Udaberri kanpaina bukatzeko Etxarrira abiatu ginen herriko kolonia txiki bat Askagintzak antolaturiko Bizirik egunean parte hartzeko. Aldiri Kultur Elkarteko erraldoi konpartsa, soinujole, Alboka joleak eta beste aritu ziren. Mahai informatiboak antzerkiak, pailazoak, musika taldeak, umeentzako joko parkea eta abar izan ziren joan ginenentzako. Eguraldi onaz gozatzeko aukera izan genuen, baina jende gutxi hurbildu zen.
Gazte Asanbladarekin batera “Askatasuna Lantzen” bideoaren aurkezpena egingo dugu Kultur Etxean, Askagintzaren hamar urteetako lana, helburuak eta abar ezagutzeko aukera izango dugularik. Bideoa ikusi eta gero bakoitzaren iritzia jasoko dugu, guretzako garrantzitsuena pertsona bakoitzaren askatasuna eta autodeterminazioa delako.
Askotan ekintzak espero bezala irteten ez direnean etsipenak hartzen gaitu eta gure buruari honetan zergatik jarraitzen dugun galdetzen diogu. Erantzuna bat-batean sortzen da gure barruan eta jarraitzeko animatzen gaitu. Orain arteko sistemak frakasatu egin du. “Drogei ezetz esan” eta antzeko kanpainen atzean dabiltzanak ez dira konturatzen (edo beharbada bai) honela ez dutela ezer konponduko sekula santan. Drogak beti egon dira gure artean eta hor jarraituko dute.
Beraz ikusi behar duguna beraiekin bizi eta bakoitzaren askatasuna landu behar dela da, prebentzio on batekin drogen menpekotasunean erori gabe. Hau posible da eta horretan denok lan egin behar dugu, pertsona aske eta arduradunak eraikitzen. Bidean zailtasunekin topatuko gara, batzuk interesatuak gainera, baina aurre egiteko gauza izango gara.
Bukatzeko fenomeno honekin sentsibilizaturik dagoen edonori luzatzen diogu aukera gure taldean sartzeko. Uste dugu gure ikuspuntua garbi utzi dugula. Ados baldin bazaude animatu eta ongi etorri.