Idoia Rubial eta Maite Zumarraga eskalatzaileak. Ostadar taldeak 43. Mendi Astea antolatu du. Ekitaldiak datorren astean izango dira. Aurtengo emanaldien artean Idoia Rubial eta Maite Zumarraga eskalatzaileena nabarmentzen da.
Rubial zumarragarra da eta Gasteizen bizi da. Hezkuntza fisikoko irakaslea da. Beti izan da kirolzalea. Eskaladan hasi aurretik, futbolean jokatu zuen. Seirak taldeko jokalaria izan zen. Urretxun eta Zumarragan egon zen lehen neska taldeko jokalaria, alegia. Ondoren, Urolan jokatu zuen. 24-25 urte bete arte jokatu zuen futbolean.
Gasteizera joan zenean, anaiarekin eta bere kuadrillako batzuekin batera, eskalada egiten hasi zen. Kirol eskalada egiten hasi ziren eta ondoren mendiko eskaladara pasa ziren. Ordutik, mundu osoan eskalatu du. Azken urteetan Maite Zumarragarekin aritu da.
Datorren astearteko emanaldian munduko bost tokitan eskalatutako hormen berri emango dute. AEBko Yosemite parke naturaleko Kapitaina, AEBko Wyoming estatuko Devils Tower, Gredoseko (Espainia) Galayos, Kanadako Squamish eta Txileko Cochamo.
Bost bidaia horietan eskalatutako hormez hitz egiteaz gain, beraien ibilbideaz hitz egingo dute. «Ametsak egi bihurtzeaz, zahartzeaz, lesioez… hitz egingo dugu. Oso eskertuta gaude bizitzak eskaintzen digun horri guztiari», azaldu du eskalatzaile zumarragarrak. Hori dela eta, Shukran izena jarri diote emanaldiari. Shukran hitzak eskerrik asko esan nahi du arabieraz.
Rubialek eta Zumarragak lau urtean behin eszedentzia hartzen dute bidaia luze bat egiteko. «Biok hezkuntza fisikoko irakasleak gara. Gasteizen bizi gara. Hurrengo eszedentzia bi urte barru hartuko dugu, baina oraindik ez dugu erabaki nora joan. Bi ikasturte barru nola gauden ikusiko dugu (lesioak, menopausia…) eta orduan erabakiko dugu nora joan. Datorren urteko Aste Santuan, berriz, Jordaniara joango gara», aipatu du.
Lehenago, asteartean, Urretxu-Zumarragara etorriko dira. «Herrian emanaldia egitea oso pozgarria da, noski. Beti da berezia herrira joatea».
Ostadar taldearen Mendi Astea astelehenean hasiko da. Juan Mari Gabilondo zumarragarrak Euskal Herriko mendiak emanaldia egingo du, 19:30ean, Urretxuko Aizpurunea kultur etxean. Emanaldi hau klasiko bat da: Gabilondok urtero erakusten ditu Euskal Herriko mendietan ateratako argazkiak.
Asteartean Rubialek eta Zumarragak Shukran ikus-entzunezkoa eskainiko dute: 19:30ean, Urretxuko Labeaga aretoan. Asteazkenean, Arrasateko Besaide mendi taldeak Udalatx filma eskainiko du Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Emanaldia 19:30ean hasiko da.
Mendizaletasunaren onurak
Ostegunerako hitzaldi bat antolatu dute. Luix Mari Zulaikak Mendizaletasunaren onurak gizartean hitzaldia egingo du, 19:30ean, Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. Ostiralean, hilaren 27an, Ostadar mendi taldeak batzar orokorra egingo du. 19:30ean izango da, Zelai Arizti kultur etxean.
Bukatzeko, iganderako, hilaren 29rako, mendi ibilaldia antolatu dute. Ataungo Erreketeen Bidea egingo dute. Ondoren, elkarrekin bazkalduko dute.

Yosemiteko Kapitaina.

Devils Tower (Wyoming, AEB).

Devils Tower (Wyoming, AEB).

Galayos (Gredos, Espainia).

Galayos (Gredos, Espainia).

Wadi Rum (Jordania).

Wadi Rum (Jordania).

Cochamo (Txile).
