura azaldu dira egindako lanarekin. Lan giroa ona izan dela uste dute eta ia puntu guztietan akordioa lortu dute. Gainzuri-Komentua gunean bakarrik ez dute lortu akordioa eta lortzea espero dute.

Urretxuko Udalak Gurutze auzoko eta Gainzabaleko (Lilibaso) hitzarmenak ere onartu ditu. Kasu honetan, alderdi guztiek baiezko botoa eman dute.

Gurutze auzoko hirigintza hitzarmenari dagokionez, lursailaren jabeek lehenengo fasean aurreikuten diren babestutako 24 etxebizitzak eraikiko dituzte. Obra uda aurretik hastea aurreikusten da.

Operazioa errazteko, udalak babestutako 57 etxebizitzak bi fasetan egiten utziko die. Gainera,eraikitzaileek etxebizitzak egiteagatik lortutako mozkinaren %15a bi epetan ordaindu ahal izango diote udalari.

Gurutzen 88 etxebizitza libre eta 47 babestu eraiki behar dira. Libreei dagokienez, dagoeneko 44 eraiki dituzte eta beste 22 egiten ari dira. Babestutakoei dagokienez, lehen fase honetan eraiki behar diren 24etako 15 saldu dituzte dagoeneko. Beste bederatzi etxebizitzetako bat eskuratu nahi dutenek, Urretxuko udaletxera jo dezakete informazio bila.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak alokairu sozialeko 24 etxebizitza eraiki behar ditu udalak Gainzabalen (Lilibaso) duen lursail batean. Jaurlaritzak lau etxebizitza emango dizko udalari, lursailaren truke. Etxebizitza horiek larrialdi sozialetarako erabiliko ditu. Obra urte amaieran hastea espero dute.

Egileari buruz

Otamotz

Otamotz

Harremana duten artikuluak

0 iruzkin

Oraindik erantzunik gabe!

Momentuz ez dago erantzunik, zurea gehitu nahi al duzu?

Idatzi iruzkin bat

Idatzi iruzkin bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.
Derrigorrezko eremuak markatuta daude *

1 + 8 =


Iruzkin berriak

Sebas Iturriotz: Talde polita eta irekia [...]

Makenri: Kaixo Michael, Berriz Goierri zoriontzeko baliatu beharko dut mezua, nire lehen hitzak horretarako izan diren [...]

Michael Jordan: Kaixo, Makenri: Igone Campos espainiako txapeldunordea izan da. Maiza, Oroz eta besteek espainiako ligan jokatzen dute. [...]

Makenri: Zertarako diozu? 1.- Gipuzkoar jokalari gazteak punta-puntako mailetara iritsi daitezkeela erakusteko eta motibagarri izateko kirolari [...]