Noiz arte bizi izan zinen Urretxun?
Duela 25 urte erabaki genuen Donostiara bizitzera etortzea. Hona etorri aurretik, emaztea eta biok Urretxuko Ikastolako irakasleak izan ginen eta, ondoren, nire ama zaintzen eman genituen urte batzuk. Gero Donostiara etortzea erabaki genuen, nire anaia ere hemen bizi baita aspalditik.
Zer egiten duzue Donostian?
Hona etorri ginenetik, emaztea Santo Tomas Lizeoa ikastolako irakaslea izan da eta ni, berriz, Ibai ikastolakoa. Duela gutxi jubilatu gara biok. Dena den, ikastola munduarekin harremana dugu oraindik. Izan ere, Easo abesbatzako presidentea urte askotan Santo Tomas Lizeokoa ere izan da.
Urretxurekin harremana al duzu?
Urtean behin, Santa Anastasia jaietan, joatea gustatzen zait. Urte batzuetan karroza desfileko epai mahaikide izan naiz. Txirimiri elkarteko lagunekin harreman handia dut oraindik. Aurten igandean eta astelehenean izan naiz: koadrilen egunean Txirimirikoekin bazkaldu nuen. Bestalde, mezatara joatea ere asko gustatzen zait. Abesbatza entzuteak sekulako oroitzapenak ekartzen dizkit, Urretxun, Don Santiagorekin, hasi bainintzen kantuan. Aurten Parisera egin zuten bidaiaren 50. urteurrena ospatu dute eta nire anaia ere joan zela esan beharra dut.
Nolatan abesten duzu Gregorianoa?
12 urterekin Lazkaoko seminariora joan nintzen eta orduan hasi nintzen. Duela 12 urte Easo abesbatzan Gregoriano taldea sortu genuen. Taldean Gipuzkoa osoko kideak gaude eta astero Lazkaora joaten gara entseiatzera. Izan ere, zuzendaria beneditarra da.
Nolatan abestu duzue Urretxun?
Dagoeneko ia Euskal Herriko herri guztietan abestu dugu. Hori dela eta, pena handia ematen zidan Urretxun abestu ez izanak. Aspaldian nenbilen horren atzetik eta azkenean lortu dut.
Urte askoren ondoren, Urretxuko parrokiako korura itzuli zara. Zer sentitu duzu?
Txikitan bizi izandako gauzak oroitzapenean gelditzen dira, betirako. Oso gustura abestu dut.