Mireia oso gaztetatik zaletu zen beisbolaren antzekoa den sofbol kirolera. Izan ere, aipatu moduan, aitak Urolaren taldea entrenatu zuen eta talde horretan bere ahizpa nagusiak jokatzen zuen. "Nire ahizparen partidak ikustera joaten nintzen eta gaztetxoen taldea sortu zenean, 10 urterekin, Urolan jokatzen hasi nintzen".
Urolaren sofbol taldeak bizitza laburra izan zuen, baina Mireiak sofbolaren harra barruraino sartua zuen eta jokatzen jarraitzea erabaki zuen. "Beasainera joan nintzen jokatzera eta, han nengoela, Atletico San Sebastian taldekoek Espainiako txapelketa jokatzeko deitu zidaten. Ondoren, beraiekin jarraitzea eskaini zidaten".
Mireiak eskaintza onartzea erabaki zuen. Baina Zumarragan bizi denez, La Sallen DBH ikasten ari da, ez du taldearen entrenamenduetara joaterik. "Astean bi edo hiru aldiz herrian entrenatzen dut aitarekin eta ostiraletan Donostiara joaten naiz taldekideekin entrenatzera. Orain egunero entrenatzen hasi behar dut, aurki Espainiako txapelketa jokatu behar baitugu Galizian. Aita entrenatzailea izatea abantaila handia da eta berak erakutsi digu bai ahizpari eta bai niri sofbol kontuan dakigun guztia".
Aita bere alabez harro dagoela ez da esan beharrik: alaba nagusiak, Asturiasera ezkondu zen arren, sofbolean jokatzen jarraitzen du eta gaztea, 14 urterekin, helduekin jokatzen hasiko da aurten. "Orain arte kadete mailan nengoen eta kadete mailako zein jubenil mailako taldeetan joka nezakeen. Aurten, berriz, jubenil mailara pasako naiz eta senior mailakoekin ere jokatzeko aukera izango dut. Aitari ez dio grazia handirik egiten, txikitu egingo nautela dio, baina nik gogo handia dut".
Mireia taldeko gazteena izango da, baina ez dio inongo lotsarik edo beldurrik ematen Donostiara zaharragoekin jokatzera joateak. "Oso gustura nabil. Entrenatzailea oso jatorra da eta orain arte partida asko jokatu ditut. Izan ere, bi taldetan aritu naizenez, astebururo lau bat partida jokatzen ditut. Gainera, asko irteten gara: Valentzian izan gara Espainiako txapelketa jokatzen, Italian ere izan ginen Europa mailako txapelketa bat jokatzen… Zortzi taldek parte hartu genuen eta azkenak gelditu ginen, baina errepikatzeko moduko esperientzia izan zen".
Gipuzkoa mailan, ordea, Atletico San Sebastian sofbol talde garrantzitsuena da, Orioko Bate Bizkorrak taldearekin batera. "Oriokoek ez dute kadete mailako talderik, baina helduen taldea ohorezko mailan dago. Gipuzkoan ez daude sofbol talde asko, baina oso kirol polita da eta jendea sofbolean jokatzera animatzea gustatuko litzaidake. Izan ere, talde gutxi gaudenez, beti elkarren artean jokatu beharra dugu. Hala ere, Espainiako txapelketetan nahiko ondo aritzen gara: kadete mailako taldearekin bi aldiz irabazi dugu eta jubenil mailako taldearekin bosgarren eta laugarren gelditu gara".
Txapelketak irabazteaz gain, Euskadiko selekzioarekin ere jokatu izan du. "Kadete mailako selekzioarekin partida dezente jokatu ditut. Aurten jubenil mailako selekziorako ere hautatu naute, baina, lesionatuta egon naizenez, ez dut joaterik izan". Estatu espainiarreko hautatzaileek ere Mireia begiz jota dute dagoeneko. "Aste Santuan Bartzelonako CAR-en (errendimendu altuko zentroan) ere izan nintzen, nire taldekide batekin eta Orioko taldeko neska batekin. 2006ko Europako txapelketarako Espainiako selekzioa berritu nahi dute eta asko irakatsi ziguten. Dena den, ez dut uste Espainiako selekzioan jokatzeko deituko didatenik, nahiko adin txarrean bainago".
Dena den, Mireiak ez du amore emateko asmorik. "Luzaroan jokatzen jarraitu eta egunen batean Espainiako selekzioarekin jokatu nahi nuke. Horretarako, asko entrenatu beharra dut oraindik. Talde mailan, Atletico San Sebastian taldean jarraitzeko asmoa dut. Gure senior taldeak ohorezko mailara igotzea lortu du, baina diru falta dela eta, ez du maila horretan jokatzerik. Bere garaian Orioko taldean jokatzeko aukera izan nuen, baina Atletico San Sebastian taldekoak jada ezagunak nituenez, Donostiakoekin jokatzea erabaki nuen. Ez naiz damu, jubenil mailan partida gehiago jokatzen baititugu. Oraingoz, ez dut taldez aldatzeko asmorik".