Urretxu eta Zumarragako 37 Arantxa, Arantzazun (020. alea)
Urretxun 75 eta Zumarragan 98 Arantxa, Arantza edo Arantzazu daude
Hilaren 19an Arantxa izeneko adin guztietako 2.000 lagun bildu ziren Arantzazun, Joxe Agustin Elustondo frantziskotarrak izandako ideiari erantzunez. Honela duela 40 urte, 1956. urtean, Santutegira Arantza, Arantxa eta Arantzazu izenekoek egindako erromesaldia berritu nahi zen. Joxe Agustin Elustondok, nork bidali zion jakin gabe, Euskal Herriko 15.000 Arantxen izen abizenak biltzen dituen zerrenda jasa zuen Arantzazun. Adiskidetasunean oinarritu den eguna antolatzeko zerrenda hau erabili da 15.000 Arantxei erromesaldiaren berri emanez gutun bat bidaltzeko. Prestaketa lanetan aritutakoak gustura daude, Santutegian bildutako Arantza kopuruarekin. Arantzen %10a, bildu omen zen bertan, Euskal Herriko txoko guztietatik eta Bartzelona eta Madriletik joandako 2.000 lagun i guztira. Oñatitik Arantzazura bitarteko ibilaldiarekin eman zitzaion hasiera erromesaldiari, Arantzazun guztiak eskutik helduta, Amigos para siempre kantatu zuten. Elkarrizketatuen esanetan, hauxe eta meza garaian (izenarekin gustura zeudela esan ondoren, jaso zuten bedeinkapena}izan omen ziren eguneko momenturik hunkigarrienak. Bazkal ondoren Arantxa gazteenak eta zaharrenak jasotako sariak ez ezik, bertan bildutakoen artean opariak zozketatu ziren. Dantzan egin ondoren, arratsaldeko bostak aldera, abiatu ziren 40 autobusetan eta 100 kotxeetan Euskal Herriko bazter guztietako Arantxak beraien herrietara. Urretxu eta Zumarragako 37 Arantza bildu ziren bertan, eta oso egun polita pasatu zutela esan digute gurekin izandako guztiek, honelako egun bat errepikatzeko gogoarekin etorri omen ziren etxera. Elustondoren esanetan, Zumarragan 98 Arantxa eta Urretxun 75 daude.
Oso ondo ibili ginen. Amigos para siempre kantua abestu genuenean edota mezatan, Arantxa izenarekin gustura geundela esan eta gero jaso genuen bedeinkapena izan ziren eguneko unerik hunkigarrienak. Errepikatzeko modukoa da, baina urtero egin beharrean gutxienez bost urtetik behin egitea egokiago iruditzen zait. Antolakuntza sekulakoa izan zen. Urtean behin Arantzazura joan behar izaten dut. Oso gustura nago dudan izenarekin.
Oso oso ederki ibili ginen, oso egun polita pasatu genuen, giro onean. Antolakuntza ezin hobea izan zen eta dena oso ongi irten zen. Errepikatzeko moduko eguna da, baina ez dut uste urtero egin beharko zenik, bost urtean behin egitearekin nahikoa dela pentsatzen dut. Gustukoa dut dudan izena.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide