Gaur barregura eman dit, egia esan, baina ez grazia berezia egiten didalako, neure burua kazetari horren tokian irudikatu dudalako, eta hori zelako aukerarik "egokiena". Guri ere, ni eta nire lankideoi, gertatzen zaizkigu horrelakoak, gure "akatsak" oso publikoak direlako. Baina hori ez da dena, egun edota aste berean zenbait iritzi kontrajarri jasotzen ditugu: "Gai horretan alkatetzaren iritzia jaso duzue bakarrik", eta bestaldetik, "gai horretan alkatearekin hitz egin bazenute, informazioa borobila zatekeen" edo "aste osoa daramazue gai berberarekin" eta "orain arte ez duzue ba horren berri eman!"… A, bale…
Hori gaiaz jabetu garenean, ze batzuetan, eta herri informazioa jorratzen dugularik, "ez gara enteratu herritar batek lortutakoaz edota ez dakit ze auzotan gertatutakoaz". Noski, radarra okertuta edo martxan jarri gabe omen geneukan; a ze profesionalak! Beste batzuetan, datuak "okerrak, osagabeak edota berandu emandakoak" dira. Alproja halakoak!
Azkenik, zenbaitetan, eta prentsa idatzia eta ikus-entzunezko komunikabideei dagokienez, ez dugu hango edo hemengo irudirik publikatu, ez gara hango edo hemengo ikuskizunean egon… Kafetxo batek alferkeriatan harrapatuko gintuen eta, benetako kazetari sena eta profesionaltasuna duen hori eguneko 24 orduetan baita kazetari eta beti dago prest…
Bestalde, eta irrati kate horretako kazetariak "lasaitzeko", badira egindakoa lan "ona" izan dela azpimarratzen dutenak. Baina, eta are gehiago, eta eskertzekoa dena, datuen berri eman, erreportaia posibleak proposatu edota gai ezberdinen inguruko interesa agertzen dutenak. Herri informazio "xumea" jorratzen saiatzen garenontzat ere badira horrelakoak, eta haien lankidetza benetan eskertzekoa da, herri informazioaren iturri zuzena eta protagonistak herritarrak direlako, hain zuzen.
Ez dira gutxi hori ulertu dutenak eta bai Urretxu eta Zumarraga zein beste herrietan arlo ezberdinen inguruko informazioa iritsiarazten diote herri aldizkari, egunkari, irrati edo telebistari: kultur ekitaldiren bat dela; kirol kronikak edota emaitzak direla; edozein motatako deialdiak; jardunaldiak; herritarrek herritik kanpo lortutako sari edo emaitzak, edo bere auzoan edota plazan ikusitako aldrebeskeriaren bat…
Izan ere, herrian, hemendik kanpo oihartzunik ez luketen gaiak baitira albiste, eta era berean kaleratzen saiatzen garenon lehengaia (Argiñanorentzat oliba olioa bezain garrantzitsua). Politikariak komunikabide honi edo hari emandako diru-laguntza mahai-gainean jarri eta aho bete jakinarazten duten bitartean (eta zenbaitek horrekin dena eginda dagoela pentsatzen dutenean), herritarrek ederki ulertu dute tokian tokiko komunikabidearen egitea zer den eta horretan dihardute, bertara joz eta elikatuz eta honekin, komunikabide benetan plurala eta anitza lortuz. Plurala, anitza eta guztiontzat irekia diot, oraindik ere ikasteko asko dudan arren, gero eta argiago baitut horixe dela zintzotasunetik gertuen lortu dezakeguna komunikabideez hitz egiten ari garenean. Objetibotasuna, laborategiko asmakizuna delako, eta ez delako existitzen…
Idoia Luzuriaga