Lurra dantza taldeak 30 urte bete ditu (008. alea)
1965. urtean sorturiko talde honek bere 30. urtemuga ospatzeko asmoz, ekintza ugari antolatu ditu, Urretxuko jaietarako batik bat. Ekitaldi horien berri eta urte mordoxka hauetan izandako helburu eta asmoak ezagutzeko, taldeko partaideak ekarri ditugu OTAMOTZeko orrialdeetara.
Noiz eta nola sortu zen Lurra dantza taldea? Zenbat zarete?
1965. urtean sortu zen, urretxuar eta zumarragarrek osatzen zuten “Batasuna” izeneko taldea desegin zenean. Euskal Jaia amaitu eta gero dantzariek arazoren bat izan zuten eta ia bere osotasunean neskez osaturiko talde bakarra gelditu zen, LURRA Dantza Taldea. Garai hartako egoera politikoa zela eta, hasierako dantza talde haren helburua errebindikatiboa zen.
Guztira 207 lagun gara, baina bi taldetan banaturik gaude, alde batetik 40 pertsonez osaturiko helduen taldea eta bestetik, 4tik 16 urte bitarteko haurrena.
Urretxuko zein ekitalditan parte hartzen duzue?
Urretxuko jaietan bost ekintzetan egiten dugu dantza: jubilatuen egunean, folklore jaialdian, txistulari kontzertuan, Bedaioko Ingurutxoan eta Euskal Jaian. Lau ikastaro ere antolatzen ditugu urtean zehar, arin-arin eta fandango, San Juan sua, Inauteriak eta Bedaioko Ingurutxoa, hain zuzen ere.
Urtero inauterietarako, Euskal Herriko herri batean egin ohi diren dantzak ikasi eta Urretxun dantzatzen ditugu.
Euskal Herritik kanpo non dantzatu duzue eta zer nolako harrera izan duzue?
Atzerrian Frantzian izan gara bitan, baita Alemania, Portugal eta Italian ere. Estatu mailan, Aragoan, Galizan, Asturiasen, Errioxan, Badajozen… Aurten Bartzelonara joango gara. LURRA dantza taldearentzat oso positiboa izaten da beste herrialdeetara joatea, geuk bertako kultura eta bidenabar beraiek geurea ezagutzeko.
30 urte hauetan zeuen helburu eta asmoak bete al dira?
Oro har baietz uste dugu, folklore mailan lan handia egiten ari garelako eta gure dantza maila ere ona delako. Guk bi helburu nagusi ditugu, al de batetik, jendeari folklorea zer den erakustea eta bestetik, antzinako usadioak berreskuratzea. Adibidez, “Puska biltzea”-ren usadioa berreskuratu egin dugu eta orain dela bi urte hasi ginen inauterietan baserriz baserri dantzatzen. Baserritarrek ematen dizkiguten jakiekin afaria egiten dugularik.
Ze ekintza prestatu dituzue 30. urteurrena ospatzeko?
Euskal Jaietan “mairuaren guda” egin genuen. Aspaldian, XVII. mendean, Urretxu eta Antzuolako herriek zuten elkartasuna zela eta, Urretxuko jaietara Antzuolakoak etortzen ziren aipatutako guda antzeztera eta Antzuolako jaietan urretxuarrak joaten ziren. Horregatik taldekook pentsatu genuen usadio hau berreskuratzea eta 30. urtemuga ospatzeko ekitaldiaren barne antolatzea.
Horrez gain, udalaren diru-laguntzarik jaso ez duen aldizkaria banatu genuen herri arteko folklore jaialdian dohainik, taldeari buruzko historia eta iritziak zabaldu asmoz.
Irailaren 30erako dantza jaialdia antolatu dugu Urretxuko pilotalekuan, taldea osatu duten dantzariak eta gaur egunekoak parte hartuko dutelarik. Jaialdia amaitu eta gero afaria izango da.
Bestalde, taldearen jantzi eta tresneriari buruzko erakusketa ere antolatu dugu, irailaren 26tik urriaren lera bitartean, liburutegi berria izango den lokalean.
Zeuen talde ikuspegitik nola ikusten duzue etorkizuna?
Dantzari gehienak ikasleak izateak arazoak sortzen dizkigu, jaialdi gehienak udan izaten direlako eta orduan azterketak izaten dituztelako.
Beste problema bat diruarena da, juxtu ibiltzen baikara, udaletik jasotzen dugun diru-laguntza Herri Arteko Folklore Jaialdia eta dantzari txiki eguna antolatzeko behar izaten dugu. Dantza ekitaldietatik oso diru gutxi jasotzen dugu, Euskal Herri mailan oso gutxi antolatzen direlako. Hori dela eta, beste diru sarrera desberdinekin konpontzen gara, ezkontzekin eta haurrek ordaintzen duten kuotekin. Arazoak arazo lanean dihardugu Euskal Herriko folklorea bultzatu asmoz.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide