Goiargi abesbatza, 10 urte gehiago baina osasuntsu (006. alea)
Aurtengo ekainean Zumarraga Urretxuko GOIARGI Abesbatzak 10 urte bete ditu ahots nahasien abesbatza bezala. Urte asko dira eta, hortaz, oroitzapen ugari. Ospakizuna borobila izan zedin ekainaren 25ean kontzertua eskaini zuten Antiguako Baselizan. Baina gure asmoa 10 urte horien gorabeherak ezagutzea zenez, bere zuzendari den Xabier Arratibel ekarri dugu OTAMOTZeko orrialdeetara.
Gizonak sartu zirenerako Goiargi jada existitzen zen, baina aldaketa honek eten bat suposatuko du bere historian. Zer nolakoa izan da garapena ordutik hona?
Hasieran berria den guztia bezala ilusio handiarekin hasi ginen. Xabierrek planteatzen zuen abesbatzaren ideia ez zen lagun batzuk besterik gabe abesten jartzea. Bere ideia nahiko berritzailea zen, teknika, arnasketa aldetik… Jendeari berezia iruditzen zitzaion.
Gerora helburu txikiak markatuz joan ziren, Topaketak, Ttoparak, hauek garai hartan egiten ziren abesbatzen arteko egun pasak ziren.
Handik urte batzuetara Ejea de Los Caballeros eta Avileseko lehiaketak etorri ziren eta haiekin sari hau. Tolosan ere izan ginen, han irabazi ez bagenuen ere, marka ona utzi bai.
Barriolak zuzendaritza utzi eta ni hasi nintzenean etena egon zen, normala denez. Estiloa aldatu zen, elkarrenganako egokitzeak… Baina, besterik gabe.
Zer azpimarratuko zenuke GOIARGItik giza talde bezala musikaz at?
Talde positiboa da. Oso jende ezberdina gara baina talde jatorra osatu da. Hori egin dugun azken bidaian ikusi da. Bartzelonan izan gara eta oso denbora gutxian dena ikusi behar zen, baina giroa paregabea izan da. Gazte gazteak ez izan arren, koruko partaideak hori ziruditen, edozein tokitan eserita, edozein modutan… Benetan bidaia ona izan da gizatasun aldetik.
Zer nolakoa da GOIARGlren osasuna?
Ona, baina mugak dauzka. Kontutan izan behar da 10 urte helduagoak garela eta hori nabari da. Posibilitateak murriztuz doaz eta teknika indartu egin behar da. Gure ahalmenetara mugatuz gero, ona dela esan daiteke.
Zeintzuk dira zuen proiektuak?
Gertura begira 10. urteurrena ospatu ondoren, irailean Urretxuko festak eta gero Gabonetako kontzertua. Agian, 10. urtemuga dela eta, disko bat grabatuko dugu. Ez da oraindik erabaki saltzeko edo banaketa mugatu baterako. Hemen inguruko musikagileen abestiak abestuz disko bat ateratzea interesgarria litzateke.
Luzera begira, ikusiko dugu. Argi dago batzuk abesbatza utziko dutela eta koroa berritu beharko da. GOIARGI jada instituzio bat da ez bakarrik abesbatza eta bere atzetik nesken eta haurren abesbatzak daude, hortaz etorkizuna egon badago. Nik uste dut koroa era natural batean joango dela berritzen.
Bukatzeko Xabierrek seriotasuna kendu nahi dio abesbatzari: “Abesbatza hau ez da profesionala. Taldea ez ezagutzeak taldearen irudi okerra ematen du, itxiegia eta serioegia bailitzan eta ez da inolaz ere horrela. ”
Bestalde azpiegitura apropos baten ezak arazoak sortzen dituela ere esan nahi du: “GOIARGI”k argi utzi du lan egiten duela, eta argi dago azpiegitura hobea beharko genukeela, toki dezente bat adibidez. ”
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide