Azaroaren 27an elkarteen azokaren laugarren edizioa egingo dute Zumarragako plazan. Hogei bat erakunde bilduko ditu azokako arkupeetan, 09:30etik 13:30era. Arratsaldean, 17:00etatik aurrera, ekitaldi solidarioak izango dira.
Ekitaldi solidarioetan bizilagunek elkarrekin sortzeko eta esperientziak partekatzeko aukera izango dute, elkartasuna, inklusioa eta belaunaldien arteko harremanak landuz. Esku Hutsik elkarteak pintura eta txapak egiteko ikastaroa eskainiko du, adin guztietako pertsonei zuzenduta. Gipuzkoako Itxaropen Telefonoak, berriz, Besarkaden Jolasa dinamizatuko du, ongizate emozionalaz eta harreman pertsonalez hausnartzeko proposamen parte hartzailea. Elkarteak jokoaren aleak ere banatuko ditu bertaratutakoen artean.
Aspace Gipuzkoak saskiak egiteko ikastaroa egingo du. Parte hartzaile bakoitzak bere saskia egin ahal izango du elkarteak emandako materialarekin, eta etxera eraman jarduera amaitzean. Elkarteko kideek eta ikastaroko arduradunek elkarrekin parte hartuko dute jardueran, esperientziak trukatzeko eta garun paralisia eta antzeko beste desgaitasun batzuk dituzten pertsonen errealitatea gertutik ezagutzeko aukera eskainiz.
Finean, herritarrek gizarte elkarteen lana gertutik ezagutzeko, haien kideekin hitz egiteko eta boluntariotzan parte hartzeko aukera izango dute. Ekitaldia Zumarragako Udaleko Gizarte Zerbitzuek antolatu dute, Elkartasun Sarearekin lankidetzan.
Aurkezpen ekitaldia
Azoka atzo aurkeztu zuten, Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. Arantxa Gonzalez Gizarte Zerbitzuetako eta Berdintasuneko zinegotziak eta hainbat elkartetako ordezkariek parte hartu zuten: Miguel Angel Gomez, Aspaceren Urretxuko eguneko zentroko erabiltzaileen ordezkariak; Bizi-Bide elkarteko Iñigo Iriondo; Mairi elkarteko Mari Carmen Viedma; Katxalin elkarteko Gurutze Corrales; AGI elkarteko Dori Cano eta odol emaileen elkarteko Arantxa Pagaldai.
Gonzalezek boluntarioek eskaintzen duten denbora, entzutea, esperientzia eta gertutasuna nabarmendu zituen eta herritarrak elkarteak ezagutzera animatu zituen. «Ez da beharrezkoa denbora asko izatea. Batzuetan, denboran eutsitako konpromiso txiki batek esanahi handia izan dezake beste pertsona baten bizitzan».
Elkartasun Sareak eremu desberdinetako elkarteak biltzen ditu, elkarren berri izateko, esperientziak partekatzeko eta pertsonen beharrei modu koordinatuan erantzuteko. Zumarragako azokak topagune hori herritarrei irekiko die.
Zumarragako ekitaldian ondorengo elkarteek parte hartuko dute: Gizalde, Bizi Bide, Gipuzkoako Itxaropen Telefonoa, Odol Emaileak, Aspace, AGI, Mairi, Katxalin, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan, Gurutze Gorria, Caritas, Acabe Gipuzkoa, Agiac, Arnasa, Bihotzez, Nagusilan, Asebier, Mugarik Gabeko Arkitektura eta Adinekoen Kontseilua.
Gonzalezek guztiei eskerrak eman zizkien. «Boluntariotzak erakundeen erantzukizuna eta profesionalen lana osatzen eta aberasten du, laguntzaren, gertutasunaren eta konfiantzazko harremanen bidez. Udalak herritarrei gonbidapena luzatzen die azaroaren 27an azokara hurbildu eta ikastaroetan parte hartzeko. Elkarteen lana ezagutzeko eta norberak komunitateari zer ekarpen egin diezaiokeen aurkitzeko aukera izango da».
