Sanzek, beste askok bezala, eskola kirolari esker probatu zuen egun gustuko duen kirola. "10 bat urterekin hasi nintzen korrika egiten, eskola kirolean. Probatu, eta gustatu egin zitzaidanez, jarraitzea erabaki nuen".
Ordutik makina bat lasterketatan parte hartu du eta emaitza bikainak lortu ditu, gainera. "Denboraldi bakoitzean lasterketa asko izaten dira. Dezentetan lortu dut irabaztea edo podiumera igotzea. Iaz Euskadiko txapelketa irabazi nuen 5.000 eta 3.000 metrotan. Aurten, berriz, Lasarten jokatu den Euskadiko kros txapelketa irabazi dut", dio pozik.
Urretxuarra jubenil mailan dago eta lasterketa luzeenak 5.000 metro ingurukoak ditu. "Krosak ere luzera horretakoak izaten dira, gutxi gorabehera. Datorren urtean apur bat luzeagoak izango dira, baina pistan ez dut uste oraindik luzera handiagoetara pasako naizenik. Izan ere, hurrengoa 10.000 metrokoa da".
Sanzek denbora bikainak lortu ditu bere bi distantzia kuttunetan. Hala, 5.000 metroak 18 minutu eta 55 segundotan osatzea lortu du eta 3.000 metro 10 minutu eta 30 segundotan egin ditu.
Hala, ez da harritzekoa estatu mailan ere punta-puntan egotea. "Pistan, aurten parte hartuko dut lehenengoz Espainiako txapelketan. Krosean, berriz, bosgarren egin nuen martxoaren 25ean Melillan jokatu zen txapelketan".
Sailkapen bikain horri esker, apirilean Italian jokatu zen Europa mailako txapelketa batean izan zen. "Egia esan, ez nuen espero Espainiako txapelketan halako emaitza ona lortzea. Italian San Marinotik gertu izan ginen, Rimini izeneko toki batean. Oso gustura egon nintzen eta espero baino postu hobea lortu nuen".
Egindakoarekin pozik bada ere, etorkizunean emaitza hobeak lortzeko lanean ari da. "Migel Cristobalekin entrenatzen dut eta aurten oso gogor ari naiz. Astean sei egunetan entrenatzen dut eta egunean zazpi kilometro egiten ditut, gutxi gorabehera. Atletismoa asko gustatzen zait. Hori dela eta, egunero entrenatu beharra ez da neketsua".
Argi du mundu horretan jarraitu nahi duela. "Aurrera begira, maratoi erdiak-eta probatzea gustatuko litzaidake. Aldatzekotan, proba luzeagoetara aldatuko nuke".