Lehen pausoak Goierri kirol elkartearen txirrindulari eskolan eman zituzten lau txirrindulari, profesional mailan aritu dira azken denboraldi honetan: Xabier Isasa urretxuarra, Nicolas Alustiza zumarragarra eta Gari Ugarte legazpiarra Euskaltel-Euskadi taldearekin eta Alex Diaz urretxuarra Caja Rural taldearekin. Egungo Euskaltel-Euskadiri txirrindulari gehien eman dizkion kluba Goierri da. Txirrindulari eskolako boluntarioak lan bikaina egiten ari dira. Baina horrelako egitasmo bat aurrera ateratzeko, boluntarioekin ez da nahikoa: babesleak ere behar dira. Eta Goierri txirrindulari eskola babesle bila dabil.
Txirrindulari gazteen maillota hutsik dago, diru apur baten truke, enpresa baten izena hartzeko prest. Txirrindularitza ez da kirol merkea eta klubak, txirrindulari gazteek eta beraien gurasoek gustura hartuko dute babesleen laguntza. Trukean, babesleen izena Euskal Herri osoan eta Euskal Herritik kanpo ere erakutsiko dute. Eta ez hori bakarrik, beti bezala hainbat lasterketetan podiumera igotzea lortuko dute.
Garaipenak
Aurten, adibidez, Jon Salaberria haur mailako txirrindulariak Gipuzkoako mendiko bizikleta txapelketa irabazi du. Horretaz gain, podiumera igo da errepideko hainbat lasterketatan. Kadete mailakoei dagokienez, Oinatz Idiakezek eta Telmo Etxeberriak podiuma zapaldu dute. Goierrik gazte mailako taldea ere badu. Aimar Ugarteburuk Zegamako proba eta Bizkaiko Itzuliko etapa bat irabazi ditu.
Datorren denboraldian Goierri txirrindulari eskolak 20 bat neska-mutiko izango ditu. Txirrindulari eskola babestea erabakitzen duten enpresek, Amelio Mendijur, Angel Askasibar, Joxe Mari Iurrebaso edota Xabier Isasaren pausoak jarraitzen lagunduko diete. Baina, batez ere, gazteak baloreetan hezten lagunduko dute: lana, esfortzua, ardura, adiskidetasuna, elkartasuna…
Horra hor Alex Diazen hitzak Goierrin emandako urteei buruz. «8 urte eman nituen Goierrin. Asko gozatu nuen. Talde ona genuen eta beste gauza batzuk egiteko ere gelditzen ginen. Lagun asko egin nituen eta oso oroitzapen onak ditut».
