Zumarragan ere Ramadan garaian (012. alea)
Mundu osoan eta baita gure artean ere dauden Mahomaren jarraitzaile guztientzat, 935 milioi inguru, urtarrilaren 22tik otsailaren 2lera bitartekoa Ramadanaren hilabetea, hots, barau garaia, da. Gezurra iruditu arren gure bi herriotan bada jendea Ramadanak agindutakoa betetzen diharduena. Ramadanak irauten duen bitartean, eguzkia irteten denetik ezkutatu artean ezin dute ezer jan, ezin dute ur tantan bat ere edan, tabakoa eta lurrinen erabilpena ere galarazita dute, baita harreman sexualak ere. Ramadana, musulmanen urtearen bederatzigarren hilabetea, urtero 12 egun aurreratzen denez ez da beti urte sasoi berean izaten. Rala aurtengo Ramadana ez dela gogorrenetarikoa diote, neguan izanik bero handirik ez egiteaz gain, egunak oraindik motzak direlako. Ramadanaz aparte, musulmanen bete beharrekoak dira egunean bost aldiz eta ostiraletan meskitan otoitz egitea, baina hori bai, beti Mekarantz begira. Bizitzan gutxienez behin Mekara joatea ere behar beharrezkoa omen da.
Meskitak aipatzean, Gipuzkoan bi meskita daudela esan behar da, bata Eibarren eta bestea Zumarragan. Irekitzekotan dagoen Zumarragako meskita honetara, Urdaneta kaleko oihal biltegi ohi batean aurki dezakegun honetara, hemen bertatik edo inguruko hainbat herritatik, Lazkao, Ordizia eta Azpeitia, etortzen dira. Gaur egunean, 11 gizon, gizonak bakarrik, elkartzen dira ostiralero. Emakumeak beren etxeetan otoitz egin beharrean daude, meskita hau txikiegia baita bi areto, gizonezkoen aretoa eta emakumezkoen aretoa, egiteko eta ondo otoitz egiteko bi sexuak bereizita izatea beharrezkotzat jotzen baitute.
Beraz, bertako eta inguruko musulmanek arazo administratibo batzuk konpondu bezain laster, Zumarragan, Alaren izenean biltzeko aukera izango dute.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide