Zer iritzi duzue herri kirolek bizi duten egoeraz?
Egoitz Armaolea: Nire ustez egoera ez da txar-txarra, baina ona ere ez.
Angel Errazu: Ni mutikoa nintzeneko garaietako apustu haiek, Tolosako, Donostiako… plazan milaka pertsona biltzen zituzten apustu haiek, falta dira. Gaurko gazteek kotxetan, mototan… amets egiten dute eta baserrietan ez dago garai bateko zailtasunik. Ez dute segan, jorran… aritu beharrik. Urretxu-Zumarragako Herri Kirol Elkartea, guk ordainduta, mutikoak prestatzen ibili gara eta ezinezkoa dela ikusten da: gazteek sofritzea baino nahiago dituzte beste gauza batzuk.
Angel Arrospide: Kirolariak ere kulpa badu. Garai haietan hiru lau urtean behin apustu bat egiten genuen, exhibiziorik ez zen izaten…
Ino Ugarteburu: Garai batean herriko festetan ez zen herri kirol jaialdirik izaten, ezta txapelketarik ere, ni gaztea nintzen garaian jendea herri kirolak ikusteko desiatzen egoten zen.
Angel Errazu: Egun indar handiena duena idi probak dira, Bizkaian batez ere. Igo den herri kirol bakarra da. 12-13 urte nituela aitonarekin joaten nintzen Azkoitiko idi-probetara. Egun askoz ere publiko gutxiago hurbiltzen da.
Egoitz Armaolea: Egun Deba, Elorrio, Abadiño… soilik dira plaza onak. Gazte jende asko hasia da idi probatan.
Urretxu-Zumarragan egoera antzekoa al da?
Ino Ugarteburu: Gure elkarteak azkenaldian egin duen bakarra ekitaldiak antolatzea da, ez baitugu herrian herri kiroletan arituko den jenderik.
Angel Errazu: Herrian aizkolari bat badugu, Elorriaga, nahiz eta urtetan aurrera doan. Baina gazterik ez dago. Egoera tristea da. 1981ean Euskadiko txapelduna izan zen sokatira taldea ere 91n desagertu zen. Zergatik desagertu zen? Sokatirak sakrifizio handia eskatzen duelako. Ez da aizkolari, harrijasotzaile edo probalari baten antzera. Hauek euren entrenamenduak iruditzen zaien modura eraman ditzakete, baina zortziko talde bat egiteko 14 bat lagun behar dira eta hauek guztiak koordinatzea oso zaila da. Sokatirak ez du batere dirurik ematen, gainera. Nik eta neure inguruan ibili direnek diru asko gastatu dugu gure poltsikotik. Euskal Herrian alde batetik bestera ibili ginen geure autoetan. Bestalde, goi mailan aritzeko diziplina behar da. Pentsa, gazte asko sokatira taldean aritzen zen Goldenen sarrerak eta tragoak doan izateko. Hori dela eta, Goldeneko jabeei hori moztu egin behar zela esan genien. Egun sokatira talderik ez dago, baina beharbada hemendik urte batzuetara izango da. Duela urte asko zergatik funtzionatzen zuen Urretxun santanastasietako astelehenak eta orain zergatik ez? Orain kanpoko jendeari deitu behar izaten diogu…
Ino Ugarteburu: Duela hamar bat urte aizkoran egiteko kualidade onak zituzten bi gazte izan genituen. Jarraituz gero aurrera egingo zuten, baina nazkatu egin ziren. Oraindik ere aterako dira bazterren batean, baina lehenago aritutakoen semeak izango dira. Dena den, hauetako asko ere ez dira oso urrutira iritsi.
Angel Errazu: Ez dago herri kiroletan dabiltzan gazte asko duen herririk. Urretxu eta Zumarraga baino bajuago dauden herri asko daude Gipuzkoa mailan. Egoitz idi-probetan elitean, dago.
Ino Ugarteburu: Aizkoran, Yurrebaso, Ugarteburu… egon dira. Herri asko okerrago daude. Gazteak ez datoz, baina beste herrietan ezta ere.
