Etxebizitza eskubidea bermatzearen alde eta espekulazioaren aurka dago deituta gaur greba orokorra. Arratsaldean manifestazioa izango da.
Euskal Herriko etxebizitza sindikatuek eta lan arloko sindikatu nagusiek (ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxaldek) deitutako greba orokorraren eraginpean esnatu da Goierri. Erantzun zabala izaten ari da.
Goizean goizetik piketeak egin dituzte LAB sindikatuak eta Etxebizitza Sindikatuak. N1 errepidea itxita egon da minutu batzuetan. Ikaslerik ez da kalean ikusi eskolara bidean. Greba orokorraren deialdiaren berri emanez, megafoniarekin dabilen autoa, pintadak ere egin dituzte immobiliarietan eta banketxeetan…
Enpresa handienetan grebarekin bat egin dute, eta txiki askok ere bai. Ikastetxeetan ere Eusko Jaurlaritzak zehaztutako gutxieneko zerbitzuak daude martxan. Udaletan ere nabarmena da grebaren eragina.
Urretxu eta Zumarragan kaleak eta plazak hutsik ziren 09:00-09:30 tartean. Industrialdeetan ere mugimendu gutxi. Komertzio gehiena itxita, kafetegiren bat edo beste kenduta. Bidegorrian eta mendian, gainontzeko astegunetan baino jende gehiago.
Arratsaldean manifestazioa egingo dute. 18:00etan abiatuko da, Areizaga-Kalebarrenetik.

