Adin guztietako eta herriko zein kanpoko 164 mendizalez hartu zuten parte irailaren 14an Zumarraga-Urretxu eta Aizpurutxoko mendietan zehar egin zen Iñaki Beitiaren omenezko lehen iraupen luzeko mendi ibilaldian.
Aldiri kultur elkarteak, Goerri eta Ostadar mendi taldeek, Urretxu-Zumarraga ikastolak eta Zintzo Mintzok antolatutako mendi ibilaldia zen eta Urretxu-Zumarragako Udalen laguntza jaso zuen.
Ibilaldiak bi ibilbide izan zituen, bata luzea, eta bestea, berriz, laburragoa. Ibilbide luzea 94 mendizalek aukeratu zuten, 37 kilometroko ibilaldia egin behar izan zuten. Goizeko 6etan Zumarragako plazatik irten eta Ormaiztegira abiatu ondoren, Kizkitzatik barrena, Izazpira heldu ziren, gero Samiño eta Oletara joan ziren bertatik Aizpurutxora heltzeko. Hemendik Irimoko gainera heldu eta Santa Barbaratik barrena Urretxuko Iparragirre plazara iritsi ziren, ibilbidea bukatuz. Antolatzaileek 10 bat ordutan egiteko ibilbidea uste zutena, 7 ordutan egin zuten helmugara iritsi ziren lehen mendizaleek.
Ibilbide laburra 70 lagunek egin zuten, hauek toki beretik goizeko 8etan irten ziren. Bertatik, guztiok elkarrekin, taldean, giro onean, Oletara abiatu ziren, bertan zerbait jan ondoren, ibilbide luzeko bide berbera jarraitu zuten. Hau da Oletatik Aizpurutxora jaitsi eta hemendik Irimo tontorrera igo, Santa Barbarara jaitsi eta Urretxuko Iparragirre plazan bukatu ibilaldia. Oletatik aurrera zeuden aldapetan ordura arte batera ibili zen taldea banandu egin zen, bakoitzak bere martxan egin zuen ibilbidea.
Ibilaldiak gure eskualdea ezagutzeko aukera eman zuen, herritar askok sekula ikusi gabeko tokiak ikusi zituztela esan baitzuten helmugara iristean. Gehientsuonon iritzia ibilbide oso polita baina aldi berean oso gogorra izan zela zen, baina hala ere gustura ibili omen ziren eta datorren urtean ere mendi martxan irteteko prest azaldu ziren mendizaleak.