Bilatu
egin zaitez
  • Gure berri
  • Zozketak
  • Eskaintzak
  • Hemeroteka
Bilatu
  • Albisteak
    • Gaiak
      • Aisia
      • Ekonomia
      • Euskara
      • Gizartea
      • Hirigintza
      • Ingurumena
      • Jaiak
      • Kirola
      • Kultura
      • Politika
      • Udala
      • Orokorra
    • Herriak
      • Urretxu
      • Zumarraga
    • Generoak
      • Albisteak
      • Elkarrizketak
      • Erreportajeak
  • Multimedia
    • Argazkiak
    • Bideoak
  • Agenda
    • Hilabetea
    • Zerrenda
    • Agendan parte hartu
  • Aldizkariak
  • Gure atariak
    • Goierriko Hitza
    • Goiberri
    • Goierriko zerbitzuak
    • Iragarki
      laburrak
    • Hitza
  • Interesekoak
    • Hiztegiak
      • Hiztegia.net
      • Elhuyar hiztegia
      • Euskalterm banku terminologikoa
      • UZEI sinonimoak
      • Hiztegi Batua (Euskaltzaindia)
      • Orotariko Hiztegia (Euskaltzaindia)
      • Bostak bat hiztegia
      • Eusko Jaurlaritzaren itzultzaile automatikoa
      • Berria estilo
        liburua
      • ETC – egungo testuen corpusa
      • Hiztegiak gaika
    • Euskara Urretxu eta Zumarragan
  • Nor gara
  • Aniztasun politika
  • Argitalpen politika
  • Pribatutasun politika
  • Cookieak
egin zaitez
  • Gure berri
  • Zozketak
  • Eskaintzak
  • Hemeroteka
Orokorra

Bizitza osoa elkarrekin (130.alea)

Urretxu eta Zumarraga
2007/10/24
Otamotz
Juan Kruz Lasa eta Dolores Garmendia: “Elkarren kexarik ez dugu. Aberastasunik hadiena miserian egon ez izana da”

Juan Kruz Lasak eta Dolores Garmendiak aspalditik, umetatik, ezagutzen dute elkar. Izan ere, bata bestearengandik oso gertu bizi ziren: Juan Kruz Ezkioko Zela baserrikoa da eta Dolores, berriz, Zumarragako Saltsamendikoa. Baserri bakoitza mendi beraren sakon batean dago.
Oraindik haurrak zirela, Zumarragara edo etxera bidean topo egiten zuten askotan. Doloresek esnea saltzen zuen Zumarragan. Beranduago hasi ziren elkarrekin. "Honek panderoa jotzen zuen Atxurtzan Olarterekin eta han hasi ginen elkarrekin. Saltsamendin bi etxebizitza daude eta bestean neskamea zuten. Hark Atxurtzako erromerira joatea proposatu zidan gerra ondoren. Ez genekin bidea, baina Igartza baserrikoa ere lagun egin genuen eta hala joan ginen lehenengoz", dio Dolores Garmendiak.
Garai hartako gazteak kate motzean lotuta zeuden. "Ilunabarrean Antioko Felipak kanpaia jotzen zuen eta ordurako etxeratu beharra genuen. Jolasean deskuidatu ginela eta pixka batean ez jotzeko esaten genion. Etxera heldu eta zera esaten ziguten: Felipari nork esan dio kanpaia ez jotzeko? Gaur beranduago jo din?".
Halako batean, elkarrekin hasi ziren. Juan Kruzen arreba Doloresen laguna zen eta horrek ere zeresanik izan zuen. "Segituan maitemindu ginela uste dut. Lan handirik ez genuen izan eta gero ere ez dugu lanik izan. Oso ondo konpondu gara", aipatu du Doloresek.
Hala ere, hasiera batean, ez zen dena erraza izan. "Kontuz ibili behar! Ez zegoen heltzerik", dio Doloresek. "Bai, bai, heltzen genion elkarri", esan du Juan Kruzek. Gainera, gazteek ez zuten elkar ikusteko egun hainbeste askatasun. "Arratsaldean irtengo al gara? Ez dakit, gure etxean lana egongo da. Esnea saltzera etortzen nintzen eta bere arreba erosketak egitera. Hari esaten nion Juan Kruzekin ateratzerik nuen edo ez", azaldu du emazteak. "Orduan, belarra edo garia, beti zegoen zer edo zer egiteko", jarraitu du senarrak.
Hori gutxi balitz, Doloresen etxean ez zuten batere ondo hartu Juan Kruzekin hasi izana. "Etxekoak berehala konturatzen ziren zertan ari ginen… Zer, mutil horrekin ibili behar al dun?, galdetu zidan aitak. Bai, erantzun nion. Ikusiko dinau. Etxean neskazahar egotea nahiago izango zuen, beharbada. Ez genuen segituan alde egin… 26 urte beteta nituen ezkondu nintzenerako".
Azkenean, berak nahi zuen mutilarekin ezkondu zen. "21 urte bete nituenean esan nion aitari nahi nuenarekin ezkonduko nintzela. Garai hartan 21 urterekin lortzen zen adin nagusitasuna eta ez zuela niri agintzerik esan nion".
Juan Kruz ondo moldatzen zen bere emaztearen aitarekin, nahiz eta hasieran ez zion berarekin ezkontzeak grazia handirik egiten. "Aitarekin, anaiarekin… denekin ondo moldatzen nintzen. Bere anaia Pako, niretzako ere anaia modukoa da", dio.
Bikote gaztea Eitzagan jarri zen bizi-tzen. "Errentan geunden eta garestia zen oso. Antio hiribidean bizi ginen. Hamaika urte eman genituen bertan. Eitzagako eskola garai hartan egin zuten eta guk ere zer edo zer ordaindu genuen hura egiteko. Orduan ere etxebizitza erostea ez zen erraza. Garai hartan Antio hiribideko etxeak berriak ziren, baina oso gaizki egon ginen. Izan ere, beheko solairuan jarri ginen eta hezetasun handia zegoen", azaldu du Doloresek.
Duela 42 urte Bidezarrera joan ziren eta bertan bizi dira ordutik. "Eli alaba txikia zen eta han ezin genuela jarraitu erabaki genuen. Etxe hau egin eta berehala etorri ginen". Doloresek esan bezala, orduan ere ez zen erraza etxebizitza erostea. Zorionez, biek etxetik kanpo lan egiten zuten. Doloresek hiru etxetan lan egin zuen 25 urtetan eta Juan Kruzek Patrizio Etxeberrian eman zituen urte gehienak.
