
Gehien gustatzen zaidan kirola da, baina gainontzeko guztiak ere gustukoak ditut. Jarduera berriak probatzea gustatzen zait, baina futbolean moldatzen naiz hobekien.
Hala izanik, azkar eta ondo hasiko zinen futbolean.
Lehen ostikadak mutikotan eman nituen eta, tokatu zenean, Urolara joan nintzen. Dena den, berandu hazi nintzen eta lagunak ni baino indartsuagoak ziren.
Atzelari postuan jokatu al duzu beti?
Umetan zelai erdian jokatzen nuen eta jubenil garaian ezkerreko hegalean. Ondo moldatzen nintzen eta gustukoa nuen. Gero zelai erdian jokatu nuen eta azkenik zentral postuan. Askok amaitzen dugu hor, jokoa suntsitzen… Hegalean ere gustura jokatuko nuke. Zelai erdian aritzea, ordea, zaila iruditzen zait.
Urolaren lehen taldera heldu zinenerako jokalari zaildua zinen.
Jubenil taldean nintzenean futbola utzi nuen ikasketengatik. Donostiara joan nintzen ikastera eta han zer edo zer aurkituko nuela uste nuen. EHUren futbol taldea oso itxia da eta ez nuen bertan jokatzerik izan. Lagunekin besterik ez nuen jokatzen, hondartzako txapelketetan eta antzerakoetan. Halako batean, Urolak bigarren taldea atera behar zuela esan zidaten eta bigarren urtean bertan jokatzea erabaki nuen. Erregionaleko bigarren mailatik lehenengora igo ginen. Gero, lehen taldean hasi nintzen: hirugarren mailan.
Barakaldon ere izan zinen.
Urola hirugarren mailatik jaitsi ondoren izan zen. Denboraldi aldrebesa izan zen. Entrenatzaile aldaketa egon zen, Zeziaga etorri zen, eta Urola atzealdetik seigarrena-edo gelditu zen. Normalean lau bat jaisten ziren, baina urte hartan gehiago jaitsi ziren. Dirudienez, Durangoko taldearen entrenatzaileari nire jokoa gustatu zitzaion. Barakaldora joan zen eta ni eraman ninduen. Fitxaketa arraroa izan zen, baina Bigarren B mailara pausoa emateko balio izan zidan.
Zer moduzko esperientzia izan zen?
Oso urte polita izan zen, baina berezia eta eroa. Donostian lan egiten nuen, Unibertsitatean. Lau lagun joaten ginen Gipuzkoatik Barakaldora entrenatzera, egunero: Migel de Luz zumarragarra, Gorka Barral oiartzuarra, Jose Mari San Sebastian Donosti hernaniarra eta ni. Donosti oso xelebrea zen. Bere furgonetan joaten ginen Barakaldora. Denetik gertatu zitzaigun, istripua ere izan genuen, baina oso oroitzapen onak ditut. Gainera, ligan lehenengoak sailkatu ginen. Igoera fasea jokatzen ari ginela lesionatu egin nintzen eta ez zidaten kontratua berritu. Huelvako Recreativo igo zen, egun Lehen Mailan dagoen taldea.
Asko jokatu al zenuen urte hartan?
Ez gehiegi. Han ezagutu nuen partidak aulkitik ikustea zer den. Ordezkook Errege Kopa jokatu genuen eta Osasunaren aurka aritu ginen. Etxean irabazi egin genion. Denboraldiak aurrera joan ahala, gehiago jokatu nuen. Deportivoren eta Espanyolen bigarren taldeen aurka aritu nintzela oroitzen dut. Gero bosgarren metatartsoko hezurra hautsi nuen. Deituko zidatela esan zidaten, baina oraindik zain nago.
Nora joan zinen?
Beasainen zentralak behar zituzten eta presidenteak deitu zidan. Oraindik igeltsua nuen fitxatu nindutenean. Pello Gibelalde oso presidente ona zen eta oso harreman ona izan genuen. Lau urte egon nintzen Beasainen, jaitsi ginen arte. Bizkarreko min handia nuen eta futbola utzi nuen. Urte eta erdian ez nuen jokatu. Gero zazpiko futbolean hasi nintzen.
Nolatan itzuli zara Urolara?
