Min eman dit. Erraiak astindu dizkit. Barne ezlekuetara eraman nau, bidaia garratz-gozoan. Neure baitara bildu, goibeltasun eta urduritasun antzeko bat sentitu eta… Eta, halere, beste behin entzuteko beharra. Hunkitu egin nau. Eta zer besterik eska dakioke musikari, emozioetan eragiteko gaitasuna ez bada. Gal gintezke estiloen inguruko hitz aspertuetan, alferrik.
Hunkitzeko gaitasuna badu Lisabö-ren Ezlekuak (Bidehuts) lan berriak. Ez ote da nahikoa? Oilo ipurdia jartzeko modu ezberdinak egon litezke, hori bai. Oilo ipurdia jarri ohi zait Dut-en At diskoaren amorru doinuekin, edota Portishead-en Dummy-ren hegaldi goxoekin, Pixies-en Surfer Rosa-ren indar freskoarekin edota Maurizia eta Leonen alaitasun primitiboarekin. Oilo ipurdiarekin konforme ni. Konforme eta gustura.
Gorka Erostarbe