Zenbat lagunek osatzen duzue eskalada taldea?
Batez ere lau lagun ibiltzen gara baina zeharka jende askoren laguntza jasotzen dugu. Geroz eta zaletu gehiago dago Urretxu-Zumarragan, eta ondorioz, geroz eta lagun gehiago biltzen gara eskalada inguruko giroan.
Noiz elkartu zineten talde bezala?
Guri eskaladarako zaletasuna aspalditik datorkigu, baina esan liteke bakoitza bere tasa ibili dela denbora luzean, azkenean elkartzea erabaki genuen arte. Hau gutxi gora behera duela urte bete inguru gauzatu zen.
Zein helburu lortu nahi zenuten elkartzean?
Gehienbat, eskalatzeko entrenamenduak egiterako garaian bakarrik ez egotea zen hasierako gure asmoa, guztiok aurretik eskaladan ibilitakoak izanda, batak bestearengandik ikastea ere espero genuen, lagunartean ondo pasatu eta aldi berean norberaren eskalada teknika eta gaitasuna hobetzeko.
Non ibiltzen zarete eskalatzen?
Herrian, entrenatzeko leku egokirik ez dagoenez, geure rokodromoa egin dugu behar bezala entrenatu ahal izateko. Bestela Eginora, Araotzera eta Riglos bezalako tokietara joaten gara eskalada mendian bertan egitera.
Zein ekitaldi antolatu dituzue orain arte talde moduan?
Gure kabuz egindako ekitaldi bakarra Gainzurin antolatu genuen eskalada ihardunaldia izan zen, dena den laguntzaile moduan toki askotan ibili gara. Urretxuko festetan antolatutako eskalada txapelketan, Mineralogia astean) haurrentzako antolatutako eskalada ekitaldian, Legorretan ere ibili izan gara honelako gauzak antolatzen eta abar.
Rokodromoa eskatzen duzue, nolakoa behar du izan? Zein arazorekin egin duzue topo egitasmo hau aurrera eraman ahal izateko?
Dagoeneko Urretxuko kirol zinegotziarekin gaiari buruz hitz egiten aritu gara baino ez dugu erantzun garbirik jaso, oraindik udal bakarrarekin jarri gara harremanetan. Gure asmoa Zumarragako ordezkariekin hitz egitea da. Hau lortzeko oztoporik handiena, beti gertatu ohi den bezala, ekonomikoa da. Bigarren arazoa eskalada munduan dagoen tabua izango litzateke eskalada arriskuarekin lotzen baita beti. Hala ere, behar bezala eginez gero, oso kirol segurua da eta neurriak hartuz gero ez luke inongo arriskurik egon behar.
Zer nolako zaletasuna dago herrian?
Herri mailan jendeak uste baino zaletu gehiago dago eskaladaren munduan interesaturik. Guzti hauentzako ez dago toki egokirik entrenatu ahal izateko. Rokodromoa eginez gero, entrenatzeko tokia izateaz gain, jende hasi berriarentzat ikastaroak eta honelakoak antolatu daitezke eta era honetan afizioa sortu.
Zergatik eskalada eta ez beste kirol bat?
Mendiarekin erlazioa duen kirola delako eta guk betidanik izan dugulako mendi zaletasuna. Gainera, eskalada munduan sortzen den giroa eta hauen inguruan mugitzen den jendearekin lotuak sentitzen gara.
Zer behar da edo egin behar da eskalatu ahal izateko?
Batez ere, gogoa eduki behar da eta diru pixka bat ekipoa erosi ahal izateko. Dena den ez da diru asko behar, 100.000 pezetarekin ekipo osoa erosi daiteke. Lagun artean ibiliz gero denon artean erosi daiteke ekipoa merkeagoa izan dadin. Gainera, eskalada gutxienez bi lagunen artean egin beharreko kirola da, bata mendian eskalatzen ari den bitartean besteak sokak eutsi behar dituelako bestea seguro egon dadin.