Badira bi edo hiru urte Urolako arduradunek taldera itzultzeko aukera eskaini zidatela. Hori dela eta, astean behin eurekin entrenatzen nuen. Iñaki Aranzadi entrenatzaileak ere jokatzen hasteko gogoa zuen. Federazioak ez dio aldi berean entrenatzaile eta jokalari izaten utzi eta, azkenean, ni naiz beteranoena. Egia esan, ez nuen batere garbi. Izan ere, aurre-denboraldiak oso gogorrak dira eta bizkarrak nahikoa dela esango zidala uste nuen. Oraingoz ondo nabil. Horretarako, zaindu beharra dut eta besteek baino gutxiago entrenatzen dut.
Zein da zuen helburua?
Taldearen helburu nagusia Preferente mailara igotzea da. Egia esan, aurre-denboraldian maila horretako taldeen aurka jokatu genuen eta ez dago alde handirik euren eta gure artean. Talde polita dugun arren, igotzea zaila da. Duela gutxi primei buruz hitz egin dugu eta halakorik ez dugula esan behar da. Arropa garbitzen digute, hori da gure saria. Bestalde, urteroko txangoa ordainduko digute mailaz igotzen badugu.
Taldeko zuzendaritzakoek esan al dizute zugandik zer nahi duten?
Gazte jendeari esperientzia eskaintzea nahi dute. Ahal badugu ondo eta bestela ere bai. Lotura handirik ez diot jarri neure buruari. Nik futbolean bizi izan dudana entzun nahi duenak horretarako aukera izango du. Entzun nahi ez duenak, ez du entzungo. Nire taldekideei zer irakatsi izango dut, baina beraiengandik zer ikasi ere bai. Futbolaz dena dakiela uste duena, gaizki dabil. Nik garai bat ezagutu nuen eta nire kideek beste bat.
Zer moduz hasi duzue denboraldia?
Talde polita dugu. Gauzak ondo doaz eta halakoetan giroa hobea izaten da. Iñaki Aranzadi entrenatzaileak sekula ezagutu duen talderik politenetakoa dela esan zuen aurkezpen egunean. Zailena ordezkoa izatea da eta orain arte rol hori jokatu dutenek ere primeran bete dute. Jende asko ez nuen ezagutzen eta beste batzuk ere itzuli egin dira: Xabier Ormazabal, Jon Plazaola… Ni naiz seme-alabak dituen bakarra eta nire bizimodua besteenarekin alderatuz ezberdina da, baina ondo moldatu naiz.
Zure taldekide batzuek zuk baino 15 urte gutxiago dituzte. Ez al zizun horrek beldur apur bat ematen?
Jendeak nigandik espero zezakeenari beldur handiagoa nion. Beste talde batzuetan aritu naizelako, beteranoagoa naizelako… jendeak nigandik gehiegi espero izatearen beldur nintzen. Niretzat besteentzat baino zailagoa da hau guztia. 34 urte ditut! Nagitasuna ere nabaritu dut. Noizean behin 20 minutu korrika egitea ondo dago, baina astean hirutan entrenamendu gogorrak egitea beste gauza bat da. Gazteek gorputzari buelta azkarrago ematen diotela ikustea gogorra da. Aurre-denboraldia gogorra izan da: oporretan korrika egitera eta gimnasiora joan behar izan dut…
Futbolak alde gogorra ere badu, beraz.
Jende asko ez da horretaz konturatzen. Ronaldinho beti sasoian dagoela uste dute eta ez da hala. Hark ere prestatu beharra du. Guk gehiago oraindik. Gainera, futbolean serio jokatu gabe horrenbeste denbora eman ondoren, gorputza nagituta zegoen. Oraindik ez nago sasoian eta ez dakit egongo naizen ere.
Dena den, titular hasi zara.
Hiru zentral gara. Ordezko izateak ez nau kezkatzen eta horretarako prestatuta nago. Hamaikakoan jartzen banaute ahal dudana egingo dut eta aldaketa eskatu behar bada, eskatu egingo dut.
Zer esan dizute ingurukoek?
Nire orain arteko taldekideek, Knauf-Decoraciones Nuñez taldeko beteranoek, zoratuta nagoela esan didate. Kontuz ibiltzeko ere esan didate, gorputza ez dagoela jada halakoetarako. Kaleko jendeak animuak eman dizkit. Poztu egin dira, Urolak fitxaketa ona egin balu bezala. Gertukoek ez zuten begi onez ikusi, baina konpondu dugu.
Orain arte Urolan, Barakaldon eta Beasainen aritu zara. Non ibili zara gustuen?
Ni Urolakoa naiz. Urolak hezkuntza eskaini dit eta bertan eman ditut urte gehien. Barakaldon emandako denboraldia oso polita izan zen eta Beasainen emandako lau urteak ere ezin ditut ahaztu.
