Oihana Mondejar, Basetxeako urretxuarra (100. alea)
Nolatan eman zenuen izena Basetxean parte hartzeko?
Ez nuen nik deitu izena emateko, nire lagun batek baizik: La flecha amarilla lehiaketa irabazi zuen Aitorrek. Egun batean Aitorrek Basetxea saioko erredaktore batek neska gutxi zituztela esan ziola eta nitaz hitz egin ziola esan zidan. Aitorri La flecha amarillan parte hartzea gustatuko litzaidakeela esan nion behin, baina ez nuen Basetxean parte hartzeko inongo asmorik. Basetxea egiten dutenei deitu nien eta casting-era joan nintzen. Aukeratu egin ninduten, baina bitan ezetz esan nien. Azkenean, oporretan nengoenez, joatea erabaki nuen.
Espero al zenuen hautatua izatea?
Casting-ean galdera batzuk erantzun eta kamera aurreko frogak egin genituen. Estrategiaren bat erabili edo maltzurki jokatuko ote nukeen galdetu zidaten eta, ezetz esan nienez, ez nindutela hautatuko pentsatu nuen. Nire taldeko gehienak izaera egonkorrekoak ginen eta ikusleentzat aspergarriak izango ginela uste nuen, baina saioak ondo gelditu direla uste dut. Dena den, teknikariek “Flanders-tarrak” (Simpsons marrazki bizidunetako familia) deitzen ziguten.
Noiz izan zineten Karrantzan saioa grabatzen?
Abuztuaren 23an joan ginen eta bukaera arte egon direnek 38 egun eman dituzte bertan. Ni 12 egun egon nintzen. Nire asmoa ez zen irabaztea, esperientzia berri bat bizitzea baizik. Azkenerako etxera joateko gogoa nuen. Basetxea abenduan bukatuko da, saio berezi batekin.
Kamera aurrean nola jokatu esaten al zizueten?
Egunean zortzi ordu edo izaten ginen kamera aurrean: goizean, arratsaldean eta lo hartu aurretik. Ez ziguten nola jokatu esaten. Frogak hasi aurretik eta bukatu ondoren kamerak grabatzen hasi arteez hitz egiteko soilik eskatzen ziguten. Hiru edo lau egunetan egiten genuenarekin saio bat osatzen zuten.
Gustura ibili al zinen?
Oso gustura. Sei egunetan batere jan gabe egon ginen, baina gure artean ondo konpontzen ginenez, ondo moldatu ginen. Unerik txarrena azkeneko frogakoa izan zen, animalia begiak jan behar izan nituenekoa.
Dena den, halako saioetan elkarbizitza nahiko zaila dela dirudi…
Josebarekin sorpresa hartu nuen, gezurretan ibiltzen baitzen. Nikasiori ere ez nion kasu handirik egiten, bestela kokoteraino bukatzen baitzenuen. Beraiekin arazoak izaten hasi eta berehala aldeegin zuten eta beraien ordez etorri zirenekin oso ondo moldatu nintzen. Oporrak Karrantzan pasa ditudala esan dezaket.
Telebistan ikusi dugun Oihana benetakoa al da?
Ni oso berritsua naiz, baina euskaraz hitz egitea gehiago kostatzen zaidalako edo, ez nuen gehiegi hitz egiten. Kamerak etortzen zirenean kexatu egiten ginen, baina gero kamerez ahazten ginen. Kamerei eta erredaktoreei “Los otros” deitzen genien, hor egon arren ezbaikenituen somatzen. Grabatutako saioak ikusi ditudanean, naizen bezalakoa ageri naizela ikusi dut.
Nolatan utzi zenuen saioa?
Asko argaldu nintzenez, oso ahul sentitzen nintzen. Hori dela eta, etxera itzultzeko gogoa nuen. Taldekideei dueluan parte hartzeko orduan ni bozkatzeko eskatu nien. Hala, galtzen banuen etxera bidaliko ninduten eta irabazten banuen epel-epelean utziko nituen.
Zein izan zen basetxetik irten ostean egin zenuenlehen gauza?
Nire autoa eta kartera zituen lagunarekin gelditu nintzen eta tabernabatera joan ginen. Izan ere, kafesnea faltan somatzen nuen. Gero gozotegi batera joan ginen izozki bat eta Tolosako teilak jatera; teilak jateko sekulako gogoa nuen. Oso gutxi jan nuen, urdaila oso txikitua bainuen. Gainera, azken egunean bi begi eta gibel gordina jan nituen eta urdaila nahiko gaizki nuen. Gauean lagunekin irten nintzen, baina Basetxean utzi nituen lagunak faltan somatu nituen.
Egia da, beraz, orduoro jende berarekin egonez egungutxitan harreman sendoa sortzen dela…
Lehen astean oso gaizki egon nintzen. Basetxeko bizimodura berehala moldatzen da, baina errealitatera itzulera oso gogorra da. Basetxean egin nituen lagunekin egon nahi nuen eta Itziar eta Idoia atera zirenean, hirurok Donostiara joan ginen. Ondoren ere afariak egin ditugu. Oso harreman ona izan dugu.
Dagoeneko Sorginen Laratza saioan izan zara,telebista munduan jarraitzea gustatuko al litzaizuke?
Ez, ez… Sorginen Laratza saioan oso gustura izan nintzen, baina telebista mundua ez dut atsegin. Azken saioko ekitaldira ere joan beharra dut, baina guztiok elkartuko garenez, gustura joango naiz.
Gran Hermano saioan parte hartuko al zenuke?
Inondik inora ere ez. Basetxean parte hartzea erabaki banuen, gurebizitza pribatuan sartzen ez direlako da. Barruan egiten duzunak eta gertatzen denak soilik axola du. Ez nuke nahi nire amak telebistan azaldu naizelako sofritzea. Basetxea Gran Hermano baino askoz ere politagoa da, jendea lanean ikusten baituzu. Gran Hermanokoek erosotasun guztiak dituzte eta egun guztia eztabaidatzen pasatzen dute. Guk, berriz, jateko eta dutxatzeko aukerarik ez genuen arren, giro ona genuen. Dena den, Basetxeako froga batzuk gehiegizkoak dira, begiak jan beharra esaterako.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide