Nolatan hasi zinen motor munduan?
Beti gustatu izan zait torlojo eta olio artean ibiltzea. Koadrilako gehienak parrandara joaten ziren bitartean, beste bat eta ni tailerrera edo lasterketak ikustera joaten ginen. La Sallen egin nituen oinarrizko ikasketak eta, ondoren, ez nuen ezer gehiago ikasteko gogorik. Lan egin nahi nuen. 14 urterekin Aitxurengana joan nintzen eta, urtebete beranduago, bi urteko mekanika, txapa eta pintura ikastaro bat egin nuen Legazpin. Ondoren, lanean hasi nintzen: 12 urte eman ditut Beasaingo Rover kontzesionarioan eta, orain, Bertanekoek Zumarragan ireki duten tailerrean ari naiz.
Lanetik kanpo kontu berean zabiltza.
Quad eta motocross lasterketak antolatu nituen Zumarragan, moto txikiena Geltokietako jaietan… Horretaz gain, hainbat lehiaketatan aritu naiz. Renault 5 Copa Turbo bat zuen gidari batekin Espainiako txapelketa egin nuen. Astebururo lasterketa genuen eta astero autoa desegiten genuen. Aurrekontu eskasa zuen eta utzi egin nuen. Aitor Zabaletarekin, berriz, sei bat urte daramatzat.
Nolatan hasi zinen berarekin?
Nire nagusi ohiak Bergaran lagun bat zuen eta berarenean egiten ziren Aitorren barketaren alineazioak. Gau batean bertara joan nintzen eta Aitor aurkeztu zidaten. Hizketan hasi ginen, afaltzera joan ginen… eta, pixkanaka, berari laguntzen hasi nintzen. Azkenean, lasterketa zuen bakoitzean, berarekin joaten hasi nintzen.
Ordura arte egindako lanarekiko ezberdina izango zen…
Zehaztasun handiz lan egin behar da. Auto batzuek orduko 120 kilometroko abiada hartzen dute Jaizkibel igotzen, Aitorren barketak, berriz, orduko 220 har dezake. Hori dela eta, akatsik txikienak istripua ekar dezake. Azken urteotan hiru istripu izan ditu eta horietako bakoitzean hamar milioi pezetatik gora kosta da autoa konpontzea.
Garestia da gero zuen kirola…
Gurpilek 300.000 pezeta balio dute eta lehia handia dagoenetan, Vilariñok lasterketa berean parte hartzen badu, itzuli bakoitzean aldatu egiten dira: 600.000 pezeta guztira. Lehen, Telefonica zuen babesle eta 60 milioi inguruko aurrekontua zuen. Orain, aurrekontu txikiagoa du eta lasterketa gutxiagotan parte hartzen du. Hala, Aitorri laguntzen diogunok, Inaxio txoferrak eta biok, atsegin dugulako ari gara honetan. Ez dugu deus kobratzen.
Euskal Herriko gidari onenetako batekin aritzea pozgarria izango da.
Copa Turbo autoarekin izan nintzen urtean, beste mekanikoen pare nengoen, erreklamazioren bat egiten nuenean epaileek ez zidaten kasurik egiten… Zabaletarekin joatea ez da gauza bera: antolatzaileak adeitsuagoak dira, gastuak ordaintzen dizkigute… Vilariño, ordea, ez du inork ikusi nahi: pertsona txar eta tranpati ospea du. Gure autoaren motorrak 20 urte ditu eta ez ditu ez trakzio kontrolik, ez kanbio sekuentzialik, ez ABSrik… Sekulako kolpeak ematen ditu. Vilariñorena, ordea, duela bost urteko Formula 1a da. 600 zaldi ditu, baina, hala ere, Aitor aurretik sailkatzen da batzuetan.
Auto zaharra izanik, zailagoa izango da ordezko piezak lortzea.
Auto klasikoa da, dagoeneko. Arrankatzen duenean oilo ipurdia jartzen zaigu. Lazpiur enpresak laguntza handia eskaintzen dio, zenbait pieza egiten baitizkio. Alineazioak Bergaran egiten dira, baina hemendik aurrera Zumarragan egitea espero dut. Bertanek ireki duen tailerrean lanean hasi naiz eta bertako makinak erabiltzea espero dut. Gainontzekoan, Italiara joan behar da, Lola etxera. Motorra urtean behin bertara bidaltzen dugu.
Zer nolako mekanikoa zara?
Nire ilusioa auto berezi samarrekin lan egiten duen tailer batean aritzea da. Orain, horietako batzuk ekartzen dizkidate eta pozik nago. Inguru honetan ez dago auto horiekin lan egiten duen tailerrik eta hori ere landu nahi dugu.
Nola heldu zara goi mailako autoekin eta klasikoekin lan egiteko gai izatera?