Elkarrekin igarotako urte hauek guztiak "onak" izan direla diote. Doloresek azaldu du zergatia. "Elkarren kexarik ez dugu. Aberastasunik handiena, miserian egon ez izana da. Sobran ere ez dugu izan, etxea guk ordaindu baikenuen. Alabari ikasketak eman genizkion… Zoriontsu bizi izan gara".
Zer egin behar da bizitza osoa pertsona berarekin eta zoriontsu emateko? "Ai! Anttonek (bilobak) horixe bera galdetu zidan behin. Bata bestea errespetatu
behar da. Gu ere haserretzen gara, e! Jenio oso bizia dut, baina gizona eramaten jakin dut. Gizona normalean emakumea baino zakarragoa da. Haserretzen naizenean sukaldetik alde egiten dut eta gero isil-isilik itzultzen naiz", dio Doloresek.
Emakumeei, gainera, ez zaie senarrekin haserretzeko arrazoirik falta. "Kanpoan lan egiten nuen, baina etxeko lanak ere egin behar nituen. Berak fabrikan lan egin eta kitto. Gauzak aldatu egin dira, baina guk ez genuen laguntzarik. Senarra tabernan eta emaztea etxean lanean. Dena den, emaztea harrotzen bada gauzak okertu egiten dira. Ez da azpian egon behar, senarra berak nahi duen tokira eramaten jakin baizik".
Hala, Juan Kruzi lagunekin kalean ibil-tzea gustatzen zitzaion arren, Dolores ez zen etxean gelditzen. "Larunbatetan eta igandetan elkarrekin ateratzen ginen. Antiora joaten ginen. Bestalde, udan 15 egun ematen genituen Urbiako aterpean. Aurten ere joan gara. A zer nolako parrandak egiten genituen Azkoititik eta Azpeititik etortzen zen jendearekin eta soinujoleekin!", oroitzen du.
Dolores emakume azkarra da eta gehienetan bere inguruko gizonezkoek berak esana egitea lortu du. Juan Kruzekin ezkondu zen, hasieran aita alde ez bazegoen ere, eta Eitzagatik Bidezarrera jaitsi ziren, senarrak nahi ez bazuen ere. "Korta tabernan ibiltzen zen eta ez zuen behera etorri nahi izan. Busca Sagastizabal kaleko etxeak eta Bidezarreko hauek batera egin zituzten, haiek erdia balio zuten eta ez genuen dirurik. Asko haserretu ginen, baina ez nuen amore eman. Egunero, lanera joateko, kalera lau aldiz joan behar nintzela eta egunen batean nire etxea nahi nuela esan nion. Eskolara gutxi joan naiz, baina beti aurrera egin dut. Etxea 260.000 pezetatan erosi genuen, baina ordaintzen hasi eta bi hilabetera milioi erdi balio zuen. Horrela ere ez zen baretu senarra! Zuk uste baino lehen ordainduko dut nik etxea, esan nion. 10 urtetan ordaintzeko eskatu genuen dirua, baina bostetan ordaindu genuen. Dirua senarrak gordetzen zuen, baina aurrezki kutxara eramateko behar nuela esaten nion. Zorra kitatutakoan, nahi zuena egiteko", aipatu du Doloresek.
Senarra eta emaztea ezberdinak dira. Juan Kruz Lasak taberna eta bertso giroa atsegin ditu. Luzio Gabiriak Galeperran antolatutako bertso txapelketetan sariren bat irabazi zuen. Soldadutza Lazkao Txikirekin egin zuen eta lagun minak izan ziren. Poliklinikan hilzorian zenean, bertsoa abestu zion. Lazkao Txikiri buruzko liburu batean Juan Kruzek hari kontatutako txiste ba-tzuk ere ageri dira.
Emazteak galarazi zion bertsotan jarraitzea. "Umearekin bakarrik geldi-tzen nintzen eta biona zela esan nion. Astegunetan lagunekin egoten zela eta asteburuetan nirekin egon behar zela. Izan ere, bertsotara ez ezik, Reala ikustera ere joaten zen".

