Otamotz

Goierriko Hitza Goiberri

Albisteak

Zumarragako Udalak 12,5 milioi euroko aurrekontua onartu du

Zumarragako Udalak 12,5 milioi euroko aurrekontua onartu du
otsaila 05
09:31 2020

Zumarragako Udalak 12,5 milioi euroko aurrekontua onartu du 2020rako, iazkoa baino %3 handiagoa. PSE-EE alderdiak alde bozkatu du eta EAJ eta Elkarrekin Zumarraga abstenitu egin dira. Osoko bilkura greba egunean izan zenez, EH Bildukoek ez zuten parte hartu.

Mikel Serrano alkateak aurrekontua urtarrila amaieran onartzearen arrazoiak azaldu zituen. «Gobernu Planari eta batzordeen egitura berriari egokitu behar izan dugu». Aurrerantzean, udalak hiru batzorde bakarrik izango ditu: Antolakuntza, Herritartasuna eta Lurraldea. Egitura berri hau ere ostegunean onartu zen. Osoko bilkuran parte hartu zuten zinegotzi guztiek aldeko botoa eman zuten.

Serranok aurrekontuen lehentasuna babesgabeei, berdintasunari, jasangarritasunari eta bertako ekonomiari babesa ematea dela aipatu zuen.

Sail ezberdinetako arduradunek 2020ko egitasmoen berri eman zuten. Rosa Maizak administrazioaren aurrekontua %7 igo dela aipatu zuen: udal langileen soldatak igoko dira, komunikazio plan berria abian jarriko da eta leihatila bakarraren sistema martxan jarriko da udaletxera jotzen duten herritarrei lana errazteko. «Parte hartzeak sail guztietan eragina izan behar du eta gobernuaren eguneroko lana baldintzatu behar du», gehitu zuen.

Garapen ekonomikoari dagokionez, aurrekontua bikoiztu egin da. Udalak merkataritzan erreleboa bultzatuko du eta Argixao industrialdeko enpresekin lanean jarraituko du. «Langabezia %10,89koa da. Ia bost puntu jaitsi da 2015etik, baina langabetu askok ez dute prestakuntzarik eta betirako langabezian gelditzeko arriskua dute. Hori dela eta, formaziorako eta kontziliaziorako bekak emango ditugu».

Nerea Errastik Gaztedia Plana egingo dela aurreratu zuen. Diagnostikoa gazteekin batera egingo dute. Gainera, 83.000 euro bideratuko dira emantzipaziora. Euskararen sustapenari dagokionez, administrazioan euskararen erabilera bultzatuko dute.

Gizarte Zerbitzuen aurrekontua 1,4 milioi eurokoa da. Iaz baino %10 gehiago. 228.000 euro behar gehien dituztenentzat izango dira, 743.000 adinekoei eta mendekoei laguntzeko eta eta 216.000 baztertze arriskuan dauden adin txikikoei laguntzeko.

Kultur arloan, maiatzean, ekainean eta uztailean Zumarragako Trikitixaren mendeurrena ospatuko da. Ekitaldi hauetan musika eskolak eta Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak parte hartuko dute. Festei dagokienez, auzoetako festek jasotzen duten diru-laguntza %5 igoko da. Kirol elkarteen diru-laguntza ere %5 igoko da. Gainera, udalak Argixaoko belar artifiziala aldatu nahi du. «Aurten diru-laguntzak lortzen saiatuko gara, obra 2021ean egiteko», esan zuen Serranok.

Hirigintzan, igogailu batek eta pasarela batek Esteban Orbegozo auzoa San Isidro eta Elgarrestamendirekin lotuko ditu. Aurrekontua 600.000 eurokoa da eta udalak diru-laguntzak lortzea espero du. Gainera, goialdearen urbanizazioaren bederatzigarren fasea egingo da eta Esteban Orbegozo auzoa berritzeko proiektua egingo da.

Oposiziokoen hitzak

Elkarrekin Zumarraga alderdiko Ines Benitezek hamabi emendakin eta enplegu plan bat aurkeztu zituztela aipatu zuen. PSE-EE alderdiko zinegotziek proposamen horietako asko aurrekontuetan daudela eta beraien enplegu plana osoagoa dela erantzun zioten.

Josu Idigoras, EAJ alderdiko zinegotzia, kezkatuta azaldu zen gastu korronteak %9,23 igo direlako eta dagoeneko aurrekontuaren %46 hartzen dutelako. «Ondorioz, inbertsioak egiteko ahalmen txikia dugu». PSE-EEkoek gastuak herrian hobekuntzak egin direlako igo direla erantzun zioten. «Igogailu bat jartzen badugu, mantenua ordaindu beharra dago».

Elkarbanatu

Egileari buruz

Otamotz

Otamotz

Harremana duten artikuluak

0 iruzkin

Oraindik erantzunik gabe!

Momentuz ez dago erantzunik, zurea gehitu nahi al duzu?

Idatzi iruzkin bat

Idatzi iruzkin bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.
Derrigorrezko eremuak markatuta daude *

2 + 1 =


Iruzkin berriak

Luis Bengoetxea: Gora Luis!!!!!!!!! [...]

Pako: Lotsagarria greba eguna aprobetsatuz, propaganda politikoa egitea..U30 greba orokorra [...]

lizarriturri: Benetan, nik ya ez dakit zeintzuk dian Goierriko Hitzan kriteriok. Atzo hamaika ibilgailuk elkar jo [...]

Igor: Ama aipatzen hasita, bigarren abizena agertzea ez legoke gaizki. [...]