Saltsarekin lotutako erritmoak eta adierazpen kulturalak herritarrengana hurbiltzea da helburua. Irailaren 6an ospatuko da ekimena.
Artxiboko argazkia Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak ‘Sustraiak eta ahotsak. Raíces conectadas’ programaren jarduera bat eskainiko du Zumarragan irailaren 6an.
‘Salsa Topagunea’ izenburupean, Euskadi Plaza musika eta dantzarako gune ireki bihurtuko da, saltsarekin lotutako erritmoak eta adierazpen kulturalak herritarrengana hurbiltzeko.
Jardunaldia 18:00etatik 21:00etara izango da, eta publikoa ez da ikusle hutsa izango. Izan ere, ekimena master class ireki batekin hasiko da, parte hartzaileek saltsaren oinarrizko pausoak ikasteko eta dantzarekin lehen harremana izateko aukera izan dezaten. Jarraian, 19:00etatik 20:00etara, Proyecto Son taldeak zuzeneko musika-kontzertu bat eskainiko du. Programazioari amaiera emateko, DJ saioa izango da.
Kultura aniztasuna sustatzeko topagunea
‘Sustraiak eta ahotsak. Raíces conectadas’ programaren helburua Gipuzkoan bizi diren komunitate eta kolektibo desberdinak ikusaraztea eta haien ahotsa zabaltzea da, lurraldeko errealitate sozial eta kulturalaren parte aktibo diren heinean. Horretarako, adierazpen artistikoak, testigantzak eta esperientzia komunitarioak uztartzen ditu programak.
Goizane Álvarez Kultura diputatuaren hitzetan, ekimenaren xedea “Gipuzkoa ireki eta plurala bultzatzea da, non pertsona guztiek bizitza kulturalean berdintasun-baldintzetan parte hartzeko eta beren memoria, adierazpenak eta mundua ulertzeko modua erakusteko aukera izango duten”.