Orain 79 eta 82 urte dituzte eta egun osoa dute elkarrekin egoteko. "Senarrak goizean bueltatxoa ematen du. Ni beranduago jaikitzen naiz eta alabarengana joaten naiz. Senarrak nahiago du lagun batekin txikito pare bat hartu eta berak prestatzen du bere bazkaria. Iluntzerako beti elkarrekin gaude. Udan Urbiara joaten dira oraindik. Uztailean, berriz, Santo Domingo de la Calzadara joaten gara. Alabak esan zigun beti toki berera ez joateko… Dena den, ni asko ibilitakoa naiz. Senarrak nahiago zuen etxean gelditu eta ni bainuetxetara-eta joaten nintzen. Beti egiten nuen lagunen bat. Ez naiz sekula koldarra izan eta horrek asko balio izan dit. Erroman ere izan naiz! Alde horretatik nahiko modernoak izan gara biok. Lan asko egin dut, baina asko bizitakoa eta gozatutakoa naiz. Biok irekiak gara".
Euren burua aurrerakoitzat duten arren, egungo bikoteak ezberdinak direla uste dute. "Gure alabaren etxekoa ikusita, bikote harremanek hobera egin dutela uste dut. Dena den, banantzen diren horiek ez dakit zertan dabiltzan. Batak besteari ez dio errespeturik. Ez dute elkar ulertzen. Elkarrekin bizitzera joateko erabakia hartuz gero, elkarri entzun eta errespetatu behar da. Esfortzu horrek merezi du. Ezkondu aurretik ikusi nuen gero zer zetorren. Ordura arte baino hobeto bizitzea espero nuen eta ehun aldiz hobeto bizi izan naiz. Lan asko egin dut, baina bere orduetan eta jai egunekin", dio Doloresek.

