Etxebizitzaren auziak gainezka egin du azkenean, herritar gehienen kezka nagusi bihurtzeraino. Hala, Euskal Herriko etxebizitza sindikatuek eta lan arloko sindikatu nagusiek (ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxaldek) bat egin dute, eta greba orokorra deitu dute biharko. Sindikatuek eta herri mugimenduko hainbat taldek 70 mobilizazio baino gehiago deitu dituzte Euskal Herri osoan.
Horren berri emateko, agerraldia egin zuten ostiralean. «Etxebizitza krisiak» okerrera egiten jarraitzen duela salatu zuten. Prezioen etengabeko igoera, bizitoki modura erabiltzen ez diren etxebizitzen areagotzea, etxegabetzeen gorakada eta etxerik gabeko pertsonei zuzendutako baliabideen murrizketa aipatu zituzten adibide modura. «Bien bitartean, espekulatzaileek eta errentatzaileek inoizko etekin handienak pilatzen dituzte oinarrizko behar baten kontura. Errealitate horrek desberdintasun sozialak areagotzen ditu, pobrezia, ziurgabetasuna eta eskubideen galera hedatuz», esan zuten.
Erantzuleak
Horiek horrela, espekulatzaileak, errentatzaileak eta etxebizitza negozio bihurtu duten bestelako eragileak jo zituzten egoeraren erantzule nagusitzat. Hala ere, espekulazioa ahalbidetzen eta sustatzen duten baldintza legal eta ekonomikoak sortzen dituztenen erantzukizun politikoa ere salatu zuten.
Eskuineko alderdien politikak ez ezik, errentismoari eusten dioten eta jabeen zein espekulatzaileen etekinak babesten dituzten gobernuen politikak gaitzetsi zituzten. «Euskal Herrian, konplizitate instituzional hori Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta foru aldundien etxebizitza politiketan islatzen da», kritikatu zuten.
Erakunde horien jarrera salatu zuten. «Etxejabeentzako abalak eta onura fiskalak sustatzen dituzte; alokairurako laguntzak konponbidetzat aurkezten dituzte, azkenean errentisten poltsikoetara iristen diren arren; eta, batez ere, eraikuntza enpresen eta higiezinen sektoreko enpresen etekinak handitzeko balio duten eraikuntza ziklo berriak bultzatzen dituzte».
Era berean, greba deitu dutenek udalek etxegabetzeak baimentzen edo gauzatzen jarraitzen dutela ere salatu zuten, «kaltetutako pertsonei bizitzeko alternatibarik bermatu gabe».
Eskubide unibertsala
Egoera horren aurrean, «neurri partzialak eta promesa instituzionalak» ez direla nahikoa deritzote. Osasuna edo hezkuntza bezala, etxebizitza «eskubide unibertsal gisa bermatu» behar dela aldarrikatzen dute, eta horretarako ezinbestekoa dela espekulazioarekin eta errentismoarekin amaitzea.
Horregatik, etxebizitza sindikatuek eta lan arloko sindikatu nagusiek biharko greba orokorraren erdigunean hiru aldarrikapen nagusi kokatu dituzte: espekulatzaileen esku pilatutako etxebizitzak desjabetzea, etxebizitzaren erabilera espekulatiboa debekatzea eta etxebizitza zein haren baliabideak gizartearen beharren arabera antolatzea, merkatuaren logikaren ordez.
Gonbita
Deitzaileen esanetan, etxebizitzaren arazoaren egiturazko dimentsioa agerian uzteko, egoera horretatik etekina ateratzen dutenak seinalatzeko eta benetako eraldaketak lortzeko balio behar du greba orokorrak. Beraz, Euskal Herriko langile guztiak deitu dituzte grebarekin bat egin, lantokiak hustu eta goizeko zein arratsaldeko mobilizazioetan parte har dezaten.
Goierriko enpresa nagusietan gehiengoak greba egitearen alde bozkatu du. CAFen, Idiazabalgo eta Itsasondoko Jason, Irizarren, Orklin eta Salbatoreko eta Olaberriako GHn, esate baterako.
Baina oraingoan grebak ez du soilik lantokietan eragina izango. Izan ere, azaroaren 11 San Martin eguna da. Jai eguna Goierriko hainbat herri eta auzotan. Herri eta auzo horietan jaia bertan behera uztea erabaki dute. Hala, bihar ez da San Martin eguneko ekitaldirik izango Ataunen, Araman, Urretxun eta Zumarragako Aginaga auzoan. Aginagan biharko ekitaldiak ostiralera pasa dituzte, baina ez dute meza ostiralera pasatzea lortu. Gainera, Ordiziako azoka ez da egingo.
Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu greba deialdiari begira: larrialdietan %100 eta garraio publikoan %30.

