Ostegun hartako lehen ordutik izan genuen gertatutakoaren berri, baita lehen unetik eta guztien ahotan entzun ere, bertsio ofiziala. Askoren buruan, ezin dezakegu uka, euskaldunoi gainera zetorkigunaren tamaina ezin genuela neurtu zegoen. Era berean, Euskal Herritik kanpo, eta zehatzago, Madril inguruan euskal presoak ditugun senideon buruan, gure senideek egoera nola bizi zuten kezka genuen.
Ordura arte kezka zirenak, eguerdirako konfirmatu ziren: irrati batean entzundakoak eta interneteko egunkari pare batean irakurriak, Alcala Mecon euskal preso politikoek “arazoak” eta “enfrentamenduak” izan zituztela zioten; gutxira Soto del Real; ondoren Aranjuez. Gogoratu Soto del Realen Miren Josu Aranburu eta Aranjuezen Joseba Garmendia eta Joseba Segurola urretxuarrak preso daudela.
Berriek, Madrileko gertakarien ondorioz preso sozialak euskal preso politikoen aurka altxatu eta enfrentamendu gogorrak egon zirela zioten. Horretaz gain, euskal presoak ziegetan isolatu zituztela.
Albiste labur eta informazio eskasa. Euskal komunikabideetan gutxi hedatu eta berehala itzali zena. Bitartean hemen geundenon artean kezka handituz zihoan, preso ditugun senideekin komunikatzeko modurik ez genuen eta. Egoera gogorra zen. Berrien falta handia. Inpotentzia ikaragarria.
Herriko jendeak izan zuen albistearen berri; etxe eta sakeleko telefonoak jo eta jo hasi ziren. Denek inor gutxik genuen informazioaz galdezka deitzen zuten.
Ostegun hura luze joan zen guretzat. Denok senideen deiaren zain edota berri bila ginen, telefonoa ondoan, irratia gertu eta interneten bila eta bila. Zuzenean komunikabideetara berriez galdezka deitu zuenik ere izan zen gure artean, baina ez zegoen ezer zehatzik. Etxerateko bulegoan ere gauza gutxi zekiten oraindik ere.
Asteburuan bisitak zeuden eta bidaia egin behar zutenen artean beldurra eta kezka nagusi zen. Ostegunean egoera zegoen bezala, ez zen batere gomendagarria ostiralean Madrilerantz abiatzea.
Ostiral goizetik bestelako saiakerarik egin zen. Esaterako, Soto del Realeko presondegira egoeraren berri jakiteko eginiko deiak. Alferrikakoa, telefonoaren bestaldeko funtzionario eta asistenteek ez zuten inongo berririk ematen, ez presoen egoerari buruz, ez eta asteburuko bisitak mantenduko ote ziren ere. Informazio sekretua omen zen, antza, eta beraiek ez zeuden baimenduak halakoen berri emateko. Kartzelako segurtasuneko arduradunekin kontaktatzea ezinezkoa izan zen.
Aranjuezeko egoeraren berri zuzena ostiral arratsaldean izan genuen. Joseba Garmendiak eginiko telefono dei laburrean, ziegetan isolatuak zeudela eta ostegunean, batez ere 3. moduluan izan zirela arazoak zioen. Modulu horretan Joseba Segurola zegoen. Preso sozialak, ostegun goizeko lehen berriekin, euskal preso politikoen aurka jo zuten, eraso eta enfrentamenduak zuzenak izan zirelarik. Presondegiko zuzendaritzak modulu guztietako euskaldunak ziegetan bakartzea erabaki zuen, bertatik ordubete bakarrik irteteko aukera emanez, beti ere beste presoekin ez topatzeko txandatan. Ziegetan “itxita” zeudelarik beste presoen eraso, irain eta mehatxuak jasan behar izan zituzten. Aipatu, “itxita” zegoen euskal preso baten ziegako atea indarrez erdi zabaltzea lortu zuela preso sozial talde batek erasoa burutzeko asmoz, aipaturiko euskal presoa lexiazko botila batekin erasoa ekiditen saiatzen zen bitartean. Beste modulu bateko euskal presoei sukaldean zituzten tresnak erre zizkieten eta bazkari bandejak jasotzera zihoazenean, janariari lexia bota ziotela ohartarazi zien norbaitek.
Egoera honetan, eta giroa lasaitzen ari zela zioten arren, Aranjuezeko euskal presoek asteburu hartako senide eta lagunen bisitei uko egitea erabaki zuten, guztion segurtasuna bermatzearren.
Soto del Realeko emakumeen moduluan bizitako egoera ere zaila izan zen. Ostegun goizean, preso sozialak euskal presoen aurka ekin zuten irain eta oihuka. Mehatxuak ugaritzen hasi ziren eta euskaldunak ihes egin eta beren ziegetan nolabait babestu ziren, funtzionarioen pasibotasunarekin. Azken hauek ez zuten ahalegin gehiegirik egin egoera lasaitu ezta laguntzeko ere.
Presondegiko zuzendaritzak euskaldunak isolatzea erabaki zuen. Ziegen barruan presioa handia izaten jarraitu zuen. Eguneko 24 orduak ziegan pasa behar izan zituzten. Funtzionarioek janaria ate ondoan (lurrean) uzten zieten eta hankarekin ziega barrura bultzatu. Asteburuko bisita egiterik izan zuten Sotora hurbildutako senide eta lagunek.
Isolamendu egoera honek bost egun iraun ditu bai Soto del Realen, bai Aranjuezen. Azken honetan euskal preso politikoak moduluz aldatu dituzte. Egoera bideratzen saiatzen ari dira eta hainbat preso sozialek barkamena berehala eskatu diete euskal presoei. Soton, ordea, ziegatik ateratzean mehatxuak manteAndu izan dira oraindik.
Bestalde, Salamanca eta Curtisen, Mertxe Galdos eta Gonzalo Rodriguez ezkiotarrak preso dauden espetxeak, lehenengo tentsio uneetatik ez zen pasatu hasera batean. Baina gerora, osteguneko gertaerek sorturiko giroa aprobetxatuz, kondena betetzen ari diren euskal preso politikoei 1. gradua aplikatzea erabaki zuen Madrilek. Ondorio zuzenak, isolamendu ziegak eta komunikazio murrizketak epe mugagabean.
Gure senide presoek nabarmentzen zutenez, Madrileko komunikabideek, martxoaren 11n gertatutakoaren inguruan astelehenean ematen zituzten berrietan, oraindik lehen eguneko bertsioa zen nagusi.
Herriko presoen senideok, egoera gogor honen berri eman eta herrira zabaltzeko beharra ikusi dugu, horrelako gaiek komunikabideetan duten oihartzun eskasa ikusirik. Argi dago euskal preso politikoen eskubideak ez daudela euskal komunikabide eta alderdien agendan. Euskal presoen eskubideak ez daude modan, antza!