Nikolas Etxaniz eta Nati Urrestarazu: “Ostegun eta igande arratsaldeetan bakarrik ateratzen ginen"

Nikolas Etxaniz azkoitiarra da jaiotzez eta Nati Urrestarazu emaztea, berriz, nafarra. Etxaniz urte eta erdirekin ekarri zuten Urretxura. Bere ama alargun gelditu zen, hamahiru seme-alabekin, eta lan bila etorri zen. Lehenengo Iparragirre kalean bizi izan ziren eta gero Eitzagara joan ziren. Nikolas bertan bizi izan zen ezkondu zen arte. Gazte-gaztetan morroi lanetan hasi zen eta gero Patrizion lan egin zuen, erretiratu zen arte.
Nati Urrestarazu Urdiainen jaio zen eta lau urterekin Urretxura ekarri zuten. Familia gerratik ihesi etorri zen. Aparizio auzuneko etxe batean bizi izan zen. Senarrarekin ere han jarri zen, bidali zituzten arte. Eraikin hura egun auto denda dagoen tokian zegoen. “Alokairuan geunden eta mugituta zegoelako konpondu egin behar zutela esan zuten, baina gu bidali gintuzten eta ez zuten konpondu”, oroitzen du. “Gainera, konpontzeagatik milioi erdi pezeta kobratu nahi ziguten eta gero errenta igo behar ziguten”. Hori guztia ikusirik, Nikolas eta Nati Iparragirre kale amaierara joan ziren eta bertan bizi dira duela 30 urtetik hona.
Natik 15 bat urte zituen Nikolas ezagutu zuenean. Senarrak berak baino lau urte gehiago ditu: egun 77 eta 73 urte dituzte. Ia 60 urte daramatzate elkarrekin, beraz. Natik ondo oroitzen ditu garai bateko kontuak. “Ostegun eta igande arratsaldeetan bakarrik ateratzen ginen. Orduan ez zegoen dantzatokirik eta halakorik. Ostegunetan paseatu egiten genuen eta igandeetan bandarekin dantza egiten genuen. Ez dakit zer ikusi nion. Dantzan eta halakoetan hasi ginen eta… Ez zitzaidan gaizki erori nonbait. Bera izan da bakarra!”.
Garai hartan ez zen bikotez egun bezain errez aldatzen… “Egunero ateateratzen dira eta beti elkarrekin ibiltzen dira. Gehiegi. Gero, batzuk, ezkondu eta urtebete ere ez dute pasatzen elkarrekin… Ez dakit oraingoak gure horren ezberdinak diren edo zer arraio. Gure garaian ez zegoen halakorik, baina ez zaigu horren gaizki joan. Bikote harremanean gorabeherak izaten dira, baina ondo moldatu gara”.
Natiren gurasoek ere ondo hartu zuten Nikolas. Baita azken honen anaia-arrebek Nati ere. Izan ere, ama ere gazte joan zitzaien. Aurten bete dira 50 urte ezkondu zirenetik. “Urretxuko parrokian ezkondu ginen eta urrezko ezteiak ere bertan ospatu ditugu”, dio emazteak. Aipatu bezala, Nikolasek Patrizion lan egin zuen. Nati, berriz, etxekoandrea zen. Horretaz gain, josi egiten zuen. “Bolada batean dezente ibili nintzen, baina bost seme-alaba izanda, etxeko lanarekin nahikoa nuen”.
Nati Urrestarazuk argi du zer behar den bikote berberarekin bizitza osoa emateko. “Pazientzia handia behar da. Batak bestea agoantatzen jakin behar du. Neurrian haserretu behar da, gehiegi estutu gabe”.
Soldata bakarrarekin bost seme-alaba aurrera atera zituztela ikusita, noizean behin estutzeko arrazoirik izango zuten; baina gozatzeko tartea ere hartzen zuten. “Urtean behin lagunekin bazkal-tzera joaten nintzen Donostiara. Behin loteria hartu genuen eta zortzirentzako hamar milioi pezeta tokatu zitzaigun. Etxea ordaintzeko ondo etorri zitzaigun! Gainontzekoan, senitartekoekin, Santa Barbarara joateko edo bazkariak egiteko ohitura genuen. Santa Barbarara igandero joaten ginen, bazkaltzera. Ondo pasatu dugu”, aipatu du Nati Urrestarazuk.
Bizitza osoa pertsona batekin ematea merezi duela uste du. “Niri ondo joan zait. Beste batzuei, ez dakit. Denetik egongo da. Gure etxean ez da banan-tzerik izan eta hobe hala. Izan ere, haurrak tartean direnean, penagarria da. Batzuei beti pertsona berarekin egotea harrigarria iruditzen zaie, baina guk hori ikusi dugu. Gure eredua hartzeko esaten diet”, dio Natik.
Azkenaldian senarra pattal samar du. “Lau bat urte izango direla gaixo dela eta 50. urteurrenera helduko ez zen beldur ginen. Gogorra izan da, ospitalean denbora asko eman baitugu. Gaixotu aurretik igandero kanpora joaten ginen eguna pasatzera: Donostiara, Zarautzera, Urbiara… Asko ibili gara. Orain seme-alabei ondo bizi direla esaten die eta eurek bera ere ondo ibilitakoa dela erantzuten diote. Ez bagenu ezer egin, penaz izango ginen. Ahal izan dugun bitartean, ordea, asko gozatu dugu. Senarra gazte erretiratu zen, gainera. Baratzera ere egunero joaten zen. Orain, berriz, bidegorrian ibiltzen gara. Urteek ez dute barkatzen…”.

