Zerk bultzatu zintuen aizkolaritzan hastera?
Nik uste dut, guztiei bezala zaletasunak bultzatu ninduela. Nik berezko afizioa neukan, baina koadrilako giroak lagunduta edo, apustu bat onartu nuen eta hortik aurrera ba… honaino.
Nolakoa zen garai hartako aizkolaritza giroa?
Ona, oso ona. Beste gauza askorik ez zegoen, baina herri-kirol asuntoak indar asko zuen. Guretzat, zaletasuna geneukanentzat, oso polita zen aizkolaritza inguruan sortzen zen giro hartaz gozatzea. Gaur egun afizioa ere badagoela uste dut, baina ezberdintasuna gazteetan dago: Egungo gazteek ez daukate afiziorik, lehen gazte asko hasten ziren, nahiz eta beste kiroletan bezala asko erdibidean geratu. Saioak ikustera ere gazte mordoa joaten zen, egun, ordea,… gutxi ikusten dira plazetan.
Asko aldatu al da?
Bai, bai, gazteek ez dute honetaz asko jakin nahi. Dena dela, garai bateko baserri giroak, eta mendi lanak ere zerikusia izan du honetan. Lehen aizkora gehiago erabiltzen zen, orain, ordea, motozerrarekin egiten da mendi lan hori guztia. Honek bere garrantzia izan du aizkolaritzaren gainbeheran.
Indarrean dauden markak aspaldikoak dira. Zer dela eta ez dira hobetzen?
Beno bai, baina batzuk ez dira hain aspaldikoak, duela 5-6 urtekoak baizik. Marka hauek ez dira hobetzen aizkolari berririk ez delako ateratzen. Guk, nire garaiko aizkolariek, ezarri genituen marka horiek, baina era berean adinak ez du barkatzen eta marka hauek hobetzea ia ezinezkoa da. Hau gutxi balitz, ez dator hor inor ate joka, beraz … Bizpahiru, aizkolari gazte badaude, Arria, Nazabal, … baina azken honek ere 33 dauzka eta jada markak hobetzeko garaia pasa zaiola uste dut.
Esaten denez, gaur egungo gazteek ez dute sofritzeko kemenik. Agian honegatik doa gainbeheran aizkolaritza?
Ez, ez dut uste hori denik. Sofritzearena ez dela arazo pentsatzen dut. Beste kiroletan ere, dela pilotan, dela futbolean, dela txirrindularitzan, sofritu beharra dago zerbait egin edo lortu nahi baduzu. Aurreneko motiboa afizioarena da, eta gero gastuen arazoa dago, izan ere kirol garestia da.
Lehen ere gastuak egongo ziren ezta?
Bai, baina lehen apustu bat zegoenean, koadrilan 5-6 lagun elkartzen ginen eta elkarri laguntzen genion, baina egun hori ez da ematen jada. Baina nik uste dut, orain gazte bat zaletasun eta gogoarekin aterako balitz, jendeak lagunduko liokeela, halere hori ikusteko dago.
Duela gutxi aizkolari gazte bat mendean hartu duzu txapelketa batean. Hau mundu honetan jarraitzeko pizgarri bat izan liteke?
Bai, zalantzarik gabe asko poztu nintzen Arriari irabazi nioenean. Aizkolaritza munduan jarraitzeko pizgarri bat izan da. Galdu izan banu nire erretiroa litzateke segur aski. Baina era berean "landare" bati lepoa moztu diot, motibazioa moztu diot, bera baina dezente zaharrago baten aurka "paliza" bat jaso du eta hori ez da batere atsegina.
Zer nahiago dituzu apustu edo txapelketak?
Ni txapelketen aldekoa izan naiz beti. Apustuetan dirua jokatzen duzu, beraz, presio gehiago daukazu.
Azken 15 urteetan izenak aldatu dira ala berdinek jarraitzen duzue?
Ez, berdin berdinek jarraitzen dugu. Ez dago jende berririk. Betikoak gaude, Mindegia, Olasagasti, Larretxea, Peñagarikano, Nazabal eta ni neu. Gazteen artean, ordea, Arria bakarrik azaltzen da.
Nolabaiteko plan berezirik jarraitzen al duzu forman mantentzeko?
Entrenamendu gogorrak egiten ditut, baina ez bereziak. Mendian ibiltzen naiz, edo korrika eta gero Ezkio-Itsasoko txoko baten aizkorarekin aritzen naiz astean bizpahiru aldiz. Lehen pisuak altxatzen nituen gimnasioan, baina orain jada ez. Etxean, aldiz, ariketa batzuk egiten ditut nire kaxa.
Aizkolaritzan hainbeste urte eman ondoren anekdotarik izango duzu…
Bai, 97ko txapelketa bateko finalean, 2 minutu ateratzen nizkiola nire jarraitzaileari, baina saioa bukatzeko 4 kolpe, egur erdia falta zitzaidanean, oxigeno falta eduki nuen eta erdi zorabiatu egin nintzen. Oso gaizki pasatu nuen.
Doping-ik ba al dago itxuraz hain garbia den kirol honetan?
Egon izan da positibo eman izan duen aizkolariren baten kasua, baina apustu eta txapelketa guztietan kontrolak pasa behar izaten ditugu. Dena dela, herri-kirolak garbi mantentzen dira aspektu honetan beste kirolekin konparatuz gero
Zer moduz ikusten duzu egungo aizkolaritza? Eta etorkizunean?
Oso etorkizun beltza ikusten diot. Nire belaunaldikoak goraka goaz adinean, ezingo dugu beti lehian egon. Aizkolariak egongo dira, baina kalitatea asko jaitsiko da. Aizkolaritzak bizirik iraun dezan elkarren artean borrokan, entrenatzen eta prestatzeko motibazioarekin dauden 3-4 gazteren presentzia behar da.
Zer moduz orain Urrezko Aizkoran?
Momentuz ondo, bi kanporaketa gainditu ditut eta orain final erditako ligatxoan nago, Peñagarikano eta Mindegiarekin batera. Baina zaila daukat pasatzea, azken 2-3 urteetan aizkoran gehiegi ibili gabe egon naiz eta horregatik eskaileraren azpialdean kokatu ninduten txapelketa hasieran. Txapelketa honen ondoren jaialdi eta erakusketa batzuetan parte hartuko dut, baina jada lasaiago, eta ikusiko dugu noiz iristen den erretiratzeko ordua.