Zumarragako Aginaga auzoan San Martin jaiak ospatzen ari dira. Aurtengo berrikuntza nagusia frontenis txapelketa izango da.
Gaur hamarretako herrikoia egin dute Oleta elkartean. 14:30ean jubilatuek bazkaria egingo dute.
Bihar (larunbata) hainbat ekitaldi izango dira: 16:30ean haurrentzako jolasak, 18:30ean haurrentzako txokolate jana, 19:00etan frontenis txapelketa, 20:30ean afaria Oleta elkartean gerturatzen den edonorentzat eta 23:00etan dantzaldia DJarekin.
Azken ekitaldiak igandean izango dira: 10:00etan Beloki pilota eskolako haurren pilota partidak, 12:00etan euskal erromeria egingo dute ZU Dantzaz taldearekin, Oleta elkartean hamaiketako herrikoia egingo dute Oleta elkartean, 13:00etan Goena, Ipiña, Zaldua II eta Osinalde aizkolariek erakustaldia egingo dute eta 14:00etan auzo bazkaria egingo dute. Gainera, goizean zehar Miren eta Agurtzane trikitilariek jaia girotuko dute.
Aipatu bezala, aurtengo berrikuntza nagusia binakako frontenis txapelketa izango da. Kiniela modalitatean jokatuko da. Bi maila izango dira: 15 urtetik beherakoena eta 15 urtetik gorakoena. Lehenengoen kasuan, irabazleek fronteniseko materiala eta opari bat jasoko dute. 15 urtetik aurrerakoen mailan nagusitzen direnek bi lagunentzako afaria irabaziko dute, Aizpurutxoko Itziar jatetxean. Instagram bidez (@oletaelkartea) edo posta elektroniko bidez (oletaelkartea@gmail.com) eman daiteke izena. Bikote bakoitzak 5 euro ordaindu behar du. Izena emateko azken eguna azaroaren 11 da.