Pedro Areizaga eta Mikaela Agirre: “Bizitza osoa pertsona berarekin emateak merezi du, baina zaila da beti bake-bakean egotea eta pazientzia behar da”

60 urte baino gehiago pasatu dira Pedro Areizagak eta Mikaela Agirrek elkar ezagutu zutenetik. Biak 1924an jaioak dira. Areizaga urretxuarra da, Etxaburu baserrikoa, eta Agirre Leitzakoa da. Bigarrena lanera etorri zen Zumarragara, Juanito Igartuaren tabernara. Areizaga tabernara joaten zen, "orain baino gehiago", eta bertan ezagutu zuen elkar.
Handik hilabete batzuetara hasi ziren elkarrekin irteten. 21 urte zituzten orduan. Ondo gogoratzen dute nolakoa zen orduko ezkongaien martxa. "Buelta batzuk eman eta etxera!", dio Mikaelak. "Garai haietan ezin zen tabernetan sartu", jarraitu du. Dantzaldiak behintzat izaten ziren. "Bai Zumarragan, bai Urretxun, musika banda zegoen. Zumarragakoak hiru pieza jotzen zituenean Urretxura joaten ginen eta alderantziz", oroitzen du Pedrok.
Bost urte eman zituzten paseatzen eta dantza egiten. Euren nobio garaia ez zen erraza izan, Mikaela Leitzara itzuli baitzen gurasoen etxera. "Ez zegoen gaur egun bezainbeste autobus eta tren. Andoainen Plazaolako trena har-tzen zuen niregana etortzeko. Astean behin? Hamabostean edo hilean behin!", dio.
Pedrok hiru bat urte eman zituen Leitzara joan-etorrian. Elkar maite zuten seinale… "Beste asko ere gu bezala ibiltzen ziren, e! Orduan ez zegoen bizikletarik ez motorrik… Garai hartan gogorra zen mutil laguna kanpokoa izatea", aipatu du Mikaelak.
Ezkondu zirenean Urretxura joan ziren bizitzera, Grupo San Sebastian delakora. Duela 23 bat urte, berriz, Zumarragako Urdaneta kalera joan ziren. Beloki pilotalekuaren ondoan dagoen etxera. Lehenago, Urretxun, bost seme-alaba izan zituzten.
Pedrok ez zuen Urretxutik Zumarragara joateko gogo handirik. "Etxe hau eginda zegoen eta bigarren solairuan gure iloba bat bizi zen. Garai hartan Urretxukoen eta Zumarragakoen artean liskar handiagoak zeuden eta hona etortzeko beldur nintzen, semearengatik batez ere. Bi herrietan alde batetik bestera pasatzen ez ziren koadrilak zeuden", gogoratzen du.
Emazteak, berriz, etxez aldatzeko gogo handia zuen eta berdin zitzaion Zumarragara joatea. Bere bertsioa eta senarrarena ez datoz guztiz bat… "Gure etxean eguzkiak gutxi ematen zuen eta hezetasun handia izaten zen. Ez nuen han bizitzen jarraitu nahi eta honek raskazielosean erosi nahi zuen etxea. Hara joan? Ezta pentsatu ere!, esan nion". Orduko hartan behintzat, emaztea  nagusitu zen.
Senarra urretxuarra du, baina beldurrik gabe mintzo da urretxuarren eta zumarragarren arteko aldeez. "Zumarragakoak serioagoak dira eta urretxuarrak dibertitzeko prest daude beti. Garai batean Zumarraga dotoreagoa zen. Puska batean, Urretxu oso gaizki egon zen".
Bizitzera Zumarragara joan ziren, baina lana beti Urretxun egin zuen Pedrok. 18 urtez Madayan aritu zen eta gero tailerra ireki zuen hilerri ondoan. 65 urterekin erretiratu zen eta ordutik bikoteak elkarrekin egoteko denbora gehiago du, noski. Euren bizimodua ez da asko aldatu, ordea. "Leitzara joatea eta bertan denboralditxo bat pasatzea gustatu izan zaigu beti", dio Mikaelak. Etxea dute bertan. "Gertu dago Leitza, e! Orain arte autoan joan izan gara, baina hilabete honetan senarrak gidatzeari utzi dio. Urte asko ditugu, agiria berri-tzea tokatzen zitzaion eta autoa bilobari eman diogu".
Beste bikote batzuk ez bezala, elkarrekin ibili izan dira beti. "Umeak genituenean, umeekin, eta koxkortu zirenean, bakarrik. Pixka bat ateratzea gustatzen zitzaigun. Igandetan Gabiriara, Itsasora, Santa Barbarara… joaten ginen", diote.
Nola lortzen ote da, ordea, horrenbeste urte elkarrekin egotea? Urte hauetan guztietan "batzuetan haserre eta besteetan bakean" egon direla dio Mikaelak txantxetan. "Zaila da beti bake-bakean egotea. Egun emakumeek eta gizonek irabazten dute soldata eta errazago banantzen dira. Lehen emaztea etxean egotea zen arruntena". Pedrok "mugarik gabeko" pazientzia eta borondatea behar direla dio.
Elkar ondo ezagutzen dutela pentsa daiteke, baina Mikaelak ez du horren argi. "Ez dakit ba gehiegi ezagutzen dugun elkar…", dio barrez. Pedro ez da iritzi berekoa. "60 urte elkarrekin eman eta gero…". Emazteaz zer iritzi duen, nola ikusten duen, esatera ere ausartu da. "Niretzako, ona", aipatu du labur baina argi. "Nik ere hala esan beharko dut orduan…", dio Mikaelak.
Senarrak aldatu egin dela onartu du. "Gaztetan tabernan asko egoten ginen eta orain ezin egon bertan!". "Honi ez zaio gustatzen eta niri, berriz, asko. Kafetegira joatea gustatzen zait. Lagunek senarra eramateko esaten didate, baina taberna giroa ez zaiola batere gustatzen eta niri uzten didan bitartean ez zaidala inporta esaten diet", aipatu du emazteak.
Pedrok nahiago du paseatzera joan. "8.00etan jaiki eta erosketak egiten ditut. Gero buelta bat ematea joaten naiz, 11.00ak arte. Etxera itzultzen naiz eta hamarretakoa egiten dut. Etxean beti egoten da zer egin. Ondoren, bazkaldu egiten dut. Bazkalostean telebista pixka bat ikusten dugu eta bueltatxo bat ematen dugu", azaldu du. "Gabiria aldeko bideetan ibiltzen gara. Gero, kafe bat hartu eta etxera", jarraitu du Mikaelak.
Ohera ez dira oso berandu joaten. "Euskaldun telediarioa ikusi eta ohera joaten naiz". Mikaela apur bat beranduago oheratzen da. "Seme-alaba guztiei 22.00ak bitartean jaikita egoten naizela eta lasai deitzeko esana diet. Dena den, gauean ez du ondo lo egiten eta batzuetan telebista ikustera jaikitzen naiz", azaldu du.
Eurek bizitza ia osoa elkarrekin daramaten arren, banantzea erabakitzen dutenak ulertzen dituzte. "Bakoitzak bere bizimodua eramaten du eta… Urretxu eta Zumarraga txikiagoak zirenean gehiago kritikatzen zen, baina orain jendea ez da lehen bezainbeste kezkatzen ondokoarengatik", dio Mikaelak.
Bakoitzak nahi duena egin dezala, baina eurek bizitza osoa pertsona berarekin emateak merezi duela uste dute. "Gure garaiko asko daude gu bezala. Merezi du, baina pazientzia eduki behar da. Separazioen kontua duela 20 bat urte hasi zen. Gure etxean bakarra tokatu da. Beste batzuk egin dute eta zer egingo dugu… Ezin ba hari esan elkarrekin jarraitu behar dutela", aipatu du Mikaelak. "Gu motzean ohitutakoak gara eta oraingoak luzean, nahi dutena egiten. Garai haietan eskutik helduta ibiltzea bekatua zen eta gaur, berriz… Aurreko batean eserleku batean jarri ginen eta alboko gazteak elkar jan beharrean hasi ziren", jarraitu du Pedro Areizagak. "Goazen hemendik, esan nion senarrari. Orain gauzak naturaltasun handiagoarekin egiten dira. Garai batean lotsa eta kritikak zeuden", amaitu du Mikaela Agirrek.


Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.

Egin HITZAkide

Azken 7 egunetako irakurrienak

1

'Skandelli' eta bere lagunen festa

2025/07/13
Urretxu eta Zumarraga
2

Salvador Soriano eta bere 'astokarabana', Urretxu-Zumarragan

2025/07/14
Urretxu eta Zumarraga
3

Santa Anastasia jaietako egitarauko azala, Julen Izagirrerena

2025/07/11
Urretxu
4

Barrika lasterketa, geltokietako jaietako berrikuntza nagusia

2025/07/10
Urretxu eta Zumarraga
5

Urola Eskubaloi Klubak bere eguna ospatu du

2025/07/12
Urretxu eta Zumarraga
6

Asier Auzmendik eta Eneko Salvadorrek irabazi dute geltokietako jaietako barrika lehiaketa

2025/07/13
Urretxu eta Zumarraga
  • Goierriko Hitza
  • 943 72 34 08
  • goierri@hitza.eus
  • Iparragirre, 11 20700 – URRETXU
  • Nor gara
  • Aniztasun politika
  • Argitalpen politika
  • Pribatutasun politika
  • Cookieak
Babesleak:
Hasi saioa HITZAkide gisa

Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.

HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA

Zure kontua ongi sortu da.

Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.

Sartutako datuak ez dira zuzenak.
Zure kontua berretsi gabe dago.
 
 
 
(Pasahitza ahaztu duzu?)
 
 
SARTU
 
Pasahitz berria ezarri da eta zure helbide elektronikora bidali da.
Sartutako datuak ez dira zuzenak.
 
(Identifikatu)
 
 
 
 
BIDALI
 

Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea

HITZAkide izan nahi dut
Aldatu zure pasahitza
Pasa hitza ondo aldatu da.
 
 
 
 
 
 
 
Aldatu
 
Oraindik ez zara HITZAkide?

Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaraz modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako, zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.

Gainera, BERRIAlaguna bazara eta HITZAkide egiten bazara, katilu bat oparituko dizugu:

Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea

HITZAkide izan nahi dut

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko.Onartu
Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu hemen.

Privacy & Cookies Policy

Privacy Overview

This website uses cookies to improve your experience while you navigate through the website. Out of these cookies, the cookies that are categorized as necessary are stored on your browser as they are essential for the working of basic functionalities of the website. We also use third-party cookies that help us analyze and understand how you use this website. These cookies will be stored in your browser only with your consent. You also have the option to opt-out of these cookies. But opting out of some of these cookies may have an effect on your browsing experience.
Necessary
Always Enabled
Necessary cookies are absolutely essential for the website to function properly. This category only includes cookies that ensures basic functionalities and security features of the website. These cookies do not store any personal information.
Non-necessary
Any cookies that may not be particularly necessary for the website to function and is used specifically to collect user personal data via analytics, ads, other embedded contents are termed as non-necessary cookies. It is mandatory to procure user consent prior to running these cookies on your website.
SAVE & ACCEPT