Urte guzti hauetan irabazitako ezaguera partekatu nahi nuke Zumarra.net web-orriaren bidez. Helburuak asko dira, hala nola: nire herritarrei iristen ez zaien informazioa helaraztea; udal administrazioaren hutsuneak agerian jartzea, konponbideak proposatzea, eta beste asko. Udalak ondo egindakoak ere aipatuko ditut, legezkoa den bezala.
Hala ere, egitasmo zabalagoa izatea nahi nuke nire toki hau. Ez bakarrik Udalaren inguruko gaiak aztertu, baizik eta herriko gauzak ere, nire herriko tokiak, pasadizoak, jendea… hoiek guztiak ekarri.
Nere herriaz ari naizenean, derrigorrez Urretxu ere zaku berean sartu behar, Zumarragan estropezu egin ezkero Urretxuko lurra jotzen baitu sudurrak. Bi administrazio ditugu, bi identitate historiko, baina azken finean herri bakarra gera.
Teknologiak egunero opari berriak ekartzen dizkigu eta internet abantailez josten: telebista, bideoak, audioa, argazki eta dokumentuen gordailuak, bilaketak egiteko baliabideak, eta abar luze bat. Guzti horietaz baliatuko naiz, web orri hau alik eta aberatsena izan dadin.
Hizkuntzaren aldetik, aukera berritzailea hartu dut: erdaldunak ere izango du zer irakurria. Albiste batzuetan ez du euskararen beharrik izango. Beste askotan berriz, euskaraz zabalago dagoen informazioaren egarriz geratuko da ezinbestean. Hurbileko gaiak diren aldetik, berari ere dagozkionak, euskararen premia sentituko du. Erdaldunek hain gutxitan sentitzen duten sentimendu mikatz hori; beharbada, euskera ikasteko bultzadatxo bat izan litekeena.
Egitasmo pertsonala dan aldetik, ezin ugaritasuna ziurtatu, baina ia egunero mokaduren bat izateko aukera izango dezuela, hori seguru.
Atea beti zabalik egongo da ta, sartu lasai barrura. Ongi etorri Zumarra.net era.