Zenbat partida jokatu dituzu?
Urola partida gehien jokatu dituena Iñaki Aranzadi da. Nik zenbat jokatu ditudan ez dakit. Infantil mailan hasi nintzen, jubenil mailako taldean jokatu nuen, Hirugarren Mailan lauzpabost urtetan aritu nintzen, Bigarren Erregionalean beste bat… Zenbat gol sartu ditudan ere ez dakit… gutxi! Denbora asko neraman sartu gabe eta denboraldi hasieran bat sartu nuen.
Ba al dago bereziki gogoratzen duzu une pozgarriren bat?
Beasainekin Realaren aurka jokatutako Kopa kanporaketa. Etxean jokatu genuen, Santa Lutzi egunean. Garai hartan zinegotzia nintzen eta Udal ordezkariok bazkaria izan genuen. Arratsaldean bi eta bat irabazi genion Realari. Egun hartan ez nuen ohera joateko gogorik. Herrira itzuli eta festan murgildu nintzen.
Zein da futbolean bizi izan duzun unerik mikatzena?
Okerrena lesioak dira. Bosgarren metatartsoa Riazor zelaian hautsi nuen Barakaldorekin. Markagailuan hiru eta hiru… eta lau minutu falta ziren partida bukatzeko. Jarraitu egin nuen eta korner batean laugarrena sartu genuen ia. A Coruñatik Barakaldora hezurra hautsita itzuli nintzen, autobusez. Goizean joan nintzen ospitalera eta igeltsua jarri zidaten. Okerrena lesioak dira, baina jaitsierak ere gogorrak dira. Zelaia burumakur uztea ez da batere gozoa.
Igoeraren bat ere ezagutu duzu…
Erregional mailako bigarrengotik lehenengora. Oso polita izan zen. Azken partidan kapitain izan nintzen. Alde Zaharra taldearen aurka jokatu genuen eta, kopa eman zidatenean, beste taldeko jokalariek altxatu egin ninduten. Argazkia gordeta dut.
Asko aldatu al da futbola urte hauetan guztietan?
Futbola ez. Argixaoko harmailak duen itxura, berriz, bai. Asteazkenero munduko talde onenak ikusteko aukera dugu eta geroz eta zailagoa da Urola ikustera joatea. Gazteak aldatu egin direla esaten dugu askotan. Heldu heinean, egungo gazteak gure ezberdinak direla uste dugu, egungoek egiten dituzten gauzak ez genituela egiten, beste balore batzuk dituztela… Beharbada, lehen sakrifizio ahalmen handiagoa eta taldearekin lotura handiagoa zegoen. Balore horiek egungo gazteei pasatzerik badut, ondo. Dena den, kontuan izan behar da guk Hirugarren Mailan jokatzen genuela eta horrek lotura handiagoa suposatzen duela.
Aldagelara sartu eta ondoan gazteak ikusten dituzunean, zure gaztaroaz oroitzen al zara?
Entrenatzaileak 1988tik hona jaiotakoengatik galdetu zuen. 1988an jaiotako ume batek futbola zer den jakiterik ez duela pentsatu nuen. Ordurako 16 urte nituen! Jubenil mailako taldetik igo diren gazte isilak ikusten ditudanean, lehen taldearekin hasi nintzeneko garaiak oroitzen ditut. Lehengo batean kadete mailakoak begira-begira genituen. Guretzat ere lehen taldea helmuga zen. Ez zait halako gauzetan pentsatzea gustatzen, zahartu garen seinale baitira.
Zein izan da urte hauetan guztietan gehien markatu zaituen taldekidea?
Inguruko guztiek eskaini didate zer edo zer: umorea, seriotasuna, teknika… Bestalde, Realeko Zamora gustatu izan zait beti. Oraingoen artean, Ronaldinho izugarria iruditzen zait. Kirol profesionala nolako alaitasunarekin bizi duen ikustea pozgarria da. Jendeak futbolean gozatu egiten dela uste du, baina ez da beti hala. Zenbat eta gorago, orduan eta gutxiago gozatzen da. Lana da, irabazi egin behar da eta hala zaila da gozatzea.
Luzaroan jarraitzeko asmoa al duzu?
Semearekin talde berean jokatu nahi nuke, baina ez da posible izango. Denboraldi honetan bakarrik pentsatzen dut. Ez da komeni urrutira begiratzea, ez dakit gorputzak nola erantzungo didan eta seme-alabekin egon nahi dut.