Herrian jaialdiak antolatzen direnean, ordea, afizioa badagoela dirudi…
Ino Ugarteburu: Kirolzaleak badaude, baina praktikatzen duenik ez dago. Gainera, herri kirol probetan ikusten diren asko inguruko herrietatik eta baserrietatik etorriak dira. Sarrera jarriko balitz inor ez litzake joango. Hori dela eta, herri kirol elkartekook ahalik eta ikuskizunik onenak ekartzen saiatzen gara. Zumarragako Udalari baserritarren eguna astelehenean izatea ez zela egokia esan genion, baina iaz Haimar harrijasotzailea ekarri genuen eta jendea etorri zen. Jendea joaten dela ikustea guretzat pozgarria da. Jende heldu gehiago joaten da, baina gazteak ere bai. Duela urte batzuk harrijasotzaile txapelketa bat jarri genuen Zumarragako jaietan. Egun hartan koadrilen bazkaria zen toki berean eta haiek begiratu ere ez zuten egin. Zenbat gazte joaten da Urrakiko rallya ikustera? Nik semea eta lagunak hara eramaten ditut. Nik ordainduta Tolosara aizkolariak ikustera joateko esaten diet eta ezetz esaten dute.
Lehengo eta egungo herri kirolen artean ezberdintasunik ikusten al duzue?
Angel Errazu: Kirol guztietan prestaketa asko aldatu da. Bestalde, aizkoran, esaterako, erreminta aldatu da. Harrijasotzeari dagokionez, oraingo harriak losak dira: lehen harrijasotzea zen eta orain karga jasotzea. Izan ere, barruan beruna dute. Lehen horri kargatzea esaten zitzaion. Bestalde, esan bezala, lehen apustuak soilik egoten ziren eta jendea joateko desiatzen egoten zen. Orain, berriz, ikusteko aukera gehiago dagoenez normala da jende gutxiago joatea.
Angel Arrospide: Hau duela hamabost bat urte izorratu zen. Ia-ia igandero saioak egoten ziren eta honek jendea aspertu egin zuen.
Ino Ugarteburu: Hori dela eta, aktibidade desberdinak ekartzen saiatzen gara jendea pixka bat motibatzeko. Zaletuak edonor ikustera joango dira, baina gainontzekoak erakartzen saiatu beharra dugu. Hori dela eta, jende berria ekartzen saiatzen gara.
Bizitza modernoak herri kirolen gainbeheran eragina izango zuen…
Angel Arrospide: Herri kirolak baserriko lanetatik datoz. Orain baserrietan ez dago ia gazterik.
Ino Ugarteburu: Eskulana galtzeak eragin handia izan du idi-probetan, esaterako. Lehen baserri gehienetan idiak izaten zituzten lanerako eta baserri gehienek zuten lehiaketetara aurkezteko moduko idi pare bat.
Egoitz Armaolea: Egun, berriz, idi-probetan aritzen direnak idiak horretarako propio dituztenak soilik dira.
Pilotak, ordea, arrakasta handiago du…
Ino Ugarteburu: Bai, baina Zumarraga eta Urretxuk lehen herrien arteko txapelketarako bi talde polit ateratzen zituzten. Gaur, berriz, ez da halakorik gertatzen.
Angel Arrospide: Nire ustez pilotan ere antzerako zer edo zer gertatzen da. Jendeak ez du sofritu nahi.
Angel Errazu: Harrijasotzea ere, nahiko ondo ikusten dut. Dozena erdi bat gazte badatoz.
Angel Arrospide: Besagain enpresa aizkolarien frogak antolatzeaz ere arduratzen da. Horretaz gain, komentatzen da, aizkolariak alde batera edo bestera ibiltzeko ere kontratatuko dituela. Dena den, gauza guztietan antzera dabiltza gauzak: pilotan ere 2. mailako partidetara ez doa inor.
Zer egin daiteke herri kirol mundua indarberritzeko?
Angel Arrospide: Afizioa behar da eta hau berezkoa izan behar da. Eskoletan saiatzen dira gazteak herri kiroletara zaletzen, baina ez du behar bezalako emaitzarik ematen. Herri kirolak gogorrak dira, baina kirol guztiak dira gogorrak. Fin ibiltzen saiatzen baldin bazara, kirol guztiak dira gogorrak. Aizkoran ibiltzea ez da gogorra, lehiatzea da gogorra. Konpetizioak beti behar du gogorra izan.
Ino Ugarteburu: Norbaitek herri kiroletan aritu nahi balu, laguntza guztia izango luke. Guk gustura erakutsiko genioke eta lagunduko genioke, gure bizitza baita.