Batik bat, gogoa behar da. Mekaniko askori ez zaie eskuak zikintzea gustatzen. Piezak aldatzera mugatzen dira. Niri auto klasikoak asko gustatzen zaizkit, baina askok traste zaharrak direla diote. Auto horietan dago benetako mekanika, egungoetan dena elektronika baita. Niretzat horiekin aritzea da politena. Mercedes, BMW, Seat 124… berdin zait. Balio handiagoa ematen diet auto horiei besteei baino. Izan ere, auto zaharrak dituztenek horiek maite dituzte. Auto on bat edukitzeko, berriz, dirua edukitzearekin nahikoa da. Mundu hau maite dut. Bi enpresetan lan egiteko aukera izan dut, baina nahiago dut auto artean ibili muntaian lan egin baino. Auto bat konpontzea edo prestatzea, erronka da.
Lehiaketetan eta ekitaldi antolaketan luzaroan jarraitzeko asmoa al duzu?
Aitorri ez diot sekula dirurik eskatu. Dirua eta denbora galtzen dut, noizean behin emaztearekin hasarraldiren bat izaten dut… baina gustuko dut. Aitorrek uzten duenean, dagoeneko 44 urte ditu, beste zer edo zer egingo dut; ekitaldi gehiago antolatu-edo. Batzuek lan horrengatik zer edo zer irabazten dudala uste dute, baina telefono fakturak erakutsiko banitu… Hori gutxi balitz, geltokietako jaietan minimotoekin istripua izan zuen batek salaketa jarri digu. Azpimarratzekoa da Zumarragako Udalaren babesa, bai kontu honetan eta bai orain arte ekitaldiak antolatzeko egindako lanean. Aitorrek eta Londres hoteleko kudeatzaileak ere asko laguntzen didate, auto klasikoak ekartzeko orduan.
Auto hauek berriro ikusgai izango dira.
Urrian, auto klasikoen rally batek Zumarragan geldialdia egingo du. Donostiatik irtengo dira eta gauez helduko dira. 70 etorriko dira eta ordu pare batez plazan ikusgai izango dira. Beste herri batzuek ordaindu egiten dute halakoak lortzeagatik, baina doan etortzea lortu dugu.
Zer auto klasiko hartuko zenituzke?
Hiru: Lancia Delta Integrale, Renault 5 GT Turbo eta Seat 124. Egunen batean halakoren bat izango dut.
Mekaniko lanean, zein lehiaketa ezagutzea gustatuko litzaizuke?
Lur gaineko rallyak ezagutu nahi nituzke. Mendiko lasterketetan eta asfalto gaineko rallyetan aritu naizenez, hori bakarrik falta zait. Epsilon Euskadi taldeko mekanikoa izateko aukera izan nuen, baina familia alde batera uztea suposatuko luke.
Nolakoa da auto klasikoen eta lasterketen munduan dabilen jendea?
Oso jende berezia da. Lehiakortasun handia dago beraien artean eta ez diote batak besteari inongo informaziorik ematen. Aitorrek berak gurpilen presioaren berri ere ez emateko esan zidan. Gurpilen konpuestoa ezabatu egiten da. Aitor bera aldatu egiten da lasterketa garaian. Bestalde, babesle batzuek ez dute euren izena ateratzea nahi. Kirol hau maite dutelako soilik egiten dute.
Zaletasun handia al dago?
Sekulakoa, eta ez hemen bakarrik. Bergarara, Bilbo, Gasteiz, Santanderreko… jendea etortzen da. Arrateko proba elurpean ikusitakoa naiz!
Ez al zara sekula lehiatu?
Hastekotan izan nintzen, baina oso garestia da. Etxea ordaintzen ari bazara, ezinezkoa da. Legazpiko Arrolak urte asko eman ditu lehiatzen. Urte hauetan gastatu duen diruarekin udaletxea dagoen tokian txaleta izateko aukera izango lukeela esan zigun. Babesle handirik gabe, ez dago modurik. Autoen mundua atsegin dut, baina quad bat eta auto txukuna izatearekin, mekanikari lana egitearekin eta probak antolatzearekin nahikoa dut. Gainera, orain Gurutze Gorrian quadekin mendiko erreskate taldea sortu dugu. Beitia martxan, esaterako, lan handia izan genuen.
Formula 1aren arrakastarekin txundituta izango zarete…
Ez naiz Alonsozalea, De la Rosa zalea baizik. Alonso asko harrotu dela uste dut. De la Rosa askoz ere umilagoa da: sekula ez du bere taldearen lana ezagutzera eman, ez du inoiz beste pilotuez gaizki hitz egin… Aitor ere halakoa da: guztia ematen du. Ezkondu nintzen egunean, Leturiatik Mertzedariatara barketan eramango ninduen nahi izan banu!