
Egituraketa anitza
Hiru zutabetan oinarritzen da gaur egun Goierriko Hitza eta Goierritarra hamabostekaria argitaratzen dituen Goierriko Hedabideak enpresa. Euskarazko Komunikazio Taldeak eta euskara elkarteek osatzen dute %80. Hirugarren hanka gizarte eragileena da; edozein motako elkarte, kirol talde, klub eta soziedadek ateak irekita dituzte enpresako kide izateko, hasierako kuota jarriz ondoren barne eragile izateko. Gaur egun 15 elkarte daude.
Finantzaketari dagokionoez, pisu handiena harpidetzek izatea lortu nahi da, autofinantzazioari bide egiteko. Eskualdeko udalek diru laguntza ematen diote Ðgehienek biztanleko 2 euro, beste batzuek gutxiagoÐ. Proiektua sendotzen joateko muzin egin ezin dakiokeen arloa da, une honetan, erakunde publikoen laguntza.
Produktuak
HITZA. Gaur hiru urte bete dituen egunkaria Goierriko Hedabideen produktu bat da. Eguneroko maiztasunez ateraten da, astelehenetan izan ezik. Gaurkoekin guztira 6.704 informazio orri baino gehiago ditu argitaratuak, gehigarri, publikazio berezi eta aparteko agerkariez aparte.
'Goierritarra'. Azaroan 18 urte beteko dituen aldizkaria 2006ko urtarriletik da enpresako parte. Egunkariaren osagarri da, gaiak eta kazetaritza estilo zabalagoarekin lantzeko.www.goierrikohitza.info. Webgunea eskualdeko atari digitala da, albisteak on-line irakurtzeko aukera ematen du, herriz herri sailkatutako hemeroteka eskaintzeaz gain. Azken orduko berriak, unean uneko albisteak plazaratzeko leihoa da.
Erronkak
Aldaketa garaia aurki etorriko da Goierriko Hitzara, irakurleak laster sumatuko duen bezala. Informazioaren trataeran, itxuran eta teknologia berrietan etorriko da aldakuntza, irakurleen eta herritarren parte-hartzeari toki gehiago eginda. Bestetik, gizartean euskarak behar duen lekua lortzeko eragile gisa ere ezar
Joan-etorriko lana da HITZA
Orain dela hiru urte, Goierriko Hitza izango zenaren estreinako aurkezpena Beasainen egin zen egunak beste albiste bat ere eman zuen: Martin Ugalde hil zela. Euskarazko kazetaritzan, bai barrutik, bai kanpotik, pertsonaia handia izan zen; ez zuten pisu txikiagoa haren esanek. «Gutxiago hitz egin, gehiago egin» goiburuarekin laburtzen zuen langintza erraldoia. Paradoxikoa dirudi Hitza egiteko hitz gutxiago egin eta gehiago egin beharrak. Baina hala da. Hasierako hiru urte hauetan lana egin da, aurretik abian zegoenari jarraipena eta espazio eta denbora berria emanez.
Ibilian hasten den edonork bezala, Hitzak ere behar izan du denbora, jaiotzeko, pizteko, sendotzeko, gizartean txertatzeko. Plazaratzeko eginbeharra zen lehen urratsa, eskualdeko bizi-taupadak jaso eta berriz kalerako bidean jartzeko. Indartzea, finkatzea, egonkortzea gero, euskarazko informazioa hedatzeko oinarria lehen planoan kokatuta. Hiru urte hauek bide luzearen aurreneko eta ezinbesteko osagai izan dira.Goierriko berri egunero, txukun, azkar eta irakurgarri ematea da orain ere lana, eta izango aurrerantzean. Mundua eta bere erakusgarri den kazetaritza aldatuz doaz etengabe. Bide berriak eskatzen ditu gizarteak, teknologietara jauzi egitea behartzen du, pausoa bizkortzea. Egunkari baten biharamuneko albisteak ez direlako dagoeneko hain fresko eta eguneko. Abiada bizian doalako gizartea. Erronka handia dago hor, ikus-entzunezkoen indarrak egunkariaren formatu tradizionalarekin nola uztartu erabakitzekoa, asmatzekoa. Denbora-leku berriak aurkitzekoa.
Bidaiaren hasiera honetan bide-lagun ugari eduki eta behar izan du Hitzak. Herri ekimen gisa, goierritarren sustengua eta harrera berebizikoak suertatu dira. Harpidedunen beharrak asetzeko eta, horrenbestez, nahi hori kunplitzeko lanean dago geroa. Euskaraz informazioa eskaintzea, eskualdearen leihoa zabaltzea da berripaper honen egitekoa, baina guztiek parte izan behar dutela jakinda. 'Eskualdeko euskarazko egunkari' deituratik 'eskualdeko egunkari' soilik izatera iristea hizkuntzaren normalizazioaren osasun onaren seinale litzateke.
Asko geratzen da, ordea, aurretik. Baina egunero lan eta hitz eginez, Hitza eginez, errazago izango da. Goierrik eta goierritarrek lanean jarraitzen duten bitartean hor izango da Hitza ere.
Aimar Maiz (Goierriko Hitzako zuzendaria)