Eski denboraldia martxan (022. alea)
Elurrak mendi tontorra ukitzean, neguaz gain, eski denboraldi berri bat ere iritsi dela gogorarazten digu. Gabon oporrak aitzakiatzat hartuz, jende ugari animatzen da negu kirol hau praktikatzera. Gertuagotik ezagutzeko, eskia oso gustuko duen GUTI SPORT dendaren jabearengana jo dugu, Jose Javier Gutierrezengana hain zuzen.
Afizio handia al dago bi herriotan?
Badago bai. Azken urteetan gainera gorakada nabarmena izan da. Duela urte batzuk lau katu bakarrik aritzen ginen baina orain jende asko animatu da eskia praktikatzera.
Ze zonalde aukeratzen du jendeak kirol hau praktikatzeko?
Batipat Napar eta Aragoar Pirinioak. Gure bi herriotatik gertuen dauden zonaldeak direlako eta nahi adina elur aurkitu dezaketelako. Denboraldi bukaeran aldea, Pirinio zentralera ere joaten dira. Aurreko urtean adibidez ekainean eskiatzeko aukera izan genuen. Pirinio zentral honetan glaziarrak sortzen dira eta hauei esker, nahiz eta jadanik udaren atarian izan, mendiko eskia egitea posible izaten da.
Ze ekipamendu behar da eskiatzeko?
Oinarri -oinarrizkoena eski pare bat, botak eta fijazioak dira. Mendiko eskia eginez gero, larru batzuk ere beharrezkoak dira gorakoan eskiei jarri eta labaindu gabe igo ahal izateko. Gainontzeko guztia norberaren esku dago. Praka pare on bat, betaurrekoak…
Kirol elitista al da?
Bai. Oinarrizko ekipamenduaren prezioa ehun milatik goragokoa da. Diru sarrera egoki bat ez duen jendeak nekez praktika dezake honelako kirola. Kontutan hartu behar da gainera hemen ezin dela praktikatu. Kotxea eta lo egiteko apartamentu edo aterbea ere beharrezkoa da eta honek ere bere kostua du.
Fisikoki prestaketa berezirik behar al da?
Beharrezkoa ez da baina bai gomendagarria. Footing pixka bat eginez gero gorputzak ederki asko eskertzen du eskiatzerako orduan. Ongi ibili nahi ezkero hobe da aurretik behar bezala prestatzea.
Ze elur klase da egokiena eskiatzeko?
Hauts elurra da egokiena. Normalean elur gogorrarekin ez da izaten arazorik eskiatzeko, izotzarekin ordea bai.
Zuk mendiko eskia egiten duzu. Ze desberdintasun aurkitzen dituzu mendiko eski eta eski alpino artean?
Mendiko eskian zure kabuz ibil zaitezke honek dituen abantaila eta oztopoekin. Elur klase ezberdinak aurkitu daitezke eta zailagoa da praktikatzeko. Norbera ibiltzen den ingurunea menperatzea ere oso komenigarria da. Eski alpinoa berriz kontrolatuagoa dago. Jende ugari pilatzen da eta azkenean denbora gehiago pasatzen duzu errenkadan itxaroten, eskiatzen baino.
Ze aholku emango zenieke mendiko eskia praktikatu nahi duen jendeari?
Teknikoki eskiak ongi menperatzea. Ibili behar zaren zonaldea ongi ezagutzea eta eguraldi iragarpenak ere adi entzutea, elur jausi arriskurik dagoen edo ez jakiteko.
Zer moduz eskiatzen duzu?
Nik? Gaizki. Oso gutxi dakit eta dakidan apurra neure kabuz ikasi dut.Ez naiz inoiz eski ikastaroetan aritu. Denboraren poderioz ikasi dut baina ez dakit gehiegi.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide