KORRIKA gure hizkuntzaren aldeko kontzientzia suspertu eta AEK-ren esku dauden gau-eskola eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzeko asmoz sortu zen 1980an. Egun, egitasmo orokor hauetaz gain, zehatzago bat ere badu: Nafarroa eta Iparraldean euskarak jasotzen dituen diru-laguntzak urriak direnez, bertako ikasguak sustatzea, alegia, bertan AEK-k helduen euskalduntze alfabetatzean tinko jarraitu ahal izateko.
Helburu hauek guztiak lortzeko bidean, KORRIKAk euskararen alde antolatzen den ekitaldirik jendetsuena eta garrantzitsuenetakoa bihurtzea ere lortu du: azkeneko lasterketetan 600.000 pertsona inguruk parte hartu dute, herriz herri eratutako batzordeetan milaka lagun aritu dira eta kanpainak irauten duen artean ehundaka jaialdi, kultur ekitaldi eta abar antolatu dira.
Jada martxan duguna hamabigarrena da eta bere leloak “Mundu bat euskarara bil dezagun” dio. Honen bitartez AEK-k globalizazioaz hainbeste hitz egiten den garai honetan, munduko hizkuntza eta kulturen iraupenaren garrantzia azpimarratu nahi du. Globalizazioak kultura guztiek elkarri eraginez bizitzeko aukera eman behar du. Beraz, KORRIKA 12k euskara eta euskal kulturaren iraupenak duen garrantzia azpimarratu nahi du. Euskara munduko herritar guztion ondarea da eta euskara normalizatua beharrezkoa dugu. Euskaldunon hizkuntz eskubideak bermatzeko eta euskararen lurralde osoan eta arlo guztietan behar duen tokia aldarrikatzeko guztion ahalegina behar da: mundu bat euskarara bildu behar da KORRIKA.
Mundu bat euskarara bildu nahi duen aurtengo lasterketa martxoaren 29an Gasteiztik aterako da eta apirilaren 8an Baionara helduko da eta urtero bezala AEK-k euskararen aldeko ihardunean nabarmendu den talde edo gizabanako bat omenduko du. Aurtengo KORRIKAk kultura guztiek gaurko munduaren kultura globalari egin beharreko ekarpenaren garrantzia azpimarratu nahi duenez, AEK-koek euskal kulturaren ekarpen nagusienetakoa den eta sustraiei uko egin gabe aro modernoaren beharretara egokitzen jakin duen bertsolaritza omentzea erabaki dute. Hori dela eta, atzoko eta gaurko bertsolari, gai-jartzaile, bertso-paper biltzaile eta, orokorrean, bertsolaritzaren garra pizturik mantentzen lagundu duten bertsozale guztien izenean Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak jasoko du omenaldia.
Baina, aipatu bezala, bertsolaritzari eskainitako omenaldia eta KORRIKA lasterketa heldu aurretik, hilabete honetan guztian lasterketa ororen aurretik egin beharreko beroketa egiteko aukera dugu KORRIKA kulturalaren eskutik. Izan ere, Legazpi, Urretxu eta Zumarragako KORRIKA batzordeak ere martxoan egingo diren hainbat ekitaldi antolatu ditu lasterketak gure bi herriotara tupustean heldu eta beroketarik egin gabe harrapa ez gaitzan. Aurtengo KORRIKAk bertsolaritza omenduko duenez, Urola Garaiko batzordeak ere bere omenaldi txikia eskaini nahi izan dio eta bertsolaritzak toki garrantzitsua izango du hiru herriotako KORRIKA kulturalean. Hasteko, bertso-afaria egingo da eta bertan bi herriotako bertso eskolaren eta Legazpikoaren arteko derbya izango da. Txartelak tabernetan salgai dituzue eta anima zaitezte, herritarrek jendearen animuak beharko dituzte eta azkenaldian harro-harro dabiltzan legazpiarrei gailentzeko!
Oraindik zehaztu gabeko asteburu batean, berriz, bi herriotako bertso-eskolak bertso trama antzeztuko du The Intrepid Fox tabernan. Bukatzeko, haurrek ere izango dute KORRIKA kulturalaz gozatzeko aukera, KORRIKA batzordeak martxoko astebururen baterako eurentzat ekintzaren bat antolatzeko asmoa baitu. Kaleetan jarriko diren kartelen bidez izango duzue honen guztiaren berri.
Ekitaldi hauen guztien ostean, apirilaren 2an KORRIKA lasterketa Zumarraga eta Urretxura helduko da Deskargatik iluntzeko 10:30ean. Sabela hutsik dela fundamentuz KORRIKA egiterik ez dagoenez, KORRIKA batzordeak trikitilariek alaituriko afari arina eskainiko die apirilaren 2ko iluntzean Areizaga-Kalebarren plazara hurbiltzen direnei.
Euskararen lasterketan parte hartzeaz gain, AEKri dirulaguntza eskaini nahi badiozue, Euskadiko Kutxako 072.0.00571.0 kontu korrontean nahi duzuen diru kopurua sar dezakezue edo Bisasti Euskaltegira deitu (943 72 24 57) eta Zumarraga-Urretxuri dagokien kilometroetako bat erosi. Bestalde, KORRIKA 12ko arropa erosi nahi baduzue, tabernetan har dezakezue katalogoa eta ondoren Bisasti euskaltegira deitu enkargatzeko.